Larunbatean ez zuen partida hau jokatu behar, eta igandean lau eta erdiko A Serieko final-laurdenera sailkatu zuen. Ander Muruak 10-22 irabazi zion Beñat Senarri Lekunberrin (Nafarroa).
Dario Gomezek jokatu behar zuen partida, baina larunbatean min hartu zuen. Muruak ordezkatu zuen errioxarra, eta Senar garaitu. Lau eta erdiko B Seriean jokatu behar zuen Muruak berez, baina azkenean A Serieko A taldera sailkatu da.
Hasieran biek tantoak egin arren, 4-4 berdindu eta gero arrasatearra tanto gehiago egiten hasi zen. Murua fin ibili zen pelotakadekin, eta Senar nekaraztea lortu zuen. Lehenengo 5-8 aurretik jarri zen Murua, eta 6-14 ondoren. Senarrek hiru tanto jarraian egin zituen, baina Aspeko pilotariak haren erakustaldiarekin jarraitu zuen. 10-17 jarri ostean, arrasatearrak ez zuen erritmoa jaitsi, eta azken bost tantoak egin zituen: sakez, dejadaz, Senarren akatsen ondorioz...
Gaur erabakiko da B taldeko beste pilotaria nor izango den: Iñaki Artolak eta Jon Ander Peñak 17:15ean jokatuko dute Tolosan (Gipuzkoa). A taldean Ander Murua, Peio Etxeberria, Joseba Ezkurdia eta Aitor Elordi egongo dira; eta B taldean, oraingoz, Javier Zabala, Jokin Altuna eta Unai Laso daude.