Ohorezko txanda berdin; postuak, aldiz, ez

Larunbatean hasiko da Eusko Label liga. Entrenatzaile guztiek uste dute Orio izango dela denboraldiko faboritoa. San Juanek eta Aresek hartu dute iaz San Pedrok eta Bueuk utzitako tokia.

Euskadiko Traineru Txapelketa, Bermeon (Bizkaia), ekainean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Euskadiko Traineru Txapelketa, Bermeon (Bizkaia), ekainean. ARITZ LOIOLA / FOKU
nerea intxausti
2025eko uztailaren 3a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

inkesta

  1. Zer helburu ditu zure taldeak aurten?
  2. Zer moduz ikusten dituzu aurkariak?

«Bestelako proiektu bat gara azken hiru urteetakoarekin alderatuta»

JON SALSAMENDI
Urdaibaiko entrenatzailea

Jon Salsamendi. AITOR ARRIZABALAGA
Jon Salsamendi. AITOR ARRIZABALAGA


1. Badakigu azken hiru urtetako zama historiko hori gure gain hartu beharko dugula. Baina bestelako proiektu bat gara azken hiru urteetakoarekin alderatuta. Emaitzen aurretik beste helburu bat daukagu: egingo dugunari balioa ematea, aurreko urteetakoarekin konparatu gabe. Arraunlariek ez dute merezi.

2. Iazko laurek dituzte ohorezko txandan egoteko aukera gehien, baina esango nuke Orioren eta Bermeoren rolak aldatu egin direla. Uste dut Orio izango dela faborito nagusia, hiru txapelketak irabazi baititu, eta, gainera, kontuan hartu behar da nolako taldea sortu duen. Baina utz diezaiegun estropadei eta itsasoari bakoitza bere tokian jartzen.

 

«Liga ez da bizpahiruren kontua izango: aurtengoa irekiagoa izango da»

DANIEL PEREZ
Zierbenako entrenatzailea

(ID_17507602015945) Daniel Perez
Daniel Perez. AITOR ARRIZABALAGA

1. Ohorezko txandan egotea eta estropada bakoitzean borrokatzea ahalik eta goren egoteko; ea banderarik lortzen dugun. Jende indartsua galdu dugu, baina taldeko pisua findu dugu; beraz, esango nuke orekatu dugula. Ikusiko dugu besteak bezain lehiakorrak garen; entrenamenduen eta txapelketen arabera, bagara. 

2. Orio, Donostiarra eta Bermeoren kontra lehiatu beharko dugu; Getaria eta Hondarribia ere gehituko nituzke, arriskutsuak izan daitezke eta. Liga ez da bizpahiruren kontua izango: aurtengoa irekiagoa izango da; hori bai, Orio da faborito nagusia. Esango nuke ligan nagusituko direla, banderetan baino gehiago.

 

«Beste urtebetez egon nahiko genuke borrokan, ohorezko txandan»

IGOR MAKAZAGA
Donostiarrako entrenatzailea

(ID_17507597797745) Igor Makazaga
Igor Makazaga. AITOR ARRIZABALAGA

1. Onenen arteko borrokan aritzea. Lau urte badira hirugarren eta laugarren gabiltzala, ohorezko txandan, eta beste urtebetez egon nahiko genuke borroka horretan. Berrikuntza da B ontzitik hiru mutil igo ditugula, baina, gainontzean, jarraipena eman nahi diogu orain arteko lanari, eta beste urrats bat egin. 

2. Orio oso ondo ikusten dut, indartuta; gainontzekoen artean narbamenduko nuke. Zierbena gu bezala ikusten dut, iazkoaren antzeko ildoan. Bermeo eta Hondarribia iaz baino pittin bat ahulago ikusten ditut, itxuraz. San Juan ere tartean ibiliko da taldeak daukan testuinguru emozionalarengatik eta daukan potentzialagatik.

 

«Presioa baino gehiago nabari ditugu gogoa eta ilusioa; sinetsi behar dute gai direla irabazteko»

IKER ZABALA
Orioko entrenatzailea

(ID_17507596134595) Iker Zabala
Iker Zabala. AITOR ARRIZABALAGA

1. Iaz egindakoarekin alderatuz aurrerapauso bat ematea, eta banderaren borrokan egotea. Horretarako, taldea apur bat indartu dugu, ez asko. Segida emango diot iaz Mikel Arostegik egindako izugarrizko denboraldi horri. Presioa baino gehiago nabari ditugu gogoa eta ilusioa; sinetsi behar dute gai direla edozeini irabazteko. Gainera, gehienak herrikoak dira, eta oso giro ona dute. 

2. Nahi baino indartsuago. Jendeak ezetz uste ohi du, baina irabaztea beti izaten da oso zaila. Gure aurkariak izango dira, batik bat, Zierbena, Donostiarra, eta Bermeo ere bai. Bandera irabazi nahi duenak horiei irabazi beharko die. Ondoren, saltoa nahiko handia izango da.

