Abuztuaren 19an jokatuko da joaneko partida 20:45ean, Napolin, San Paolo estadioan; eta itzulekoa astebete geroago, abuztuaren 27an, San Mamesen, 20:45ean ere.
Josu Urrutia presidenteak agerraldia egin du prentsaren aurrean; besteak beste, zozketaz aritu. Jakinarazi du, bazkideek ez dutela sarrerarik ordaindu beharko atariko kanporaketako partida ikusteko. Estadio berriko lanei dagokionez, esan du partidarako prest egongo dela; "eserleku guztiak prest egongo direla baieztatu digute, zelaia itxita egongo da". Hala ere, 8.000 bazkidek lehen aldiz bilatu beharko dute haien eserleku barria, eta horretarako aurretik froga bat egingo dutela esan du. Dena den, maiatzerarte jarraituko dute lanekin, "zelaia osorik amaitu arte".
Egokitutako kanporaketari buruz esan du ez dela erraza izango, Napolik "lehen zuen indarra berreskuratu du, esperientzia handiko joklariak ditu eta talde italiarren bereizgarriak". Hala ere, aitortu du napoliko ordezkariek zozketaren aurretik esan dietela, "ez zutela Athletic tokatzea nahi". Era berean, adierazi du berak aurretik nahiago zuela itzulekoa etxean jokatzea. Adierazi du, kanporaketa ez gainditzea ez dela porrota izango, "Europako onenekin lehiatzen gaudelako"; baina esan du "irabaztean bakarrik" pentsatzen daudela. Harro egoteko modukoa dela esan du, "gure filosofiarekin Europako onenen artean bi partida jokatu behar ditugulako".
Napoli: 2004an taldea birsortu zutenetik, gorantz baino ez du egin. Italiako C1 serietik A seriera igo zen hiru urtean; iaz, Italiako Coppa irabazi zuen, eta 3. sailkatu zen ligan. Azken bi denboraldietan, Txapeldunen Ligako taldekako fasean jokatu du. Rafa Benitez espainiarrak gidatzen du, eta jokalari multzo sendoa batu du bere inguruan. Lehiaketa honetan esperientzia txikiagoa badu ere, aurkari lehiakorra da zinez.