-CLIMAMIO: A Multzoko lehen postuan bukatu du lehen fasea, eta, iaz egin zuen bezala, Lauko Finalean sartzea du helburu. Boloniako taldeak joko bizia gustuko duela utzi du agerian lehen fasean, batez ere erasora bideratuta. Mugikortasun handiko jokalariak ditu, kanpotik jaurti dezaketen jokalari onekin, kontraerasoan erraz ateratzen direnak, aukera txikienaren aurrean. Sei jokalarik soatzen dute taldeko bizkarrezurra: Vujanic, Douglas, Basile, Smodis, Lorbek eta Rancik. Kanpoko lerroaren eta saskipearen artean oreka bikaina dute.
Defentsan dute hutsunerik handiena, batez ere erasoarekin itsutzen direlako sarri. Aurkariak erritmo lasaiagoa jartzen badu, eta puntu gutxiko partida jokatu, arazo franko izan ohi ditu Boloniako taldeak. Arazoak arazo, eskarmentu handiko jokalariak ditu, erantzukizuna hartzeko gertu dauden jokalariekin, taldea bide onera eramateko. Joan zen denboraldian Lauko Finalean sartu zen Repesak zuzentzen duen taldea, eta hainbat aldaketa egin arren, errepikatzeko aukera du.
-PANATHINAIKOS: Euroligako lehen fasean greziarren kontra jokatu du Tauk, eta aurkari gogorra dela esan beharrik ez dago. Haiek ere gustuko dute erritmo bizia, korrika egiteko talde aparta baitu. Geldikako jokoan ere ondo moldatzen da, jokalari gehientsuenek mugikortasun handia baitute. Saskipeko jokalariek ere eskumutur fina dute lau-bost metro ingurutik jaurtitzeko, eta horrek min egin diezaioke Baskoniari.
Kanpoko lerroan jokalari zitalak dituzte, eta aukera izatekotan, partida guztiz apur dezakete. Guzti horri azken orduko fitxaketa on bat gehitu behar zaio: Kutluay fitxatu dute, turkiarrak NBAn jokatzeko saiakera egin ondoren. AEBetatik heltzen diren jokalariak sasoi betean heltzen ez badira ere, Obradovicek taldearen dinamikan murgiltzeko denbora du. Kutluayk aukera asko eskainiko dio taldeari une larriei aurre egiteko. Ahuluneez mintzo, Panathinaikosek arazo handiak izan ditu bere piboten lana galarazten duten taldeen kontra. Tauren kontra Gasteizen jokatu zuten partidan 28 jaurtiketa egin zituzten saskitik gertu, eta beste hainbeste hiruko marratik.
-ZALGIRIS KAUNAS: Tauren hirugarren aurkaria ere beldurra emateko modukoa da. Lituaniako saskibaloia harrobi amaigabea da, eta bertako jokalariei maila goreneko atzerritarrak gehitzen bazaizkie, talde biribila osatzen da, Zalgiris Kaunas kasu. Arvydas Sabonis jokatzeko moduan egongo den aurreratzerik ez dago, baina Tsar-a gabe ere edozein talde har dezake mendean Zalgirisek. Tanoka Beard, Robert Pack, Timinskas eta Salenga dira garrantzi gehien berenganatzen duten jokalariak, Gineviciusek taldearen gidaritzan egiten duen lan aparta gutxietsi gabe.
Jokalari horiek eskarmentu itzela dute maila goreneko txapelketetan, eta oso zaila gertatzen da haien jokoa gelditzea. Zalgiriseko gazteekin ere ezin fidatu. Badute zer hobetu, baina min handia egin dezakete, aukera emanez gero. Antanas Sireika entrenatzaileak, halere, aurretik aipatutako boskotean du konfiantza osoa. Haiek jokatzen dituzte partidako minutu gehienak.
-
erreakzioak
J. KEREJETA (Tauko presidentea)
«Multzo errazagoa nahiko genuke, baina ezer gutxi egin dezakegu dagoeneko»
«Top 16an maila goreneko taldeak daude, aurkari zailak egokitzen zaizkigu beti, baina multzo errazagoa nahiko genuke», esan zuen Tauko presidenteak. «Denboraldiko une honetan, partida asko jokatu ondoren, taldeak osatuagoak daude, eta lehen fasearekin alderatuta aldaketa dezente izango direla uste dut». Kerejeta, halere, egun Euroligako zozketa baino garrantzi gehiago duen txapelketaren garrantziaz, Kopaz, mintzatu zen zabalago.
P. PRIGIONI (Tauko jokalaria)
«Beste taldeek duten aukera bera duguaurrera egiteko»
Pablo Prigioni Tauko joko banatzaileak Euroligako final-laurdenetarako sailkatzea taldearen esku dagoela adierazi zuen: «Oso zaila gertatuko zaigu, baina beste taldeek dituzten aukera berberak ditugu aurrera egiteko», azpimarratu zuen. «Oso multzo parekatua izango da, partida oso orekatuekin», aurreratu zuen. «Lehen bi partidak, etxean jokatuko ditugunak, garrantzitsuak izango dira Panathinaikosen aurka lasaiago jokatu ahal izateko».
D. IVANOVIC (Tauko teknikaria)
«Lehen bi partidak etxean jokatzeak gure alde egiten du hasiera batean»
«Hasiera batean egutegiak gure alde egiten du, lehen bi partidak etxean jokatuko baititugu», adierazi zuen Dusko Ivanovic entrenatzaileak. «Multzoan ditugun talde guztiek aurrera egiteko aukera dute», iritzi zion, aurkari denen maila ona dela agerian utzi nahian. Lehen partida Koparen ostean jokatzeari buruz ere mintzatu zen serbiarra: «Orain dela bi urteko akatsetatik ikasi behar dugu. Euroligan garesti ordaindu genuen Kopako titulua».