«Joan edo geratu, errespetua galdu duzu». Mezu zuzena eta argia bidali diote Athleticeko jarraitzaile batzuek Nico Williamsi gaur goizaldean, Barakaldoko Lutxana auzoan (Bizkaia). Williamsen aurpegia ezabatu egin dute Athleticeko zenbait jokalari ageri diren horma iruditik. Itxura guztien arabera, aurrelariak Bartzelonan jokatuko du datorren denboraldian, eta zaleen artean haserrea eragin du horrek.
Athleticek sare sozialen bidez gaitzetsi du ekintza. «Klub baten duintasuna bere balioekiko koherentzian eta beretarrak babesteko moduan ere islatzen da. Horregatik, Carlos Lopezen muraletik Nico Williamsen irudia ezabatu dutenek ez dute Athletic ordezkatzen», adierazi du klubak.

Murala iazko martxoan egin zuen Lopezek. Hasieran Williams anaiak soilik ageri ziren, baina apirilean Espainiako Kopa irabazi ondoren Iker Muniain eta Oscar De Marcos ere margotu zituen haien alboan. SER Bilbao irratian egin dioten elkarrizketa batean, artista haserre agertu da «norbaitek nire lana zapuztea erabaki duelako». Gehitu du oraindik ez dakiela obra berrituko duen ala ez, baina Athleticek horretarako babesa agertu dio.
Detrás de una falta de respeto anónima, siempre hay alguien demasiado pequeño para dar la cara.
— IÑAKI WILLIAMS ARTHUER (@Williaaams45) June 22, 2025
Iñaki Williamsek ere idatzi du X-n: «Errespetu falta anonimo baten atzean, beti dago aurpegia emateko txikiegia den norbait».