Bost urte pasatu eta gero, berriro ere Lehen Mailako Euskadiko txapela janztea lortu du Joxemari Olasagastik (Igeldo, 1959). Asteasun (Gipuzkoa) herenegun jokatutako finala ikusgarria izan zen, eta txapeldunaren eta azken sailkatuaren artean 5 minutu eta 14 segundoren aldea egon zen bakarrik. Hasieratik erritmo bizia ezarri zuen Igeldokoak, eta Floren Nazabal faboritoa bigarren izan zen. Olasagastik 35 minutu eta 31 segundo behar izan zituen lanak bukatzeko, eta Nazabalek, berriz, minutu bat eta 35 segundo gehiago.
Faboritoa Nazabal zen, baina txapela, Olasagastirentzat.
Bai, txapela Olasagastirentzat, neronek ere espero gabe. Garbi esan behar bada, nire asmoa bigarren edo hirugarren postua lortzea zen. Gauzak ongi atera zitzaizkidan, oso indartsu hasi nintzen lanean eta horri eutsi nion. Nazabal ere urduriago jarri nuen, eta erritmoari eutsiz, aurrera atera nintzen.
Zure asmoa hasieratik indartsu ateratzea zen?
Beti ateratzen dut erritmo azkarra, eta horrela jarraitzeko gai nintzela ikusi nuen. Egia esan, gauzak ongi atera zitzaizkidan.
Nola ikusi zenituen zure aurkariak?
Oso ondo, oso ondo, denek ere lan ona egin zuten. Denak bost minuturen bueltan sartu ginen, eta oso lan txukuna eta garbia egin genuela iruditzen zait. Gero, Florenek agian arazo txiki batzuk izango ditu gerrian, baina gerriko minak etxean utzi beharra dago. Eguna eta ordua jartzean, ahalik eta ongien egotea komeni da, kontuak aurretik atera behar dira. Arazoak izango zituen, baina nik uste dut dena oso ongi egin genuela eta sekulako marka ezarri genuela.
Giroa ere ez zenuten faltan izan.
Giro ona egon zen, jendeak oso ongi erantzun zuen. Poza ematen zuen hainbeste jende ikusteak.
Lanak bukatu eta bost urte pasatu eta gero txapela berriro janztean, zer sentitu zenuen?
Txapelak beti egiten du ilusioa, baina honek handia egin dit. Nire adinarekin [51 urte] txapela janztea izugarria da, nork pentsatuko luke! Egia esan, ilusio izugarria egin dit, eta oraindik gehiago lana ongi egin dugula jakinda. Egurrak oso onak ziren, eta txapelari garrantzia ematen diot, baina baita egindako lan onari ere.
Nazabali minutu eta 35 segundoren aldea atera zenion. Gustura?
Bost segundo edo segundo erdia ere aurretik izanda, ikaragarria da. Ezin zen niregana iritsi, eta nik nire lanak txukun-txukun bukatu nituen. Irabazteko denbora nahikoa izan zela uste dut.
Azken zortzi urteetan txapeldunak lortu duen markarik onena izan da zurea. Espero zenuen halakorik?
Ez nekien markaren inguruko kontua, eta horrek ere asko pozten nau. Iaz izan genituen kontuak, denentzako egurrak ez baitira berdinak izaten eta ni ere gaizki aritu nintzen; orain arantzak ongi aterata utzi ditut.
Anjel Arrospidek lortutakoa berdindu duzu seigarren txapela jantzita. Gehiagoren bila joango zara?
Bai, bai! Osasunak laguntzen didan bitartean aurkezteko asmoa daukat, aurrera jarraituko dut.
Ospatuko zenuen garaipena.
Igandean ospatu genuen, eta gero nire idiekin entrenatzen aritu nintzen, betiko ohiturak galdu gabe. Gero, berriro ere afaltzera joan nintzen ospatzeko.
Laster Joxemari Mendizabal zenari omenaldia egitekoak zarete.
Bai, igandean izango da, Adunan. Nik parte hartuko dut, nire eskuetatik alde egin baitzuen. Berarekin ibilitako hemezortzi aizkolarik parte hartuko dugu, ez dakit zer lan jarriko diguten.
«Nire adinarekin txapela janztea izugarria da»
Joxemari Olasagastik 2005etik lortu gabeko garaipena eskuratu zuen herenegun: Euskadiko Txapelketa, seigarren aldiz. Igeldokoak txapelari adina garrantzia eman dio finalean eginiko marka onari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu