Atletismoa. Munduko Txapelketa

Nahiak ez du urrerik lortzen

Naroa Agirre, finaletik kanpo pertika jauzian.Trihas Gebre 16. izan da 10.000 metroko proban

Naroa Agirre, Munduko Txapelketako pertika jauzian lehiatzen. Jauzilari donostiarrak ez zuen lortu finalerako sailkatzea. DIEGO AZUBEL / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2015eko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Balentria egiteko esperantzarekin hasi zuten Pekinerako bidaia, baina ez dute lortu. Naroa Agirre eta Trihas Gebre esku hutsik itzuliko dira Euskal Herrira. Agirre finalerako sailkatzeko aukera ematen zuen langara iritsi zen, baina 4.45 metroko saltoa eginda kanpoan geratu zen. Gebrek, berriz, hamaseigarren postua lortuta amaitu zuen Munduko Txapelketa, 10.000 metroko proban.

Asteleheneko jardunaldia ireki zuen Agirreren probak, Euskal Herrian 03:30 zirela. Jauzilaria bere txandan zazpigarren geratu zen, 4.45 metroko saltoa eginda; sailkatzeko, gutxienez4.55ekoa egin behar zuen. Hiru saialdi egin zituen langa hura igarotzeko, baina hiruretan kale egin zuen. Aurrez, beste behin egin zuen huts 4.15ekoan, eta birritan 4.30ekoan.

Urte osoan marka horien inguruan ibili da Agirre, eta ezin izan zuen hobetu Munduko Txapelketan. Iragan astean BERRIAri azaldu bezala, denboraldia Pekingo txapelketari begira prestatu du, eta, finalean sartzeaz gain, Rioko Olinpiar Jokoetarako sailkatu nahi zuen Txoriaren Habian. Egindako markak ez dio balio, baina, eta datorren denboraldian saiatu beharko du.

Trihas Gebrek, aldiz, gustura amaitu zuen 10.000 metroko finala: «Irabazteko gehiago entrenatu behar dut, baina pozik nago nire lehen Munduko Txapelketan eman dudan mailarekin». Jatorri etiopiarreko atleta donostiarra 16. postuan helmugaratu zen, 32.20ko denbora eginda: «Lesio batetik irten naiz eta asteburuan sukarrarekin ibili naiz; ezin naiz kexatu emaitzarekin». Lan txukuna egin zuen Gebrek. Oso lasterketa lehiatua izan zen, eta Vivian Cheruiyot eta Gelete Burkak erritmo bizia jarri zuten. Gebrekhaiekin egin zituen lehen itzuliak, harik eta gaixoaldiaren eraginak sumatu eta pixkanaka atzean geratu zen arte. Zortzigarren kilometroa pasatua zuenean utzi zuen aurrekoen tropeltxoa.

Dominak, lehengo lepotik

Ezusteko handirik gabeko jardunaldia izan zen atzokoa. Hautagai nagusiek ondo egin zituzten bere lanak, eta haientzat izan ziren urreak. Aise irabazi zuen Shelly-Ann Fraser-Prycek emakumezkoen 100 metroko lasterketa. Hasieratik aurrea hartu zien gainontzeko korrikalariei, eta, amaieran Dafne Schippers gerturatu zitzaion arren, ezin izan zuen jamaikarra garaitu.

Ezekiel Kemboik laugarren aldiz jarraian lortu zuen munduko txapela 3.000 metroko oztopo lasterketan. Beste bi kenyar ere igo ziren podiumera: Conseslus Kipruto eta Brimin Kiprop Kipruto. Pertika jauzian Shawnacy Barberrek irabazi zuen gizonezkoetan, 5.90 metroko jauzia eginda. Kanadarrak amaiera bikaina eman dio denboraldiari. 21 urterekin lehen Munduko Txapelketa irabazi du, eta Rioko Olinpiar Jokoetarako sailkatzea lortu du. Renaud Lavillenie zen irabazteko beste faboritoa, baina ezin izan zuen 5.80ko langa gainditu, eta laugarren postuan sailkatu zen.

Jauzi hirukoitzean,Caterine Ibarguen izan zen irabazlea, 14.90eko saltoa eginda. Aurkariek ezin izan zuten gerturatu Ibarguenek egindako markara; Hanna Minenko hurbildu zen gehien, 14.78ko marka eginda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.