Nogen, Janus Lester, Brigade Loco eta Sune ariko dira zaleen gunean, Sevillan

Egun osoko egitaraua atondu dute. 11:00etan irekiko dituzte ateak, eta 18:30ean kalejira estadiora abiatuko da, txarangak girotuta. Finaleko sarrera ez dutenek pantaila handietan ikusi ahalko dute partida.

Sevillako zaleen gunea aurkezteko prentsaurrekoa, gaur, Anoetan. GORKA RUBIO / FOKU
Sevillako zaleen gunea aurkezteko prentsaurrekoa, gaur, Anoetan. GORKA RUBIO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2026ko apirilaren 13a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ate joka dago Espainiako Kopako finala, eta realzaleak astebururako prestatzen ari dira. Hainbat eta hainbat joango dira Sevillara, eta Realak egun osoko egitaraua atondu du, adin guztiei zuzenduta. Karlos III.aren etorbidean egongo da zaleen gunea, Santa Justa tren geralekutik gertu, eta 11:00etan irekiko dituzte ateak. 18:30ean kalejira abiatuko dute Cartuja estadiora, Ilargi txarangak girotuta; finalerako sarrerarik ez dutenek pantaila handietan ikusi ahalko dute partida. Finala bukatu eta ordubetera itxiko dute gunea. Sarbidea doakoa izango da, baina edukiera mugatua izango du.

Musika eta festa izango dira nagusi, beraz. Hainbat musikari ariko dira egun osoan: Txolas dj-a, Zeatikez, Tinez, Alex del Toro dj-a, Nogen, Janus Lester, Brigade Loco, Sune eta Aitor Garcia dj-a. Azken horrek partida ondoren joko du.

Horrez gainera, jateko eta edateko guneak egongo dira —ezingo da eskudirutan ordaindu—; baita haurrentzako txokoa ere. Bertan futbolinak, photocall-a, aurpegia pintatzeko materiala, futbol zelaia, edoskitze gunea eta beste izango dira.

Bestalde, jakina da finalerako sarrerak digitalak izango direla. Beraz, ezinbestekoa izango da mugikorra kargatuta eramatea. Arazorik ez izateko, Realak sakelako telefonoak kargatzeko guneak jarriko ditu. Hala ere, kargagailua norberak eraman beharko du.

Zaleen gunea estadiotik 1,4 kilometrotara egongo da, hogei minutura oinez. Zaleek kalejiran egingo dute Cartujarako bidea. Ohartarazi dutenez, milaka lagun elkarrekin iritsiko dira, eta, beraz, pazientzia izateko eskatu dute. 

Cartuja estadioko ateak 18:00etan irekiko dituzte, partida hasi baino hiru ordu lehenago. Behin kontrola pasatuta, jateko eta edateko aukera ere egongo da estadio inguruan. Horrez gain, estadioan mosaikoa osatuko dute —ez dute argitu nolakoa izango den—.

Sarrerarik ez dutenek eta zaleen gunean geratzen direnek, berriz, pantaila handietan ikusi ahalko dute finala. Eta partida hasi bitartean ere animazioa egongo da.

Realak adierazi duenez, bi arretagune egongo dira, bat zaleen gunean, eta bestea estadioko leihatilan. Finalerako informazioa biltzen duen webgune bat ere prestatu dute: kopakofinala.realsociedad.eus

egitaraua

  • 11:00-11:45: Txolas dj-a.
  • 11:45-12:15: Zeatikez.
  • 12.30-13:00: Tinez. 
  • 13:00-13:40: Alex del Toro dj-a. 
  • 13:40-14:25: Nogen

    .

  • 14:25-14:45: Txolas dj-a.

     

  • 15:00-15:45: Janus Lester.

  • 15:45-16:20: Konexioa Donostiarekin eta ekintzak zaleekin.

     

  • 16:20-17:05: Brigade Loco.

  • 17:05-17:40: Alex del Toro dj-a.

     

  • 17:40-17:45: Txurdin.

     

  • 17:45-18:30: Sune.

     

  • 18:30: Kalejira estadiora, Ilargi txarangak girotuta.

     

  • 19:00-20:30: Txolas dj-a.

     

  • 20:30-21:00: Konexioa Donostiarekin.

     

  • 21:00-23:00: Finala.

     

  • 23:00-00:00: Aitor Garcia dj-a.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA