Parisko olinpiar jokoak

Olinpiar sua Euskal Herritik igaroko da 2024ko maiatzean

Gaur iragarri dute Parisko Olinpiar Jokoak pizteko erabiliko duten suak egingo duen ibilbidea: datorren urteko maiatzaren 20an, Lapurdiko bost herritatik pasako da

Olinpiar zuzia pizten, Atenasen, 2021ean, Pekingo 2022ko Neguko Olinpiar Jokoetarako. YANNIS KOLESIDIS / EFE
2023ko ekainaren 23a
17:25
Entzun

2024ko uztailaren 24ean hasiko dira Olinpiar Jokoak Parisen. Horiek pizteko erabiliko dute olinpiar sua apirilaren 16an piztuko dute Olinpian (Grezia), ohi bezala. Ondoren, eskuz esku eramango dute Pariseraino, 11.000 txanda inguru eginez. Korrikalari bakoitzak 200 metro inguru egingo ditu. Maiatzaren 20an, Euskal Herritik igaroko da sua.

Egun horretan, Donibane Lohizunetik, Miarritzetik, eta Angelutik igaro ostean, Baionarako bidea hartuko du zuziak, eta gero Hazparnera. Ondoren, Euskal Herritik aterako da, Biarno aldera.

Kostatik ibiliko da beraz, eta surfari eskainiko diote tarte hori. Hazparnen, berriz, pilota omenduko dute.

Sua igarotzeak «poza eta plazera ekarriko ditu, eta gogoetan geratuko da», idatzi du Pirinio Atlantikoetako kontseiluko presidente Jean-Jacques Lasserrek. Izan ere, suaren ibilbidean sartzeko ahalegin berezia egin du haren erakundeak. 180.000 euro ordaindu ditu horretarako, beste erakunde askok uko egin badiote ere halako gastua egiteari.

Kirolarekin lotuta ere, albiste izan zen Lasserre maiatzaren amaieran Baionako Aviron errugbi taldearen AB Etxea trebatokia zabaldu zutenean egin zituen adierazpen matxistengatik. Ez zuen barkamenik eskatu, eta «txantxa bat» izan zela adierazi zuen gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.