 

«Iaztik bederatzi arraunlarik utzi dute taldea. Kostako zaigu aurreko urteetako mailan aritzea»

MIKEL ORBAÑANOS
Hondarribiako entrenatzailea

(ID_17507596596995) Mikel Orbañanos
Mikel Orbañanos. AITOR ARRIZABALAGA

1. Ea gai garen erdialdean ibiltzeko, estutasunik pasatu gabe. Iazko denboralditik hona, bederatzi arraunlarik utzi dute taldea, eta ziklo aldaketa dator. Kostako zaigu aurreko urteetan aritu garen mailan aritzea. Berriro lanean hasi nahi dugu, berriro ondo aritzeko.

2. Baten batek irabazi nahi badu, Oriori aurre hartu beharko dio. Donostiarra, Zierbena eta Bermeo ere sartuko nituzke ohorezko txandan; baina ezingo dira despistatu Getariarekin, Ondarroarekin, Lekeitiorekin eta San Juanekin. Liga irekia izatea espero dut. Aurten, lehengo urtean ez bezala, inor ez da atzean geratuko. Horrek dena berdinduko du, eta liga are erakargarriagoa egin.

 

«Urte gogorra izan dugu: proiektu berri bat abiatuko dugu, jende berri askorekin»

ION LARRAÑAGA
Getariako entrenatzailea

(ID_17507595563705) Ion Larrañaga
Ion Larrañaga. AITOR ARRIZABALAGA

1. Helburu nagusia da azken bi postuetan ez egotea. Urte gogorra izan dugu: arraunlari askok utzi dute taldea, eta proiektu berri bat abiatuko dugu, jende berri askorekin. Horrek esan nahi du lan asko izan dugula, eta hasiera samarretik hasi garela.

2. Nahiko liga orekatua izango da. Lehen lau postuak nahiko garbi ikusten ditut: Orio, Urdaibai, Zierbena eta Donostiarra. Apur bat beherago ikusten ditut Hondarribia eta San Juan. Hori galiziarrak kontuan hartu gabe, horiek beti izaten baitira misterio hutsa. Baina behealdeko talde horretan sartuko balira, ondo etorriko litzaiguke, hala talde gehiago egongo baikinateke lehiatzen.

 

«Ontzi bat utzi nahiko genuke atzetik; ez badugu kanporaketa jokatu beharrik, hobeto»

OSERTZ ALDAI
Isuntzako entrenatzailea

(ID_17507594947535) Osertz Aldai
Osertz Aldai. AITOR ARRIZABALAGA

1. Helburua da Eusko Label ligan jarraitzea. Ontzi bat utzi nahiko genuke atzetik; ez badugu kanporaketa jokatu beharrik, hobeto. Goi mailan lehiatzea da gure helburua, eta gazteek arraun egin ahal izatea. Lehen txandan lehiatuko gara. Iaz ere hala nahi genuen, eta bigarrenean ibili ginen, baina hori ez da ezeren berme. 

2. Lehia handia egongo da, sei bat traineru antzera ibiliko gara eta: Kaiku, Cabo eta Ares, ustez; Ondarroak ere negu oso ona egin du, San Juanek ere bai; ikusiko dugu udan. Ohorezko txandan muturra sartzeko egongo da Hondarribia, eta bigarren txanda irabazten duen besteren bat.

 

«Aurten multzo bat egongo gara, ez dakit zenbatekoa, maila berdintsukoa»

IÑAKI ERRASTI
Ondarroako entrenatzailea

(ID_17507593993295) Iñaki Errasti
Iñaki Errasti. AITOR ARRIZABALAGA

1. Beste urtebetez gorenean jarraitzea. Bi ontzi behintzat atzean utzi nahiko genituzke. Taldeak zazpigarren ala zortzigarren egin lezake, baina, despistatuz gero, azken ere bai. Saiatuko gara erregularrak izaten, eta ea aukerarik dugun bigarren txandan sartzeko.

2. Iaz atzeko borrokan ibili ginen taldeek udara lasaia eduki genuen. Aurten, baina, multzo bat egongo gara, ez dakit zenbatekoa, maila berdintsukoa. Hori dela eta, edozein xehetasun garesti ordaindu liteke. Orio ikusten dut faborito: hiru txapelketak irabazi ditu. Seguru esango nuke San Juanek mailari eutsiko diola beste urte batez. 

 

«Helburua salbatzea da. Ezin dugu amestu hori baino gehiago lortzea»

IAGO DAVILA
Caboko entrenatzailea

(ID_17507599865115) Iago Davila
Iago Davila. AITOR ARRIZABALAGA

1. Helburua salbatzea da, argi eta garbi. Ezin dugu amestu hori baino gehiago lortzea. Taldearen %85-90 berria da, eta oso gazteak dira asko. Ez dakigu zer maila izango dugun aurkariekin alderatuz: urtero gertatzen zaigu. 

