Sekulako ezustekoa izan da Frantziako Tourreko zazpigarren etapan, Mont Ventoux mendate historikoaren gainean. Orain arteko etaparik gogorrena izaki, espero izatekoa zen faborito nagusien arteko lehia bizia izatea, eta begi guztiak Marlen Reusserri (Movistar) eta Demi Volleringi (FDJ) begira zeuden. Bien arteko norgehiagoka izatea espero zen, baina, ustekabean, Katarzyna Niewiadomak (Canyon) atera ditu babak eltzetik. Helmugarako zazpi kilometro falta zirela, eraso bortitza jo du, eta, bi faboritoak atzean utzi ondoren, garaipen historikoa eskuratu. Horri esker, maillot horiaren jabe egin da poloniarra, eta Tourra irabazteko lehian bete-betean sartu. Sailkapen nagusian, 15 segundora du bigarrena, Vollering alegia, eta 39ra hirugarrena, Reusser. Hortaz, igandean erabakiko da guztia, Nizan, bederatzigarren eta azken etapan.
Tourreko etapa nagusia erritmo bizikoa eta ikusgarria izan da. Lehen kilometroetatik nagusitu dira ihesaldi ahaleginak, baina ederki kosta da taldetxoa osatzea. Azkenean, 70. kilometroan eratu da multzoa lasterketaren muturrean. Bederatzi txirrindulari elkartu dira: Marit Raaijmaker (Human Powered), Ruby Roseman (Alula), Amelie Dideriksen (Cofidis), Marte Berg Edseth (Mobility), Sandrine Tas (Lotto), Clemence Latimier (Entreprise), Fiona Magnan (Monbana), Paula Patiño (Laboral Kutxa) eta Idoia Eraso (Laboral Kutxa). Beste egun batez, Eraso ezin hobeki aritu da. Eguneko lehen hiru mendateak elkarrekin gainditu dituzte ihesaldiko kideek: Grande Limite, Colombier eta Suzette.
Dena den, tropelak ez die beste ezertarako modurik eman, azken mendatea, hau da, Mont Ventoux igotzen hasi baino lehen amaitu baita aurrekoen ametsa. Hortaz, faborito nagusiak elkarrekin abiatu dira azken mendatean. Tourrak lehen aldiz igo du Mont Ventoux, hamabost kilometro luze den eta batez besteko %9ko malda duen mendatea. Ezaugarri horiek kontuan hartuta, jakina zen oilar nagusien arteko dema nagusituko zela, eta mendatearen hasieratik izan dira mugimenduak. Aparteko tentsioa nabaritu da.
Besteak beste, Paula Ostizek (Movistar) jarri du erritmoa tropelean. Nafarraren lana apartekoa izan da, ziztu bizian eraman baitu taldetxoa aurreraka. Haren lanaren ondorioz, tropela bakanduz joan da pixkanaka, eta, azkenean, dozena bat ziklista besterik ez da geratu. Bada, helmugarako bederatzi kilometro falta zirela jo du erasoa Volleringek. Bistakoa zen lehenago edo beranduago mugimenduren bat egingo zuela, eta urrundik jotzea erabaki du herbeheretarrak. Soilik bi ziklista izan dira gai haren gurpilari jarraitzeko: Reusser eta Niewiadoma.
Elkar ulertu ezina
Sailkapen nagusiko lehen hiru txirrindulariak geratu dira elkarrekin; Tourreko hiru indartsuenak, alegia. Hots, inor gutxik usteko zuen Niewiadoma izango zenik hiruren arteko onena. Ederki baliatu ditu bere aukerak. Helmugarako zazpi kilometro falta zirela, erasoa jotzea erabaki du, eta inork ez dio jarraitu. Ez indar faltagatik, baizik eta erabaki taktikoagatik. Erabaki hori oso garesti ordaindu dute Volleringek eta Reusserrek. Joko psikologiko batean murgildu dira biak, ez baitute elkar ongi hartu, eta Niewiadoma aldea handituz joan da apurka-apurka. Atzeko bi txirrindulariek ezagun zuten urduri zeudela.
Besteak beste, Volleringek pare bat ahalegin egin ditu tarte hori txikitzeko, baina ez da horretarako gai izan. Tentsioak eraginda edo, azken egunetako pedal kolperik gabe ibili da, eta Niewiadoma ederki baliatu da horretaz balentria egiteko. Garaipen historikoa lortu du Mont Ventoux gainean, eta, halaber, lehenengo etapa garaipena eskuratu Tourrean. Izan ere, hark irabazi zuen Frantziako Tourra duela bi urte, baina etapa bakar batean ere gailendu gabe. Gaur izan du estreinako garaipena; egunik aproposenean. Irabazteaz gain, lider jarri da. «Ez nuen inondik inora espero halako ezer lortuko nuenik. Oso ondo sumatu dut neure burua, etengabe jakinarazi didate aldea handitzen ari nintzela, eta horrek konfiantza eman dit. Ustekabean sartu naiz Tourra irabazteko lehian, eta, orain, irabaztea dut helburu».
Ondo bidean, igandean erabakiko da Tourra nork irabaziko duen, Nizan, azken etapan. Bien bitartean, etapa ehiztarientzat egun aproposa izango da biharkoa. Orain arteko luzeena izango da, tropelak 172 kilometro egin beharko baititu, Sisteron eta Niza artean. Lasterketa gorabeheratsua izango da, hankentzako gogorra, baina ez dirudi faborito nagusiak elkarren arteko lehian murgilduko direnik. Iganderako, aldiz, etapa ikusgarria espero da.