Munduko Kopa: debekuak, dirua eta kutsadura

Bihar hasiko da AEBek, Mexikok eta Kanadak antolatuko Munduko Kopa. Trumpek ezarritako debekuek, sarreren prezioak eta txapelketak iraun bitartean izango diren karbono dioxido isuriek kezka sortu dute.

Donald Trump eta Gianni Infantino. ANNABELLE GORDON / EFE
Gianni Infantino Munduko Munduko Kopako garaikurra Donald Trumpi erakusten. ANNABELLE GORDON / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko ekainaren 10a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trump AEBetako presidentearen politikek munduaren ordena kolokan jarria duten honetan hasiko da futboleko gizonezkoen Munduko Kopa, bihar, eta, lehen aldiz, hiru herrialdek antolatu dute txapelketa: AEBek, Kanadak eta Mexikok. Hain zuzen ere, Trumpek migrazio arloan jarritako debekuek eragina izango dute hainbat selekzioren iritsieran; are gehiago, Iranek Mexikon izan beharko du egoitza, partida jokatzeko bisa eman baitiete soilik. Ikusteko dago zer gertatuko den Trumpek debekua ezarri dien herrialdeetako zaleekin. FIFAk Trumpen irudia eta politikak zuritu ditu, eta poltsikoak are gehiago beteko ditu. Izan ere, inoizko Munduko Koparik luzeena antolatu du. Sarreren prezioa, txapelketak eragingo duen kutsadura eta, batez ere, giza eskubideen urraketak izateko arriskua dira kezka iturri. 

Debekuak: Iran eta beste hainbat

Otsailaren 28an AEBek Irani eraso egin eta gero, hauxe izan da Munduko Koparen inguruan izan den zalantza nagusia: parte hartuko al du Iranek txapelketan? Batzuetan ezetz zirudien, besteetan baietz. Trumpek ez zuen nahi, eta, besteak beste, zera proposatu zuen: Italiak parte hartzea —italiarrak kanpoan geratu ziren kanporaketetan, eta, hirugarrenez segidan, ez dira txapelketan izango—. Iranek parte hartzea nahi zuen FIFAk, baina aldi berean, Trump zuritzeko joerari jarraituz, ez zuen AEBetako presidentearen nahiaren kontra egin nahi. Azkenerako, Iranek parte hartuko du, baina Trumpek ezarritako baldintzetan. 

Hala, nahiz eta multzoen faseko hiru partidak AEBetan jokatuko dituen, txapelketak iraun bitartean Mexikon izango du egoitza; Tijuanan, hain zuzen. Izan ere, AEBek debekatu egin diote egoitza Arizonan izatea. Horrenbestez, hegazkina hartu beharko du partida guztiak jokatzeko, eta partida amaituta Tijuanara itzuli. Irango jokalariek ezingo dute norgehiagoka jokatutako lekuan lo egin. AEBek eman dien bisa partidak jokatzeko da. Ostegunean jaso zituzten bisak, eta denera 70 pertsonak osatu zuten selekzioaren multzoa. Baina horietatik hamabostek ez dute jaso AEBetara bidaiatzeko baimena. Beraz, Mexikon geratu beharko dute. 

Bestalde, Omar Abdulkadir Artan futbol epaile somaliarrari AEBetan sartzea debekatu zioten atzo, eta, horrenbestez, ezin izango du partidarik zuzendu. Aduana zerbitzuek erabaki hori hartu dute, argudiatuta «arazoak» izan dituztela epaile horren «aurrekariak egiaztatzeko orduan». FIFAk baieztatu du Artanek ez duela lehiarik zuzenduko, eta federazioari ez dagokiola herrialde baten migrazio prozesuetan esku hartzea. «Gobernuek erabakitzen dute bisa nori eman», adierazi du ohar batean. 34 urte ditu Artanek, eta Afrikako Futbol Federazioak kontinenteko epailerik onena izendatu zuen iaz. Munduko Kopan aritzeko hautatutako 52 epaileetako bat da. Ciise Aden Abshir Somaliako Gazteen Arloko Ministerioaren aholkulariaren arabera, Artanek bazuen AEBetara sartu ahal izateko bisa, baina sarbidea ukatu zioten Miamiko aireportuan (AEB), joan den larunbatean. Kontuan hartu behar da Donald Trump herrialdeko presidenteak AEBetara sartzea debekatu diela 39 herrialdetako herritarrei. Hain zuzen, Somalia da herrialde horietako bat.  

