Olinpismoa

NOBk erabaki du «emakumezko biologikoek» bakarrik parte hartu ahalko dutela Olinpiar Jokoetako emakumezkoen kategorietan

Kirolariei test genetiko bat egingo diete, listuaren zein odolaren bidez, eta SRY genearen presentzia neurtuko dute. Proban negatibo eman beharko dute. SRY genea Y kromosomarekin lotuta dago, eta testosterona mailaren adierazle gisa erabiltzen da.

Imane Khelif. YAHYA ARHAB / EFE
Imane Khelif aljeriarra, garaipen bat ospatzen, Parisko Olinpiar Jokoetan. YAHYA ARHAB / EFE
Julen Etxeberria.
2026ko martxoaren 26a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kirsty Coventry Nazioarteko Olinpiar Batzordeko (NOB) presidenteak gaur jakinarazi duenez, «emakumezko biologikoek» bakarrik parte hartu ahalko dute Olinpiar Jokoetako emakumezkoen kategorietan. NOBk onartutako neurri hori hurrengo Olinpiar Jokoetan sartuko da indarrean, 2028an Los Angelesen (AEB) jokatuko direnetan, hain zuzen.

Kirolariei test genetiko bat egingo diete, listuaren zein odolaren bidez, eta SRY genearen presentzia neurtuko dute. Proban negatibo eman beharko dute. SRY genea Y kromosomarekin lotuta dago, eta testosterona mailaren adierazle gisa erabiltzen da. «NOBren arabera, SRY gene hori bizitza guztian dago, eta froga oso zehatza da jakiteko atleta batek gizonezkoen sexu garapena izan duen», diote NOBk kaleratutako oharrean. NOBren iritziz, proba hori ez da intrusiboa beste batzuekin alderatuta. Gainera, azaldu duenez, bizitzan behin egin beharko da proba hori.

NOBk zehaztu duenez, kontuan hartuko dira «salbuespen bakan batzuk», hala nola androgenoekiko sentikortasun falta erabatekoaren sindromea diagnostikatu zaien atletak, eta sexu garapenean bestelakotasunak edo nahasmenduak dituztenak, betiere ez badira baliatzen testosteronaren eragin anabolikoez edo hark errendimenduan dakarren hobekuntzaz. XY atleta transgeneroek («gizonezko biologikoak») eta sexu garapenaren nahasmenduak izan baina androgenoekiko sentikorrak diren atletek, berriz, gizonezkoen kategorian lehiatu beharko dute.

«Iragarri dugun politikak zientzian du oinarria, eta mediku adituek egindakoa da», adierazi du Coventryk, eta azpimarratu ez dela bidezkoa eta zenbait kiroletan ez dela ziurra «gizonezko biologikoak» emakumezkoen mailan lehiatzea.

NOBk nabarmendu duenez, neurri berriak emakumezkoen mailaren «zuzentasuna, segurtasuna eta integritatea» babesten du. NOBk antolatutako lehiaketa guztietako diziplina guztietan sartuko da indarrean, besteak beste Olinpiar Jokoetan, baita banakako eta taldekako kiroletan ere. NOBk ez du zehaztu ea neurri berri hori aplikatuko duten oinarrizko eta aisiarako kirol egitasmoetan.

Azken Olinpiar Jokoetan, 2024an Parisen jokatutakoetan, zalaparta sortu zen Imane Khelif boxeolari aljeriarraren parte hartzearen inguruan. Khelifek urrezko domina irabazi zuen, urtebete lehenago sexu proba bat egin ondotik Munduko Txapelketatik kanporatua izan eta gero. 

NOBk iragarri duen neurri bera aplikatu zuen iaz Nazioarteko Atletismo Federazioak. Irailean, Munduko Txapelketa jokatu zuten Tokion, eta, horretan parte hartzeko, test genetiko bat egitera behartu zituzten emakumezkoen probetan parte hartu nahi zuten atletak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!