FUTBOLA

Natalia Arroyo izango da Realeko entrenatzailea

Urtebetarako kontratua sinatuko du, eta beste denboraldi baterako luza lezake, helburuak betez gero.

Natalia Arroyo, Anoetan. REALA
jon olano
2020ko maiatzaren 30a
16:36
Entzun

Realak jakinarazi duenez, Natalia Arroyo izango da emakumezkoen futbol taldeko entrenatzailea. Arroyo kataluniarra da, Esplugues de Llobregatekoa, eta herrialde horretako selekzioko entrenatzailea 2014az geroztik. 2021eko ekainaren 30era arteko kontratua sinatuko du, eta beste denboraldi baterako luza lezake, denboraldirako ezarritako helburuak betetzen baditu.

Arroyok 34 urte ditu, eta Bartzelonako harrobian hezi zen futbolari gisa. Espanyolen eta Levante Las Planasen aritu zen jokalari. 22 urte zituela, ordea, jokatzeari utzi behar izan zion, lesio larri baten ondorioz. Harrezkero, entrenatzaile lanetan aritu da. Kazetaria ere bada; Gol telebista katean aritu da partiden kontakizunak egiten, eta Kataluniako Ara egunkarian ere idatzi ohi du. BERRIAk harekin hitz egin zuen iazko urrian, Bartzelonaren jokatzeko erari buruzko erreportaje batean. Realaren ardura hartzeak kazetaritza alde batera uztera behartuko du. Talde txuri-urdinarena izango da haren lehen esperientzia profesionala entrenatzaile gisa.

Bideo batean, Arroyo «oso pozik» azaldu da Reala zuzentzearekin; «hunkigarria da, ilusionagarria. Taldea hazten ari da urtez urte, tituluak lortzen ari da... Jokalari gisa Zubietan izan nintzenean, hemen futbola arnasten da. Gozamena da hemen egotea eta irudikatzea zer eraiki daitekeen».

Garbiñe Etxeberria emakumeen futboleko idazkari teknikoak, berriz, gogorarazi du Realak hamalau urte daramatzala lehen mailan eta urte horiek «hazkunde handikoak» izan direla; bide horretatik jarraitzeko apustua egin du: «Aldaketa egin beharra zegoen; aurrekoa oso ondo dago; eskertuta gaude, baina ziklo bat bukatu da. Aurrera begira, geure buruari ere exijitu behar diogu». Etxeberriak aitortu du «aldaketa handia» izango dela, orain arte taldeak izandako entrenatzaile soslaia aldatu dutelako, baina pozik agertu da erabakiarekin.

Haren kontratazioaren berri ematearekin batera, Realak jakinarazi du emakumezkoen sekzioa klubaren futbol zuzendaritzara batuko dela datorren denboralditik aurrera.

Realak duela bi aste baieztatu zuen zurrumurrua: Gonzalo Arkonadak ez zuela jarraituko emakumezkoen lehen taldearen entrenatzaile. Espainiako Kopa eta Euskal Herria Kopa irabazi ditu bi sasoi eta erdian. Hemendik aurrera, beste lan batzuetan arituko da Zubietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.