Municheko alkate Dieter Reiterrek gogor jo du UEFAren aurka, horrek debekatu ostean hiriko Allianz Arena estadioa ostadarraren koloreekin argiztatzea, Hungariako Gobernuaren homofobiaren aurkako protesta keinu gisa.
Bihar jokatuko dute estadio horretan Alemaniak eta Hungariak.
«Lotsaturik nago UEFAk Munichi debekatu diolako kosmopolitismo, tolerantzia, errespetu eta LGTBIQ komunitateko pertsona askorekiko elkartasun keinu bat egitea», esan du Reiterrek, hiriko udaletxearen patioan emaniko prentsaurreko labur batean. Horrez gain, Alemaniako Futbol Federazioarekin ere penatuta dagoela adierazi du, ez delako gauza izan UEFAren erabakian eragiteko.
Edonola ere, erronkari eutsi dio hiri agintariak. «Argi ohartarazi nahi diogu Hungariari eta munduari Munichen ez dugula amore emango». Eta iragarri du udaletxea ostadar koloredun banderarekin apainduko dutela, estadiotik gertuko beste eraikin bat koloreokin argiztatuko dutela, eta baita Olinpiar Dorrea ere. Azken hori hiriko eraikinik garaiena da, 291 metrokoa.
«Ez diogu UEFAri zentsuratzen utziko guk, hemen, Munichen munduari esan nahi izatea berdintasunaren alde gaudela, sexu nortasunaren autodeterminazioaren alde eta gizakien arteko elkartasunaren alde. Hala egiten dugu gaur, eta hala egingo dugu etorkizunean ere, UEFAk esaten duenari jaramonik egin gabe».
Kazetariek galdetu diote zergatik ez dion muzin egiten UEFAren aginduari, eta estadioa argitzen. Erantzun duenez, kirol eraikina ez da udalarena, eta derrigorrez bete behar du UEFArekin duen kontratua.
Alemaniako hainbat estadiok iragarri dute beren eraikinak ostadarraren kolorez argiztatuko dituztela.
Bavariako gobernuburu Markus Soederrek «pena» adierazi du Twitterren UEFAren erabakiarengatik. «Oso keinu polita izango zen tolerantziaren eta askatasunaren alde. Gogor egin behar diegu aurre bazterkeriari eta diskriminazioari».
Schade, dass die Münchner Arena nicht in Regenbogenfarben leuchten darf. Das wäre ein sehr gutes Zeichen für Toleranz und Freiheit gewesen. Wir müssen uns stark machen gegen Ausgrenzung und Diskriminierung. #euro2020#UEFAhttps://t.co/i43elPj6mU
— Markus Söder (@Markus_Soeder) June 22, 2021
UEFAk erabakia argudiatzeko mezuan esan du ulertzen duela proposamenaren atzean dagoen asmoa, baina baztertu egin behar duela «testuinguru politikoa» duelako. UEFAk Munichi proposatu dio estadioa ostadarrez argiztatzeko ekainaren 28an, Christopher Street egunaren harira. New Yorkeko gay komunitateak Stonewall tabernaren inguruan eginiko matxinada gogoratzen da egun horretan. Allianz Arenak ohitura du egun horretan ostadarraren koloreak pizteko.
Frantzian ere bai
Frantziako Europako Gaietarako ministrorde Clement Beaunek ere UEFAren erabakia gaitzetsi du: «Mezu politikoaz harago gaude. Gure balio sakonen inguruko mezua da, ez alderdi bateko proposamena». Gaineratu duenez, Frantzian ere pentsatzen ari dira estadioak ostadar kolorez argiztatzea Eurokopa jokatzen den bitartean.
Municheko Udalak harturiko erabakiari jarraikiz, hiriko alkate Reiterek gutun bana bidali zien asteburuan UEFAko presidente Aleksander Ceferini eta Alemaniako Futbol Federazioko presidenteorde Rainer Kochi, esateko bihar Allianz Arena estadioa ostadarraren kolorez argiztatu nahi zuela. Horren bidez, «berdintasunaren eta tolerantziaren» aldeko keinua babesteko eskatu zien alkateak bi agintariei.
Reiterrek gutunean gogorarazi zien joan zen astean Hungariako Legebiltzarrak debekatu egin zuela gazteei homosexualitatearen eta transexualitatearen inguruko informazioa ematea, lege baten bidez. Alkatearen arabera, erabakia transfoboa da, eta Europako Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Kartaren aurkakoa.
«Mesedez eskatzen dizuet, beraz, baimena emateko Arena ostadarraren koloreekin argiztatzeko partidaren egunean, balio berberak partekatzen ditugula adierazteko zeinu ikusgarria bidaltzeko».
Orban Hungariako presidente izendatu zuten 2010. urtean. Hainbat egitasmo bultzatu ditu LGTBI herritarrei giza eskubideak ukatzeko, «balore kristauekin bat» ez datozelakoan. Hungarian izugarri egin dute atzera LGTBI eskubideetan azken urteotan. 1960. urtean utzi zioten han homosexualitatea zigortzeari. Baina, iaz, trans jendea legez onartzeari utzi zioten, eta, aurten, LGTBIren inguruko «eduki positibo» oro zentsuratzea onartu dute, filmetan, telebistan, liburuetan edo bestelako ekintza publikoetan.
Ostadar besokoa bai
Asteburuan aztergai eduki du UEFAk Alemaniako selekzioko kapitain Manuel Neuerrek Frantziaren eta Portugalen aurkako Eurokopako partidetan eraman duen ostadar koloreko besokoaren afera. Berez, «ikur politikoak» eramatea debekatzen du arautegiak, baina UEFAk igandean erabaki zuen Neurreren aurkako neurririk ez hartzea, politikoa ez delakoan. «UEFAk aztertu du jokalariak eramandako besokoa», adierazi zuen erakundeak ohar batean, «eta, kausa on baten aldekoa dela ikusita, hau da, aniztasunaren aldekoa, ez da zigor prozedurarik egongo».
Beraz, Neurrek LGTBI kolektiboko herritarren eskubideen aldeko ikurra eraman ahalko du bihar.
UEFAk badu Hungaria bere agendan, bestela ere. Ikerketak zabaldu ditu jakiteko Hungariako eta Frantziako selekzioen arteko partidan zale hungariarrek Kylian Mbappe eta Karim Benzemaren aurkako irain arrazistak egin ote zituzten. Hainbat lekukoren arabera, hainbat zalek tximinoen oihuak egin zituzten Mbappek baloia ukitzen zuen bakoitzean. Benzemaren aurkako irainak ez dituzte zehaztu.
Horrez gain, aztertzen ari dira larunbatean Hungaria eta Portugalen arteko partidan irain homofoboak egin ote zizkioten Cristiano Ronaldori.
LGTBI bandera, Municheko Allianz Arenako kornerretako batean, aurtengo urtarrilaren 30an, Awschwitz askatu zuten egunaren urteurrena gogoratzeko.Adam Pretty / POOL / EFE