Realak amaitu berri du entrenamendua. Intza Egiguren jokalaria (Anoeta, Gipuzkoa, 2005) pauso sendoz gerturatu da kazetariarengana. Denboraldi bikaina egiten ari da, eta zelaian ez ezik kanpoan ere nabari da. Gozatzen ari da bere jardunarekin, baina batez ere taldearenarekin. Txuri-urdinek eskura dute Txapeldunen Ligarako sailkatzea. «Ametsa da hori niretzat. Are gehiago kontuan hartuta orain taldekide ditudanekin batera hasi nintzela ni Realean».
Gaur Tenerifek Granadan galtzen badu, igandean lehen aukera izango duzue Txapeldunen Ligarako sailkapena ziurtatzeko. Nola zaudete?
Gogotsu eta ilusioz gaude, lehen aukera izan dezakegulako sailkapen hori ziurtatzeko. Sasoi hasieran gure helburua ez zen Txapeldunen Ligarako sailkatzea, baina egin dugun lan onari esker eskura dugu aukera hori, eta zenbat eta lehenago ziurtatu hobe. Guretzat handia litzateke datorren denboraldian Txapeldunen Ligan jokatzea. Klubaren hazkundean beste urrats bat izango litzateke.
Zer traza hartzen diozu Granadaren eta Teneriferen arteko partidari?
Tenerife aurkari zaila da. Bai jokoan bai emaitzetan segida izaten ari da. Baina Granada talde gogorra da, etxean are gehiago. Gainera, denboraldi amaiera bikaina egiten ari da. Lehia handiko partida espero dut; edozer gerta daiteke.
Haiek lehenago jokatzeak mesede egiten dizuela uste duzu?
Nik, behintzat, nahiago dut hala izatea. Izan ere, gure partidako egoera aldatu egiten da. Haiek irabazten badute, egiten duguna eginda ere, gutxienez hurrengo jardunaldira arte itxaron beharko dugu sailkatzea lortzeko. Bestela, igande honetan bertan eskura izango dugu.
Emaitza aldekoa izanda ere, zuek irabazi egin beharko duzue helburua lortzeko. Riazorren jokatuko duzue, Deportivoren aurka. Haiek bete dute mailari eusteko helburua. Nolako neurketa izango da?
Partida lehiatua izango da. Haiek eroso aritzen dira etxean, eta talde arriskutsua dira. Gu bezala, baloiaren jabe direnean erosoago aritzen dira. Beraz, arlo horretan hoberen moldatzen den taldeak asko izango du irabazia. Baloia ez dugunean, ondo egon behar dugu kokatuta, ahalik eta azkarren berreskuratzeko. Gainera, zenbat eta gorago berreskuratu, hobeto.
Zeintzuk izan dira zure ustez hain denboraldi ona egiteko gakoak?
Erasoan zein defentsan oreka izan dugu. Erasoan gol aukera ugari sortu ditugu, eta asmatu ere asko asmatu dugu. Defentsako lana ere ona izan da. Baina nire ustez taldearen batasuna izan da hain denboraldi ona egiteko gakoa. Jokalari berri ugari etorri ziren sasoi hasieran, eta ordutik asko lagundu diogu elkarri, bai zelaian bai zelaitik kanpo. Beteranoen eskarmentuarekin eta gazteen ausardiarekin nahasketa polita egin dugu. Arturo [Ruiz entrenatzailea] ere berria zen. Jokalari guztiok garrantzitsu sentiarazi gaitu, eta argi izan dugu bakoitzak taldeari zer eman diezaiokeen. Hasiera-hasieratik sinetsi dugu hark partida bakoitzerako proposatutako planean. Gainera, partida guk nahi genuen bidetik ez zihoanean, erremintak eman dizkigu horretara egokitzeko. Taldeak horretarako gaitasuna izan du.
Datuen artean bada esanguratsua den bat: denboraldi osoan ez dituzue bi partida segidan galdu. Zer ondorio ateratzen duzu horretatik?
Psikologikoki taldeak aurrerapauso bat eman duela denboraldi honetan. Aurreko sasoian gertatutakoa ikasgai handia izan zen horretarako. Emaitza txarren bat izan dugunean, gai izan gara berehala buelta emateko.
Hala ere, izango zen momentu txarren bat, ezta?
Bai. Urtea luzea da, lan asko dago atzean, eta beti daude halakoak. Bat esan beharko banu, Levante Badalonak Kopan kanporatu gintuen eguna izango litzateke. Etxean jokatuta, bagenuen itxaropena finalerdietarako sailkatzeko, eta kolpea izan zen ez lortzea. Ez ginen ondo aritu. Baina handik hiru egunera berriro jokatu genuen haien aurka Ligan. Irabazi egin genuen, eta horrek indar handia eman zigun.
«Ikasteko denboraldia izango zela uste nuen. Baina espero baino gehiago jokatzeak patxada eta konfiantza eman dit nire onena erakusteko»
Zuretzat ere denboraldi garrantzitsua izaten ari da. Aurreneko sasoia da lehen taldearen dortsala duzula, eta aukera asko izan dituzu jokatzeko: 23 neurketatan izan zara zelaian, hiru gol sartu dituzu eta taldekideei bi pase eman dizkiezu gola sartzeko. Espero zenuen halakorik?
Egia esan, ez. Ikasteko denboraldia izango zela uste nuen. Baina espero baino gehiago jokatzeak patxada eta konfiantza eman dit nire onena erakusteko. Entrenamendu eta partida guztiak ikasgai handia izan dira, eta, neure buruarekin oso exijentea izan arren, neurrian jarri diot presioa.
Zertan uste duzu egin duzula urratsik handiena?
Lehiatzen ikasi dut, eta Lehen Mailan jokoak duen erritmora egokitu naiz. Horrekin batera, baloirik gabe hobeto moldatzen naiz. Hori beti kostatu izan zait, eta arlo horretan hobeto sumatu dut neure burua.
Taldeak behin lortu du orain arte Txapeldunen Ligarako sailkatzea. 2021-2022ko denboraldian. Zer duzu gogoan sasoi hartaz?
Ni Realaren harrobian hasi nintzen urtea izan zen. Gogoan dut askotan etortzen nintzela Zubietara. Izugarri disfrutatu nuen talde harekin, ausart jokatzen baitzuen, erasoan beti. Bayern Munichen aurka Anoetan jokatu zuten partidan ere egon nintzen. Ederra izan zen.
Zuretzat zer izango litzateke Realarekin Txapeldunen Ligan aritzea?
Amets bat betetzea. Are gehiago kontuan hartuta taldekide ditudan askorekin batera hasi nintzela ni Realean jokatzen.