Ezkurdia 20-22 Murua

Murua finalaurrekoetara, ezustekoa emanda

Arrasatekoak nahikoa zuen hogei tanto egitearekin, baina irabazi egin dio Ezkurdiari, eta txapelketan segituko du. Zabalaren aurka jokatuko du finalerdia datorren astean.

Ander Murua, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Ander Murua, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko azaroaren 1a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lau eta Erdiko Txapelketak badu aurtengo protagonista: Ander Murua. Arrasateko pilotariak Ezkurdiari irabazi dio Lizarran (Nafarroa), eta finalaurrekoetara sailkatzea lortu du; nahikoa zuen hogei tanto egitearekin, baina eguna biribildu du eta 20-22 gailendu da. Datorren igandean Javier Zabalarekin neurtuko ditu indarrak Gasteizko Ogeta pilotalekuan.

Partida oso parekatua izan da. Bi pilotariek sekulako abiada eman diote pilotari, eta tantoa amaitzen fin ibili dira bata zein bestea. Muruak plazagizona dela erakutsi du: zentzuz jokatu du uneoro, asko arriskatuz, eta eskuinez pilota jotzeko aukera izan duenero zoratu egin du Ezkurdia. Pilota ezkerrez jo behar izan duenean, berriz, erosoago aritu da beteranoa. 

Ezkurdiak gehienez ere 22-19 irabaz zezakeen sailkatzeko, eta tantoek aurrera egin ahala geroz eta urduriago jarri da. Muruak horixe baliatu du partidaren azken zatian errentatxoa hartu eta hogeigarren tantora iristeko (17-20).

Arrasatekoa finalaurrekoetara sailkatu da lehen mailako Lau eta Erdiko Txapelketa jokatu duen lehen aldian. Darioren lesio batek ireki zizkion txapelketako ateak, eta ezin hobeto baliatu du abagunea. Multzoan Elordiren, Peio Etxeberriaren eta Ezkurdiaren aurka jokatu du, izen handiko pilotariak guztiak, baina ez da kikildu, eta saria lortu du azkenean. 

Javier Zabalaren aurkakoa du hurrengo erronka. Beste finalerdian Peio Etxeberria eta Altuna III.a ariko dira elkarren aurka.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA