Nahikoa sufritu du

2016ko urritik bi ebakuntza egin dizkiote Andoni Aretxabaletari. Errehabilitazioan aritu da ordutik. Jokatzeko modua aldatu du, eta mailarik onenera bueltatzea espero du.

Gorka Intxausti Aranguren.
2017ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Eskua «hobeto» dauka Andoni Aretxabaletak (Markina-Xemein, Bizkaia, 1992). 2016ko irailean urrundu zen pilotalekuetatik, ezkerreko sorbaldan zuen minak ez baitzion ganoraz jokatzen uzten. Ebakuntza egin zioten urrian, eta errehabilitazio luzea izan zuen, urtarrilera artekoa. Orduan, bueltatu eta partida gutxiren buruan, min hartu zuen berriz ere, oraingoan eskuin eskuan. Berriro pasatu behar izan zuen ebakuntza gelatik, eta hilabete honen hasierara arte ez du jokatu. Orain, partidak jokatzen hasi berritan, «denbora askoan geldirik» egon dela igarri du,eta «beldurrik ez, baina errespetua» ematen dio pilotalekuetara joan eta jokatzeak.

Azken hilabeteak oso luze egin zaizkio markinarrari. Bere onenenean zegoenean lesionatu zen Aretxabaleta. «Lehenengo lesioak argi utzi zidan ezingo nuela joan den binakako txapelketa jokatu». Abendura artean ezer egin gabe egon arren, sorbaldako lesioa «nahiko erraz» gainditu zuen. «Aurtengoa prestatzen hasteko asmoa nuen, maiatzean hasita. Baina berriz lesionatzeak prestaketa aldatu zuen». Abendutik aurrerakoa astunagoa egin zaion arren, une oro baikortasun handiz jarraitu du lanean.Bestelako entrenamenduak egitera pasatu zen eskua lesionatuzitzaionean: fisikoa landu zuen. Errehabilitazioaren azken atalean, pilotarekin entrenatzen aritu, eta partidarik jokatu gabe egon da. «Ikasi eta azteketarik ez edukitzea bezala da», adierazi du, eta entrenatzeko «alferkeria» handia izan duela aitortu.

Prozesu «zaila»

Garairik zailenetan «betikoek» lagundu diote, eta ez dio kalterik egin egunero alde batetik bestera aritzeak. Gasteizko errehabilitazio saioetan eta Bilbon entrenatzen eman du denborarik gehien. Medikuek, lankideek eta entrenatzaileak lagundu diote aurrera egiten. Baita asteburuetako lagunen solasaldiek ere.

Azken asteak egin zaizkio gogorrenak. «Entrenamendu bat gustura egin, eta hurrengo egunean pilota ezin jota» ibili da, eta horrek ezinegona eragin dio atzelariari. «Eskua ez badago ondo, ezin duzu onena eman». Onenera bueltatzeko asmoz, takoak aldatu behar izan ditu: lehen, «gutxi eta gogorrak» erabiltzen zituen, eta, orain, «asko eta nahiko bigunak». Horrek goitik behera aldatu dio jokatzeko modua. Lehen, pilota lehor jotzen zuen. Orain, aldiz, eskua hobeto mantentzeko, «gorputzarekin laguntzen» ikasi du.Prozesua zaila izan dela aitortu du, eta «arraro» sentitzen dela pilotan horrela aritzean. «Beste norbaiten oinetakoekin jokatzea bezalakoa da».

Bere ibilbide profesionalean, oso gutxitan lortu izan du kantxan gozatzea. «Esku bateko atzamarrekin konta nitzake partidak». Hala ere, baikor begiratzen dio etorkizunari. Jokamolde berriarekin ohitu, eta bere onenera bueltatuko dela uste du. Horretarako, «partidak bata bestearen atzetik jokatu» nahi ditu. Segida izatea gustatuko litzaioke pilotalekuan. «Partidak jarraian jokatzen baditut, iritsiko da beste guztia». Bete-betean jokatuz gero, «beste askoren mailan aritzeko gai» ikusten du bere burua, badakien arren ez duela onenen pare aritzeko ahalik eta kolperik.

Enpresak kasu egin die haren eskariei, eta partida ugari jarri dizkiote datozen egunetan jokatzeko. Itxaropentsu dago Aretxabaleta: partida horiek baliatu nahi ditu sasoia gutxinaka hartuz joateko, binakako txapelketa hurbilduz doan heinean.«Zaila izango da txapelketara maila onenean heltzea». Desabantaila handia da besteak partidak jokatzen aritu diren artean bera geldirik egon izana. Ahalegin guztia, behintzat, jarriko du datorren binakako txapelketan jokatu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.