«Nire ibilbideaz harro noa»

Manu Garcia kapitainak «hunkituta, baina lasai» esan dio agur Alavesi. Segitzea espero zuela adierazi du, eta negar asko egin duela

Manu Garcia, atzo, Mendizorrotzan egindako agerraldian. ALAVES.
ainara arratibel gascon
2021eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
«Negar asko egin dut. Musu zapiak falta izan zaizkit. Segitzea espero nuen. Neure burua indarrez ikusten nuen laguntzen segitzeko. Baina klubaren erabakia errespetatzea besterik ez zait geratzen». «Penatuta» baina egindakoaz «harro eta lasai» esan dio agur Alavesi Manu Garcia kapitainak: «Ez naiz inon sentituko hemen bezala. Baina, behintzat, lasai noa, eta taldea Lehen Mailan utzita. Jarraituko nuen edo ez jakin gabe, hori zen gehien arduratzen ninduena. Ondo zaindu behar da kluba, eta egiten ari denaz disfrutatu».

Herenegun jakin zen bederatzi denboraldi eta 308 partida eta gero ez zuela Arabako taldean segituko, eta atzo eman zuen agur prentsaurrekoa, Mendizorrotzan. Gogoan izan zuen Alavesera iritsi zen lehen eguna: «Duela bederatzi urte, Javier Zubillagari esker, nire bizitza aldatu zen. Txikitan aitarekin bi astetik behin Mendizorrotzara joaten zen mutiko hura bere betiko ametsa betetzen ari zen». Amets horren parte izan da kapitainaren besokoa eramatea: «Umiltasunez eta arduraz egin dut, klubaren balioak ahalik eta ondoen erakutsiz eta defendatuz».

Egun hartan bertan galdera bat egin zion bere buruari: nolakoa izango da amaiera? «Moduak kezkatzen ninduen, eta gaur esan dezaket asebeteta noala egindakoarekin, eta pertsona zein futbolari moduan izan dudan bilakaerarekin. Momentu ahaztezinak bizi izan ditut, eta pertsona zoragarriak ezagutzeko aukera izan dut. Horrekin geratzen naiz, eta garai zailetan aurrera egiteko izan dudan gaitasunarekin».

Pena bakarra du: pandemiagatik ezin izan diela zaleei agur esan: «Urte hauetan guztietan berezi sentiarazi naute, eta asko diet eskertzeko. Ea hau dena igarotzen den eta behar bezala agurtzeko moduan naizen. Harmailara noa orain, eta berdin disfrutatuko dut, berezia baita Alavesekoa izatea». Gogoan izan zituen urte hauetan izan dituen entrenatzaile, kirol zuzendari, presidente eta taldekideak: «Taldekide guztiei asko eskatu diet, baina ez nik eman nezakeena baino gehiago. Asko ikasi dut haiengandik». Etxekoez ere gogoratu zen: «Naizena zor diet, eta garai zailetan zein onetan hor egon dira».

Ez daki non jokatu hurrengo denboraldian. «Baina, aurkari moduan itzultzen banaiz, berezia eta arraroa izango da». Hala ere, argi utzi zuen: «Dena emango dut irabazteko. Izaera lehiakor hori nire nortasunaren parte baita». Alfonso Fernandez presidenteak eta Sergio Fernandez kirol zuzendariak esker hitzak izan zituzten jokalariarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.