Noizbait positibo emaniko Errusiako kirolari guztiak, Jokoetatik kanpo

Zazpi igerilarik eta hiru arraunlarik nazioarteko federazioen debekua jaso dute dagoeneko. Errusiak debeku gehiago espero ditu

Imanol Magro Eizmendi.
2016ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Noizbait positibo eman duten Errusiako kirolariek ezingo dute parte hartu Rioko Olinpiar Jokoetan. NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeak hala ebatzi zuen herenegun. Nazioarteko kirol federazioen esku utzi zuen Errusiari jarri beharreko zigorra banatzea, eta banaka-banaka debekua jaso duten kirolarien zerrendak ematen ari dira. Kirolari gehienek jaso dute baimena, baina ez denek, hainbat direlako positibo emanikoak. Nazioarteko Igeriketa Federazioak, esaterako, Errusiako zazpi igerilariri parte hartzea debekatu die, eta arraunekoak, hiruri. Kasu bat lazgarria da, zortziko ontzian egiten duelako arraun, eta talde osoa gelditu da kanpoan.

NOBk herenegun eman zuen Errusiako kirola zipriztindu duen dopin aferaren inguruko ebazpena. WADA Dopinaren Aurkako Munduko Agentziak nazio mailako dopin sistema salatu arren, NOBk Errusiako delegazio osoa Jokoetatik kanpo ez uztea erabaki zuen. Kasuz kasu erabaki behar zela ondorioztatu, eta olinpiar kirolak kudeatzen dituzten nazioarteko 27 federazioen esku utzi zuen erabakia. Federazioek beraiek eskaturiko neurria zen, ez baitzuten bidezko ikusten inoiz positibo eman gabeko kirolariak zigortzea. Hori bai, noizbait positibo emanikoek ezingo dute parte hartu.

Federazioak hasiak dira zerrendak ezagutarazten. Atletismokoak parte hartzaile bakarra baimenduko duela jakina zen, Daria Klixina luzerako jauzilaria, AEBetan entrenatzen delako. Bada, atzo igeriketa eta arraun federazioek eman zuten debekuen berri. Nikita Lobintsev, Vladimir Morozov, Daria Ustinova, Mijail Dovgaliuk, Iulia Efimova, Natalia Lovtcova eta Anastasia Krapivina igerilariak ez dira ariko Jokoetan. Lehen hirurak WADAren txostenean agertu zirelako, eta beste laurak Errusiako Olinpiar Batzordeak berak utzi ditu kanpoan. Arraunean, berriz, Korobelstxikov, Podxivalov eta Balandin dira zigortuak. Hirurak taldeka aritzen dira, eta, haiek ordezkatzeko beranduegi denez, hamabost dira lehiatu ezingo diren arraunlariak.

Alexander Zhukov Errusiako Olinpiar Batzordeko burua gaiari buruz mintzatu zen atzo: «Ez dut informazio handirik, baina ziur nago gehiago izango direla». Ez zuen argibiderik eman, baina txirrindularitzan eta halterofilian debeku gehiago espero dira, noizbait positibo emaniko kirolariak baitaude deialdietan. Illnur Zakarin txirrindularia kasurako. Zhukovek esan duenez, TASera joko du debeku zerrenda guztiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.