Muniain: «Banoa San Lorenzotik, eta erretiroa hartzea da aukeretako bat»

Athleticeko jokalari ohiak hamar hilabetez jokatu du Argentinako taldean, eta datozen egunetan erabakiko du zer egingo duen etorkizunean.

Iker Muniain gaur eman duen agerraldian. ADAN GONZALEZ / EFE
Iker Muniain gaur eman duen agerraldian. ADAN GONZALEZ / EFE
ainara arratibel gascon
2025eko ekainaren 20a
19:28
Entzun 00:00:0000:00:00

Iker Muniainek iragarri du ez duela San Lorenzon jarraituko, eta buruan dituen aukeretako bat erretiroa hartzea dela. «Gauza asko esan dira azken egunetan. Baina denbora gehiago hartuko dut hausnartzeko. Dena den, lehen aldia da horretan pentsatu dudala, eta aukera hor dago».

San Lorenzon hamar hilabete egin ditu. Berez, abendura arte zuen kontratua Argentinako taldearekin «Agur esateko ordua iritsi da. Garai eta egoera zailak bizi izan ditugu, baina zoragarria izan da esperientzia. Berezia izan da, polita. Asko hausnartutako erabakia izan da. Ez da erraza taldekideak, zaleak eta abar agurtzea. Banoa, baina nire bihotzaren zati bat hemen geratuko da».

Zaleen «maitasuna eta errespetua» daramatzala nabarmendu du. «Bai garai txarretan eta bai onetan, hor egon dira, bultzatzen. Oso une hunkigarriak bizi izan ditut, eta beti gogoratuko ditut». Kirol ikuspegia kontuan hartuta, ondorengo hausnarketa egin du: «Hasieratik esan nuen hona etortzea erronka handi bat zela. Ez nintzen denbora-pasa etorri. Argentinako futbola oso gogorra da, eta ahalik eta azkarren egokitzen saiatu nintzen. Aurreko denboraldia ez genuen nahi bezala amaitu, baina, denboraldi honetan, hobeto ari da taldea. Behar duten guztirako hemen izango naute».

San Lorenzoko zaleek besoak zabalik hartu zuten Muniain hasieratik, eta aldagelan ere harrera bikaina izan zuen. Kapitainetako bat izan da, eta taldeko liderretako bat. Besteak beste, duela aste batzuk salatu zuen hilabeteak zeramatzatela kobratu gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.