53 urteren ostean lehenengo aldiz, New York Knicks da NBAko txapelduna. New Yorkeko taldeak finaletako bosgarren partida irabazi zuen bart San Antonion (Ameriketako Estatu Batuak), eta 4-1 gailendu zen San Antonio Spursen aurka jokatutako seriean. Bart 90-94 irabazi zuen Knicksek; 45 puntu sartu zituen Jalen Brunsonek, eta hari eman diote finaletako jokalaririk onenaren saria.
Aurtengo finalek sekulako ikusmina sortu dute: azken urteetako ikusle gehien izan dute, nahiz eta New Yorkeko Madison Square Gardenen jokatutako partidetako sarrerak inoiz saldu diren garestienak izan. Donald Trump AEBetako presidentea bera ere joan zen hirugarren norgehiagoka ikustera. Zergatik horrenbesteko ikusmina? Batetik, urte askoren ostean Knicks heldu delako finaletara, jarraitzaile gehieneko NBAko taldeetako bat, New Yorkeko talde nagusia; eta, bestetik, Victor Wembanyamaren San Antonio zutelako parean, datozen urteetan garaipen asko lortzeko bidean dagoen talde gaztea.
Hori nahikoa ez, eta finalak ikusgarriak izan dira. Knicksek bost partidatan lortu du garaipena, bai, baina horietako bakoitza izan da zoroa: markagailua iraulita lortu dituzte garaipen gehienak, eta amaiera estuak izan dituzte lehia guztiek.
Brunsonen taldea
Hasieran, gainera, New Yorkeko taldea ez zen irabazteko faboritoetako bat. Spurs, berriz, Oklahoma City Thunder iazko txapelduna kaleratuta iritsi zen finaletara, Wembanyama izarra sasoi betean zutela, baina, azkenean, Brunsonek itzal egin dio. Knickseko joko antolatzailea ez da ohiko izar bat gaur egungo NBAn; jokalari txikia da —1,88 metro neurtzen du—, fisikoki ez da ikusgarria, eta defentsan ere arazoak izan ohi ditu, baina aurten erakutsi du lider bikaina dela, eta, bereziki, partidak estutzen diren bakoitzean erabakigarria bilakatzen dela.
San Antonioren proiektuak itxura bikaina du, eta aurten ere edozeinek uste baino urrunago heldu dira. Finaletan, ordea, esperientzia faltak kondenatu ditu. Erraz eragozteko moduko hutsegite ugari egin dituzte partiden amaieran, eta, besteak beste, laugarren zatian ihes egin zien lehenengoan lortutako 29 punturen aldeak. Wembanyamak itxaron egin beharko du lehen eraztuna lortzeko.