Aspalditik egutegian gorriz markatua zuten data iritsi zaie gaur egungo sei emakume aizkolari onenei. Euskal Herriko Aizkora Txapelketaren finala jokatuko dute gaur, 12:30ean hasita, Elgoibarko Kalegoen plazan (Gipuzkoa). Zazpigarren ekitaldia izango da aurtengoa, eta azken hiru urteetako txapelduna da faborito nagusia: Nerea Arruti. Gainerakoak baino koska bat gorago dagoela erakutsi du gipuzkoarrak azken bizpahiru urtean, baina hori eragozten saiatuko dira beste bost partaideak: Laiene Pikabea, Nerea Sorondo, Karmele Gisasola, Irati Astondoa eta Uxue Ansorregi. Ohi bezala, lan luze eta gogorrari egin beharko diete aurre: bi oineko ebaki beharko dituzte lehenbizi, 45 ontzako beste bi egur ondoren eta bi kana erdiko amaieran. Adituen arabera, Arruti da txapela janzteko hautagai nagusia, baina egurren egoera eta norberaren urduritasuna giltzarri izan daitezke. Horregatik, finala oso irekita dagoela aurreikusten da.
Txapelaren lehian bete-betean murgiltzeko asmotan plazaratuko dira Sorondo eta Pikabea. Sorondok badaki zer den txapeldun izatea, lehen hiru ekitaldietan irabazi egin baitzuen: 2018an, 2019an eta 2021ean. Beste hiruretan bigarren postuan geratu da. «Itxaropena beti da irabaztea, baina plazan etxeko lanak egiten baditut konforme izango naiz. Neure buruarekin badaukat borroka txiki bat, azken urteetan ez baitut nire denbora onena hobetzerik izan. Dezepzioz bukatu izan dut, eta aurten bada garaia lan hobea egiteko. Nirea egitea espero dut, eta etorriko da etorri beharreko emaitza». Pikabeak ere birritan zapaldu du podiuma: bigarren izan zen 2021ean eta hirugarren iaz. Noiz, ordea, txapeldun? «Luze egiten ari zait itxaronaldia, eta finala hasteko gogotsu nago, motibatuta. Nik ere nire onena eman nahi dut, eta kito. Etxeko lanak plazan agertzea saria litzateke».
«Luze egiten ari zait itxaronaldia, eta finala hasteko gogotsu nago, motibatuta. Nik ere nire onena eman nahi dut, eta kito. Etxeko lanak plazan agertzea saria litzateke»
LAIENE PIKABEA Aizkolaria
Biak iritsiko dira sasoi onean finalera. Eskarmentua izango du lagun Sorondok, bera baita aizkolari beteranoena; 38 urte ditu. «Sentitzen dut indarrez ez naizela lehengoa, eta baliteke nire sasoi onena pasatu izana, baina beste gauza batzuetan hobetu dut. Arlo teknikoan, adibidez. Susto bat emateko prest nago. Kilimak sentitzen ditut barruan, baina sentsazio onak dauzkat». Gazteagoa da Pikabea, eta nahiko urduri dabil. «Berez naiz urduria, presio apur bat sentitzen dut, baina orain arte asmatu izan dut tentsio hori kontrolatzen. Lan luzeak mesede egiten dit. Bi enborreko lan horiek zaharkituta geratu dira, eta orain, lan luzeagoan, aukera dugu gure onena erakusteko. Dena ematera irtengo naiz plazara».
Arruti bai, baina erne
Bi aizkolariek erabiliko dute taktika bera: azkar abiatu, eta erritmoari eusten saiatu. «Atzetik abiatzeak psikologikoki nabarmen eragiten du, zaila izaten baita atzetik aurrerako bidea egitea. Ondorioz, ditudan guztiak joko ditut hasieran, eta ea gero gai garen erritmo horri eusteko. Pentsaera horrekin irtengo naiz plazara, baina egunean bertan edozer gauza gerta daiteke», adierazi du Sorondok. Iritzi berekoa da Pikabea ere. «Nik behetik gora egin ohi dut, baina egia da atzetik hasteak ez duela mesederik egiten. Ez naiz itsu-itsuan abiatuko, baina bai indartsu, eta gozatzea espero dut». Aspaldian gozatzen ari da gipuzkoarra, sorbaldako lesioa atzean utzi ondoren. «Duela hiru urte aizkora utzi behar izan nuen sorbaldako minaren erruz, eta bi urtez egon nintzen plazetatik kanpo. Orain beste aizkolarien pare sentitze hutsa plazera da niretzat».
«Neure burua baino gehiago, Pikabea eta Gisasola jarriko nituzke aurreko muturrean. Biek egiten dute ongi aizkoran, eta ikusten dut biek dutela irabazteko aukera»
NEREA SORONDO Aizkolaria
Parean egon hasieran eta gain hartu ondoren, horixe nahi du Pikabeak, ordea. Arruti jotzen du txapelerako faborito, baina erne. «Emaitzek diote Arruti dela onena, baina nik ez nioke atea inori itxiko, eta uste dut emozioa azken momentura arte izango dugula. Seitako edonork jantzi dezake txapela, eta erne Gisasolarekin». Sorondok ere zabalik du pronostikoa. Besteak beste, Nafarroako txapeldun izan da aurten, baina nahiago du presioa beste batzuei erantsi. «Neure burua baino gehiago, Pikabea eta Gisasola jarriko nituzke aurreko muturrean. Biek egiten dute ongi aizkoran, eta ikusten dut biek dutela irabazteko aukera. Dena den, egia da Arruti dela onena gaur-gaurkoz. Sasoi aparta du, eta fin egiten du aizkoran. Final lehiatua, irekia eta kalitate handikoa izango dela aurreikusten dut». Elgoibarko Kalegoen plazak izango du azken hitza.