Berri onak Realarentzat. Nerea Eizagirre kapitainak bi denboraldirako berritu du kontratua, eta beste urtebete luzatzeko aukera izango da. Erdilariak 2016-2017ko sasoian egin zuen debuta talde txuri-urdinean, eta azken urteotan funtsezko jokalaria izan da. Ez hori bakarrik: klubaren historian partida gehien jokatu duten jokalarietan bigarrena da: 284 neurketa jokatu ditu elastiko txuri-urdina jantzita. Sandra Ramajo gainditu berri du —282 partida—, eta Aintzane Encinasek baino ez ditu gehiago jokatu: 344.
«Oso pozik, ilusioz eta gogotsu nago. Espero dut aurtengoa bezalako urte asko izatea, eta disfrutatzen segitzea», esan du kapitainak. Halaber, «harro» dago egindakoaz: «Ez da erraza horrenbeste gauza lortzea: bi aldiz Txapeldunen Liga jokatzeko aukera izatea, ligan bigarren postua lortzea, lau final jokatzea, titulu bat irabaztea... Batzuetan erraza dela dirudi, baina ez da».
Eizagirrek Realean ilusioz jarraitzen duela azpimarratu du, eta, beraz, talde txuri-urdinean bidea egiten segitu nahi du. Denboraldi honetan 21 partida jokatu ditu kapitainak, baina bederatzi neurketatan bakarrik aritu da hasieratik. Hala ere, zortzi gol sartu ditu.
Horrez gain, emakumeen futbola indartzen ari dela nabarmendu du. Eskerrak eman dizkie zaleei: «Geroz eta jende gehiago etortzen da gu ikustera, eta bide honetan jarraitzeko gogotsu nago. Guretzako oso pozgarria da asteburuero haiek pozik ikustea. Oso babestuta sentitu naiz beti, asko animatu naute, eta maitasun hori jaso dut».
Klubaren arabera, erreferentea da tolosarra, eta haren «ibilbide historikoa» goraipatu du Realak. «Nereak ezin hobeto ordezkatu ditu Realaren balioak. Bere talentuaz eta zelaian erakutsitako mailaz harago, erdilari gipuzkoarra ispilu eta erreferente bihurtu da jokalari gazteenentzat, baita zale txuri-urdinek gehien maite duten jokalarietako bat ere. Nortasunean, lanean eta anbizioan oinarritutako proiektu baten oraina eta etorkizuna ordezkatzen dituen futbolaria da».
Datorren denboraldian bigarren aldiz ariko da Reala Txapeldunen Ligan, eta hantxe izango da Eizagirre —2022-2023ko sasoian ere izan zen—. Horrez gain, 2019an Espainiako Kopa irabazi zuen, eta 2024an txapeldunorde izan zen.