Bestalde, Aymen Hussein Irakeko aurrelaria zazpi orduz eduki zuten atxikita herenegun Chicagoko aireportuan. Nahiz eta bisa eduki, migrazio arduradunek galdetegi zorrotza egin zioten: «Gaizkile bat banintz bezala tratatu naute», salatu zuen. Azkenean, sartzen utzi zioten Husseini; ez, ordea, selekzioko argazkilari ofizialari. Hura ere galdekatu zuten, eta Irakera itzuli behar izan du. Senegalgo eta Uzbekistango ordezkariei ere kontrol gogorra egin zieten iritsi zirenean. Lur hartu, eta pistan bertan egin zizkieten kontrolak, eta maletak irekiarazi. 

Ikusteko dago Trumpek ezarritako debekuek nola eragiten dieten zaleei. «Jendea etor dadila Munduko Kopa ikustera, baina ahalik eta azkarren joan dadila», esan zuen duela egun gutxi Trumpek, irribarrez. Human Rights Watch erakundea kezkatuta agertu da horregatik, eta FIFAri eskatu dio neurriak har ditzala «pertsona guztien eskubideak bermatzeko eta polizia gehiegikeriarik ez izateko».

Trumpen eta FIFAren harremana: dirua atzean

FIFA beti egon da botere politiko eta ekonomikoari lotuta. Hala, hasieratik beretik zuritu du Trump. Abenduan izan zen horren adibiderik argiena. Munduko Kopako zozketa aprobetxatuz, Gianni Infantino Etxe Zurian izan zen, eta txapelketaren garaikurra eskaini zion Trumpi. Horrez gain, Trumpek jaso zuen FIFAk ematen duen Bakearen saria: «Israelen eta Gazaren arteko su etena indarrean sartzeko egindako ekarpenagatik». Gainera, Infantinok AEBetako presidentearen politiken alde egin izan du. 

Trumpek adierazi izan du Munduko Kopa antolatzea «aukera nabarmena» dela herrialdeari bultzada ekonomiko bat emateko. FIFAk emandako datuen arabera, txapelketak 30.000 milioi dolar emango ditu, eta 200.000 lanpostu sortu. Diru kopuru hori handitzeko, besteak beste, FIFAk inoizko Munduko Koparik luzeena antolatu du, 48 selekzio egongo dira, aurreko zazpi aldietan baino hamasei gehiago. 

Sarreren salmenta da diru iturrietako bat. Harrabotsa sortu dute prezioek. Multzoen faseko merkeenek 51 euroko balio dute, baina oso gutxi dira halakoak. Garestienek 518 euro balio dute. Finalekoak, berriz, 9.500 eurorainokoak dira. New Yorkeko fiskalak ikerketa zabaldu du.

Kutsadura: isuri gehien eragiten duen txapelketa

Txapelketa hiru herrialdetan jokatuko denez, selekzioek ohi baino joan-etorri gehiago egin beharko dituzte. Horrek ondorioak izango ditu ingurumenean. New Weather institutuak egindako ikerketaren arabera, txapelketak iraungo duen egunetan 9.000 tona karbono dioxido isuriko dira. Hala, txapelketa batek inoiz eragin duen kutsadurarik handiena eragingo du. Hegaldiengatik izango da hori, batez ere. Aurreko Munduko Txapelketekin alderatuz, %160 eta %325 artean handituko da berotegi efektuko gasen isuria. Guztira hamasei egoitza ditu Munduko Kopak: horietatik 11 AEBetan daude, hiru Mexikon eta bi Kanadan. Elkarrengandik urrutien dauden egoitzak Vancouver eta Miami dira. Batetik bestera 5.600 kilometro daude. 

AEBen, Mexikoren eta Kanadaren arteko harremana

Berriki Kanadak eskaera egin duen arren hiru herrialdeen arteko harremanak arautzen dituen ituna berritzeko, harreman horiek ez daude onenean Trump bigarrenez agintera iritsi zenetik.

Urte hasieran, adibidez, Trumpek Kanadari mehatxu egin zion %100eko muga zergak ezarriko zizkiola merkataritza harremanak edukiz gero Txinarekin. Horrekin batera, behin baino gehiagotan esan du gustatuko litzaiokeela Kanada AEBetako 51. estatua izatea. Energian eta turismo gaietan ere oso ikuspegi desberdinak dituzte hiru herrialdeek, eta AEBen politikek tirabirak sortu dituzte Kanadaren eta Mexikoren artean ere. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE