Omar Abdulkadir Artan futbol epaile somaliarrari AEBetan sartzea debekatu diote, eta, horrenbestez, ezin izango du partidarik zuzendu ostegunetik aurrera herrialde horretan, Mexikon eta Kanadan jokatzekoa den Munduko Kopan. Aduana zerbitzuek erabaki hori hartu dute, argudiatuta «arazoak» izan dituztela epaile horren «aurrekariak egiaztatzeko orduan». Hori kaleratu zuten atzo gauean AEBetako zenbait hedabidek, iturri ofizialak aipatuz.
Koparen antolatzaile FIFAk baieztatu du Artanek ez duela lehiarik zuzenduko, eta federazioari ez dagokiola herrialde baten migrazio prozesuetan esku hartzea. «FIFAren beste egitasmo batzuetan gertatu bezala, gobernuek erabakitzen dute bisa nori eman, nori uzten dioten herrialde batean sartzen», adierazi du ohar batean.
34 urte ditu Artanek, eta kontinenteko epailerik onena izendatu zuen iaz Afrikako Futbol Federazioak. Munduko Kopan aritzeko hautatutako 52 epaileetako bat da. Ciise Aden Abshir Somaliako Gazteria Ministerioaren aholkulariak esan dio AFP France-Press berri agentziari erabakiak «zulatu» egiten duela futbolak «berdintasunarekin, joko garbiaren espirituarekin eta merezimenduekin duen konpromisoa». Nabarmendu du, bide batez, «futbol komunitateak» elkartasuna adierazi beharko liokeela. FIFAk, baina, beste aldera begiratu du.
Iturri horren arabera, Artanek bazuen AEBetara sartu ahal izateko bisa, baina sarbidea ukatu zioten Miamiko aireportuan (AEB), joan den larunbatean. Kontuan hartu behar da Donald Trump herrialdeko presidenteak AEBetara sartzea debekatu diela 39 herrialdetako herritarrei. Herrialde horietako bat da, hain zuzen, Somalia.