Javad Nekunamek eta Masud Shojaeik Osasunan jarraituko dute 2013ko ekainaren 30era arte. Bi irandarrei datorren ekainaren 30ean amaitzen zitzaien kontratua, baina klubak eta Reza Fazellik, jokalarien ordezkariak, atzo hitzartu zuten bi irandarren kontratua luzatzea. Fazelli herenegun iritsi zen Iruñera, Angel Martin Gonzalez kirol zuzendariarekin elkartzeko. Jose Luis Mendilibar entrenatzaileak argi azalduta zeukan biek atzerritar postua bete arren oso jokalari garrantzitsuak zirela taldearentzat. 2,5 milioi euroko etete klausula izango dute biek, eta, Nekunamen kasuan, 2013tik aurrera ere urtez urte kontratua berritzeko aukera izango du, kirol mailaren arabera.
Nekunamek 30 urte dauzka, bost denboraldi bete ditu Osasunan —bigarren sasoian ia ez zuen jokatu, belauneko lesio larria izan zuelako—, eta ezinbesteko jokalari bihurtu da euskarri postuan. 2.273 minutu jokatu ditu sasoi honetan, 26 partida guztira, eta sei gol sartu ditu. Masudek, berriz, datorren ekainaren 9an beteko ditu 27 urte, hirugarren denboraldia osatu du Iruñean, eta, punta-erdi postuko hasierako berekoikeriak ahaztuta, taldearen jokora egokitzen ari da. 1.191 minutu jokatu ditu denboraldi honetan; hemezortzi partida jokatu ditu —hamalau hasieratik—, eta bi gol sartu.
Bitxia bada ere, Masud saltzeko asmoa eduki zuen klubak aurreko sasoia amaitu berritan. Oso jokalari irregularra izan da Iruñean jokatu duen hiru denboraldietan, eta klubak taldea sendotzeko helburua eduki zuen. Osasunan geratu zen, ordea, azkenean, eta, duela urtebete klubak talderen bat aurkitu nahi zion arren, kontratua erabaki du orain.
Eta neurri batean bitxia da, azken hiru hilabeteak jokatu ezinik igaro dituelako. Ezker hankako bosgarren hezur metatartsianoa hautsi zuen, eta apirilaren 5ean ebakuntza egin behar izan zioten. Haustura erabat osatu aurretik, gainera, infekzioa izan du jokalariak, eta atzo bertan ebakuntza gelatik igaro behar izan zuen berriz ere. Datozen egunak ospitalean igaro beharko ditu irandarrak, eta Martin Gonzalezek atzo argitu zuen hiru bat hilabete beharko dituelako osatzeko. Osasunak uztailaren 12an ekingo dio denboraldi-aurreari, eta, beraz, geroago hasi beharko du lanean.
Martin Gonzalez, oso gustura
Nekunamek eta Martin Gonzalezek prentsaurrekoa eman zuten atzo arratsaldean, eta gustura hitz egin zuten biek. «Azkenean lortu dugu biek Osasunan jarraitzea», adierazi zuen kirol zuzendariak. «Nekunamek ahalegin handia egin du, oso eskaintza onak zeuzkalako. Maite gaituela erakutsi du». Jokalaria bera ere erabat baikor zegoen. «Oso gustura nago Iruñean, klubean, taldekideekin eta zaleekin. Osasunan urte gehiago igarotzeko gogotsu nago; ez diot begiratzen diruari bakarrik. Hemen erretiratu nahi dut». Zaleei loreak botatzeko ere baliatu zuen aukera. «Espainiako Ligan ez dago Osasunako zaleen parekorik. Ikusgarria da».
Irandarraren hitzetan, Osasuna izan da beti bere «lehen aukera». «Kirol ibilbidea hemen amaitzea gustatuko litzaidake». Eta maitasun horretan eragin handia izan omen du Mendilibarrek ere. «Oso pozik nago berekin, eta horregatik ere berritu dut kontratua. Lasaitasuna eman dit».
Bestalde, klubak baieztatu ez duen arren, Natxo Monreal Malagatik gertu dagoela esan daiteke. Espainiarrek bi helburu argi dauzkate: Monrealena bata, eta Ruud Van Nistelrooyrena bestea. Espainiako egunkari batzuen arabera, 6-8 milioi euro ordaintzeko prest legoke Malaga Monreal fitxatzeko.
Nekunamek eta Masudek 2013 arte segituko dute Osasunan
Bi irandarrek 2,5 milioi euroko etete klausula edukiko dute, eta Nekunamek urtez urte berritu ahal izango du

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu