Emakumezkoen eskubaloi selekzioak 27-23 irabazi dio Brasili B multzoko hirugarren jardunaldian, eta final-laurdenetarako pauso garrantzitsua eman du. Nerea Pena eskuin alboko nafarra erabakigarria izan da garaipenean, Carlos Viverrek zuzentzen duen selekzioko golegile nagusia izan baita, zazpi gol sartuta. Ainhoa Hernandez pibote bizkaitarrak bi gol sartu ditu.
Parekatua izan da lehen zatia, eta 13-13 bukatu da. Bigarrengoan, ordea, abantaila hartu du Espainiak, eta, partida amaitu bitartean bi, hiru edo lau golen aldeari eutsi ahal izan dio. Pena ikusgarri aritu da: atera egindako zortzi jaurtiketetatik bakarra huts egin du. Sei metrotatik lau gol sartu ditu, eta penaltiz, hiru.
Espainiari bi jardunaldi falta zaizkio ligaxka amaitzeko, eta hurrengo partida Hungariaren aurka jokatuko du, larunbatean, Euskal Herrian 12:30ak direnean.