Nafarroako Gobernuak Europako Beisbol eta Softbol Federazioari eskatu dio berriz aztertu dezala Israeli aukera ematea Nafarroan jokatuko den txapelketa batean parte hartzeko. Izan ere, 18 urtez azpikoen emakumezkoen Europako Softbol Txapelketa Nafarroan eginen dute, uztailaren 20tik 26ra.
Udako lehiaketa antolatzeko bilkura batean egin dute eskaria. Bileran parte hartu dute Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak, Europako eta Espainiako Beisbol eta Softbol federazioek, Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak, eta Iruñeko eta Burlatako herriko etxeetako ordezkariek.
Hala, Nafarroako Gobernuak ohartarazi du, Gazan zer gertatzen ari den ikusirik, kirola ezin dela errealitate sozialetik urrun izan. Horregatik nabarmendu du Israelek ez lukeela parte hartu behar Europako Beisbol eta Softbol Txapelketan.
Hala ere, Nafarroako Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren Institutuak berretsi du «emazteen kirola sostengatzeko» lanean arituko dela hemendik aitzina ere, eta konprometituko dela lehiaketak egiten kirolean emazteen presentzia emendatzeko.