Futbola

Nico Williamsek 2035era arte berritu du kontratua Athleticekin

«Erabakiak hartu behar direnean, bihotzak agintzen du. Nahi dudan tokian nago, niretarrekin. Hau da nire etxea. Aupa Athletic!», esan du jokalari zuri-gorriak.

Nico Williamsek zortzi urtez luzatu du kontratua; bi urte barru bukatu behar zitzaion berez. LUIS TEJIDO / EFE
Nico Williamsek zortzi urtez luzatu du kontratua; bi urte barru bukatu behar zitzaion berez. LUIS TEJIDO / EFE
jon eskudero
2025eko uztailaren 4a
11:19
Entzun 00:00:0000:00:00

Athleticek kolpea eman du mahai gainean, Nico Williamsi lan hitzarmena 2035. urtera arte luzatu ondoren. Hala gaur-gaurkoz denbora luzez jarraituko du talde zuri-gorrian. Iazko udan gertatu bezala, zurrumurruak eguneroko kontu izan dira Williams anaietako gazteenaren inguruan. Ez da beste albisterik izan hainbat hedabidetan. Bartzelonaren inguruak presioa egin du, eta bazirudien jokalariak han jokatuko zuela datozen denboraldietan.

Akordioa egina zegoela sinetsarazi dute etengabe. Kritika gogorrak eta keinu itsusiak jasan behar izan ditu Williams familiak horregatik. Besteak beste, hiru aldiz egin diote azken asteetan eraso Williams anaiek Barakaldoko Lutxana auzoan duten muralari, eta Nicoren aurkako pintaketak egin dituzte. Protagonisten partetik isiltasuna izan da nagusi, eta, azkenerako, Athleticen jarraituko du Nico Williamsek. «Erabakiak hartu behar direnean, bihotzak agintzen du. Nahi dudan tokian nago, niretarrekin. Hau da nire etxea. Aupa Athletic!», esan du albistearen berri emateko Athleticek sareetan zabaldu duen bideoan.

Bi urte barru bukatu behar zitzaion, berez, aurreko hitzarmena aurrelari zuri-gorriari, baina zortzi urtez luzatu du. Horren truke, Athleticek soldata igoko dio, baita haren etete klausula ere: 58 milioi euro ingurukoa zen, eta, kontratu berria sinatu eta gero, 87 milioi euro ingurukoa izango da.

Iazko udan bezala, Jon Uriarte Athleticeko presidentea kexu azaldu da Bartzelonak izandako jarrerarekin. Besteak beste, Joan Laporta Bartzelonako presidenteak esan zuen arazo ekonomikoak gainditu eta Nico Williams fitxatzeko moduan izango zirela. Hori gutxi ez, eta Deco kirol zuzendariak ere aitortu zuen euren taldetik gertu zegoela jokalaria. Lamine Yamal eta beste jokalari batzuek ere gauza bera egin dute. Izen eta abizen hitz egin dute denek publikoki Williams anaietan gazteenari buruz, eta Kataluniako zein Espainiako hedabide nagusiek egintzat jo dute fitxaketa. Gainera, Athletici leporatu izan diote Nico Williamsi presio egitea eta haren irudia erabiltzea elastikoak saltzeko.

Uriarte ez da besoak gurutzatuta geratu. Ligarekin bildu zen Madrilen, eta mehatxu egin zuen Bartzelonaren diru kontu guztiak gertutik aztertuko zituela. Ordutik aurrera zerbait aldatu zen. Izan ere, ilunak izaten ari dira Bartzelonaren azken urteak. Epaileei ordaintzeagatik ikertu dute. Gainera, dirurik izan ez arren, Dani Olmo fitxatu zuten iragan sasoian, eta, Ligak eta Espainiako Futbol Federazioak jokatzeko baimenik eman ez bazioten ere, azkenean Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak eman zion baimena. Olmorena ez da kasu bakarra izan, jokalarietako batzuek ligan izena emateko arazoak izan dituztelako diru kontuengatik. Jokalari horietako bat izan zen Iñigo Martinez. Erdiko atzelaria zenbait partida egon zen deialdietan sartu gabe hori dela eta.

Uriartek berak aitortu zuen prentsaurreko batean gauza oso arraroak ikusten zirela Bartzelonaren inguruan. Athletic izan da klub bakarra irregulartasun horiek salatu dituena, eta faltan sumatu du gainerako taldeen inplikazioa. Dena den, Athleticeko presidenteak berea lortu du, eta beste hamar urterako lotu du Nico Williams.

Bizkarrezurra, epe luzerako

Kontratu luzapena iragartzeko bideoa, hain zuzen ere, Wiliiams anaien muralaren aurrean grabatu du jokalariak, eta, horren bidez, keinu bat egin nahi izan du. Izan ere, klubak beti salatu du hori egin duten zaleen jarrera, eta apustu egin du horma irudia behin eta berriz konpontzeko. 

Kirol arloari dagokionez, Nico Williamsek jarraitzea albiste ona da Athleticentzat, Txapeldunen Ligan lehiatzeko are talde hobea izango baitu. Orain arte 167 partida jokatu ditu gazteak, eta 31 gol sartu. Soilik 22 urte ditu, eta kirol arduradunek uste dute hobetzeko tarte handia duela oraindik. Ordea, kirol arloaz gain, Athleticek zabaldu duen mezuak balio berezia du. Etorkizunera begira, taldearen bizkarrezurra ongi lotuta dauka Athleticek: Nico Williams (2035), Dani Vivian (2032), Oihan Sancet (2032), Mikel Jauregizar (2031) eta Beñat Prados (2031).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.