2. Uste dut Lekittarrarekin, Aresekin eta, beharbada, Kaikurekin lehiatuko garela. Baina ea oker nabilen, eta gehiago garen lehia berean, horrela aukera gehiago edukiko baititugu salbatzeko. Orio da faborito nagusia: liga irabazteko moduan da, eta, beharbada, Kontxa ere bai. Zierbena eta Donostiarra gertu ibiliko dira. San Juan oso gogor ikusten dut, bigarren txanda irabazteko moduan.

 

«Eroso egoteko, bigarren txandara egin nahiko genuke salto»

JON ELORTEGI
Kaikuko entrenatzailea

(ID_17507594458075) Jon Elortegi
Jon Elortegi. AITOR ARRIZABALAGA

1. Helburua da azken bi postuetan ez geratzea. Iaz hamargarren izan ginen, eta uste dut Ares eta San Juan —biak ere igo berriak— indartsu etorriko direla. Geroago ikusiko dugu sailkapenean apur bat gorago bukatu genezakeen; eroso egoteko, bigarren txandara egin nahiko genuke salto. 

2. Cabo, Ondarroa, Lekittarra... borroka horretan egongo gara. Ikusiko dugu igo diren biak nola aritzen diren. Ikusten dut sailkapenaren goiko aldean iaz baino borroka biziagoa izango dela, baina Oriok oso tripulazio indartsua dauka. Donostiarra, Zierbena eta Bermeo izango dira lehen txandan.

 

«Iazko sailkapenarekin alderatuta, erdiko ontzien pare geundeke»

JOSEBA FERNANDEZ
San Juango entrenatzailea

(ID_17507593420655) Joseba Fernandez
Joseba Fernandez. AITOR ARRIZABALAGA

1. Ez dugu helburu zehatzik, baina, aldi berean, anbizioa dugu. Orain arte frogatu dugu ondo aritu gaitezkeela. Iazko ligako sailkapenarekin alderatuta, erdiko ontzien pare geundeke; batzuetan, baita aurretik ere. Horrek, igo berriak izanda, motibatzen gaitu. Taldea martxan jarri nahi dugu, eta sendotu. Lan bikaina egin behar dugu emaitzak lortzeko.

2. Orio da faborito nagusia; Zierbena azken urteetan bezala ibiliko da, Bermeok lortu du talde bikaina osatzea eta Donostiarrak eutsi egin dio arraunlari multzoari. Besteok zain egon beharko dugu horiek noiz huts egin, muturra tartean sartzeko.

 

«Beheko ontziak parekoak izango dira, eta ohi baino saltsa handiagoa egongo da»

JOSE MANUEL PELAEZ
Areseko entrenatzailea

(ID_17507601264195) Jose Manuel Pelaez
Jose Manuel Pelaez. AITOR ARRIZABALAGA

1. Ligan eustea eta, ondo bidean, Kontxarako sailkatzea. Neguan ondo egin dugu lan. Ea behar bezain ondo aritzen garen, Eusko Label ligan ezin baita inoiz jakin.

2. Zaila dugu jakitea. Printzipioz, Cabo, Kaiku, Lekittarra eta Ondarroa izango dira gure lahiakide; San Juan apur bat gainetik egongo da, edo hala behar luke. Uste dut Donostiarra, Zierbena, Orio, Urdaibai eta Hondarribia gainetik daudela. Baina gainerakoak oso lurtar ikusten ditut, estropadaren batean branka erakusteko moduan. Bosgarren postutik beherako ontziak parekoak izango dira, eta ohi baino saltsa handiagoa egongo da.

EGUTEGIA

  • Larunbatean. Bilbo.
  • Igandean. Sestao.

  • Uztailak 12. Donostia.

  • Uztailak 13. Zierbena.

  • Uztailak 19. Pasai Donibane.

  • Uztailak 20. Orio.

  • Uztailak 26. Getxo.

  • Uztailak 27. Castro Urdiales (Espainia).

  • Abuztuak 2. Hondarribia.

  • Abuztuak 3. Lekeitio.

  • Abuztuak 9. Pobra do Caramiñal (Galizia).

  • Abuztuak 10. Boiro (Galizia).

  • Abuztuak 16. Zarautz.

  • Abuztuak 17. Zarautz.

  • Abuztuak 23. Ondarroa.

  • Abuztuak 24. Getaria.

  • Abuztuak 30. Bueu (Galizia).

  • Abuztuak 31. Ares (Galizia).

  • Irailak 20. Bermeo (kanporaketa).

  • Irailak 21. Portugalete (kanporaketa).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.