Futbola

Oilarrak bidea eten gura dio txingurriari

Joseba Etxeberriaren Eibarrek Ernesto Valverderen Athleticen bolada ona eten gura du gaur. Kopan indarrak neurtu zituzten azken aldian armaginak nagusitu ziren. Ipurua bete egingo da.

(ID_13463346) ATHLETIC-EIBAR.
Denboraldiaurrean jokatu zuten azkenekoz bi taldeek, Sestaoko Las Llanas futbol zelaian. MIGUEL TONA / EFE
haritz gallastegi
2024ko urtarrilaren 7a
05:05
Entzun

Espainiako Kopa berez da txapelketa erakargarria. Maila ezberdinetako taldeei indarrak neurtzeko aukera ematen die. Talderik «ahulenaren» etxean jokatzeak berdindu egiten ditu kanporaketak, eta, gainera, jarraitzaileen artean ilusioa pizten du. Bada, osagai horiei guztiei derbia izango dela gehituz gero, areagotu egiten da norgehiagokaren interesa.

Eibar eta Athletic aurrez aurre, Kopako final-hamaseirenetan (19:00, Movistar Liga de Campeones). Ipurua ere gainezka egongo da. Lepo. Zozketa egin zenetik sekulako borroka egon da zaleen artean sarrerak lortzeko. Askok nahi izan dute Ipuruan egon, baina ez dago denentzat lekurik.

Ederra dator eta euskal derbia. Eibarrentzat urteko lehen partida izango da Gabonetako etenaldiaren ostean. Armaginen taldeak mimoz prestatu ahal izan du kanporaketa. Denbora izan du. Athletic, berriz, Sanchez Pizjuanen irabazteak ematen duen indarrarekin zelairatuko da. Neke apur bat pilatuta. baina konfiantzaz gainezka. «Athleticentzat urteroko ilusioa da Kopa. Eibarrek, berriz, ligan dauka begia jarrita. Talde armaginak gutxi du galtzeko eta asko irabazteko. Bada, horrelako aurkariak arriskutsuak izan daitezke. Eibarrek maila oneko taldea dauka eta zaleen aurrean jokatuko du.

Horrelakoetan, ohikoak dira ezustekoak», adierazi dio BERRIAri Txema Añibarrok. Zeberioko erdiko atzelari ohia entrenatzaile lanetan murgilduta dabil gaur egun. Bi klubak oso ondo ezagutzen ditu, barrutik. Eibar talderik zirraragarrienaren kapitaina izan zen. Bigarren B Mailatik Lehen Mailara errenkadan igo zuen talde ahaztezin hartako zutabe nagusietako bat. Behin jokatzeari utzi zionean, Lezaman hasi zen teknikari lanetan —gaur egun, Anaitasuna zuzentzen du—. Sekreturik ez duten bi etxe dira harentzat. Gainera, astero-astero gertutik jarraitzen ditu. Talde baten zein bestearen indarguneak aletu ditu. «Athletic sasoian dago. Joko, presio eta erritmo aldetik bikain jokatzen ari da. Aurrerapausoa eman du. Eibar, berriz, oso indartsua da Ipuruan. Jokalari onak ditu, eta askotan nagusitzen da. Gainera, Stoitxkov eta Aketxe jokalariek gol sena daukate».

Futbolean ezinezkorik ez dago. Txikiak handia mendean hartzea ez da horren arraroa, eta Kopan are eta ohikoagoa da. Zale armaginek oraindik ez dute ahaztu duela hamahiru urte gertatu zena. 2012ko abenduaren 12a iltzatua dute euren oroimenean. Gaizka Garitanoren Eibarrek kanpoan utzi zuen Marcelo Bielsaren Athletic San Mamesen. Joanekoan hutsean berdindu ostean banakoarekin amaitu zen itzulikoa. Etxetik kanpo sartutako golari esker sailkatu zen Eibar. Mikel Arruabarrenak penaltiz egindako golaren saria izan zen. Bada, orduko Eibar Bigarren B Mailan ari zen, eta ez zegoen unerik gozoenean Athleticen kontra indarrak neurtu zituenean. «Ederra izan zen. Bolada txarrean geunden. Neurketa asko kateatu genituen irabazi ezinik. Bada, kanporaketa hori mugarri izan zen. San Mamesen Athletic kanporatu ostean, taldea itxuraldatu egin zen», esan du Añibarrok, «Urtea izan zen ederra. San Mameseko lorpena, igoera, taldean sortu zen giro berezia… Bigarren Mailara igo ginen urtea Lehen Milara igo ginenekoa baino politagoa izan zen».

Eibar Bizkaiako mugatik gertu dago, eta beti egon da zale zuri-gorri asko. Realekoak ere makina bat dira, baina azken urteotan gauzak aldatu egin dira. Etxeko taldeak aurrea hartu die bi taldeei herritarren lehentasunetan. «Eibartarra, lehen, Athleticekoa eta Realekoa zen, eta Eibar bigarren talde gisa zuen. Hori aldatu egin da. Orain, jarraitzaileak herriko taldekoak dira, eta ondoren daude beste biak. Klubak azken urteotan egin duen lan bikainaren isla da. Eibar sentimendua asko handitu da herrian». Añibarro berari ere aspaldi lapurtu zion bihotza armaginen klubak. «Bihotzak Eibarren alde egitea eskatzen dit. Bat eta huts irabaziko du. Ederra izango zen Eibar gorengo mailara itzultzea Kopan aurrera eginda, eta Athletic Europarako sailkatzea».

Gaurko beste partidak

Amorebietak, Osasunak eta Realak gaur jokatuko dute. Bizkaitarrek ezustean hartu nahi dute etxean Celta (12:00, Movistar Plus). Nafarrek eta gipuzkoarrek, berriz, ez dute ezustekorik nahi aurkari apalagoen aurka: gorritxoak Castellon ariko dira (16:00, Movistar Plus), eta txuri-urdinak Malagan (21:00, La2 eta TDP).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.