Surfa

Nadia Erostarbe munduko surf zirkuiturik onenean arituko da

Surflari zarauztarra gonbidatu gisa aritu zen iaz WCT lehiaketako proba batean, baina oraingoan ziurtatu egin du guztietan parte hartzea. Euskal Herrian hori lortu duen hirugarren surflaria da; Pauline Ado eta Aritz Aranburu aritu ziren haren aurretik.

Nadia Erostarbe, iaz, Donostian, WCT lehiaketako proba batean lehiatu ondoren. MAIALEN ANDRES / FOKU
Nadia Erostarbe, iaz, Donostian, WCT lehiaketako proba batean lehiatu ondoren. MAIALEN ANDRES / FOKU
Julen Etxeberria.
2026ko martxoaren 14a
14:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Balentria egin du Nadia Erostarbe surflari zarauztarrak: WCT lehiaketan aritzeko sailkatu da, hau da, munduko surf zirkuiturik onenean lehiatuko da. Australian sailkatu da WCT lehiaketan aritzeko, Newcastlen jokatutako proban. Erostarbek ez zuen gainditu lehen kanporaketa, eta, horren ondorioz, haren aurkari zuzenek huts egitea behar zuen. Haren zorionerako, hori gertatu da, eta Erostarbek helburua lortu du.

25 urte ditu, eta WCT lehiaketarako sailkatzekotan izan zen iaz, baina atarian geratu zen. Hala ere, munduko zirkuiturik onenean lehiatu zen proba batean, gonbidatu gisa, Hawaiin. Oraingoan, ordea, beste mugarri bat ezarri du bere kirol ibilbidean, eta ziurtatu egin du WCT lehiaketako proba guztietan parte hartzea. «Izugarria izan da. Ikaragarri pozik nago. Txikitako ametsa bete dut, eta hori eginda, aske sentitzen naiz», esan du Erostarbek. Zarauztarrak badaki zer den WCT lehiaketako proba batean aritzea, baina azaldu duenez, «askoz indartsuago» dago orain.

WCT lehiaketarako sailkatuta, Euskal Herrian hori lortu duen hirugarren surflaria da: Aritz Aranburu zarauztarra (Gipuzkoa) eta Pauline Ado hendaiarra (Lapurdi) aritu ziren Erostarberen aurretik maila nagusian. Aranburuk urtebete egin zuen WCT lehiaketan. Ado, berriz, bost urtez aritu zen maila gorenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA