Imanol Alguacil izango da aurrerantzean Olympiakosen entrenatzailea. Greziako taldeak atzo jakinarazi zuen Jose Luis Mendilibar kargutik kendu zuela, eta gaur egin du ofizial Orioko (Gipuzkoa) entrenatzailearen fitxaketa. Mendilibar ez da izan azken egunetan Greziako taldetik kaleratu duten bakarra; izan ere, taldeak orain bi egun jakinarazi zuen Darko Kovacevic kirol zuzendariaren kargugabetzea.
2024ko otsailean heldu zen Mendilibar Pireora, entrenatzaile lanetan ibilbide oparoa egin eta gero. Athletic, Eibar, Osasuna eta Alaves entrenatu zituen, baita Valladolid, Levante eta Sevilla ere. Hain zuzen ere, 2023ko ekainaren 6an Sevillak Europa liga irabazi zuen, eta hori izan zen Mendilibarrek lortu zuen lehen garaikur garrantzitsua. Hurrengo denboraldian Txapeldunen Ligan estreinatu zen Zaldibarko entrenatzailea, baina ibilbide laburra izan zuen, urrian kaleratu egin baitzuten.

Olympiakosen ere lortu ditu garaikurrak. Iritsi eta hiru hilabetera, Konferentzia liga irabazi zuen, Fiorentina mendean hartuta (1-0). Hurrengo denboraldian beste bi titulu eskuratu zituen: Greziako Liga eta Kopa. Hala, 2025eko abenduan klubak 2027ra arte berritu zion kontratua. Zaleen ikur bihurtu zen Mendilibar, eta kantu bat ere egin zioten. Baina denboraldi honetan, emaitza txarrak tarteko, kargutik kendu dute.Â
Arabiako esperientzia ahaztutaÂ
Euskal Herrira begiratu du berriz ere Olympiakosek lemazaina aukeratzeko, Imanol Alguacilek hartuko baitu Graziako taldea zuzentzeko ardura hemendik aurrera. Otsailean kendu zuten kargutik Arabiako Al Shabab taldetik, eta ordutik entrenatzaile lanetan aritu gabe zegoen. Realeko aulkian goia jo zuen prestatzaileak 2021eko apirilaren 3an, Athleticen aurka Espainiako Kopa irabazita: 1-0. Taldea ere bost aldiz sailkatu zuen Europarako. Lau aldiz lehiatu zen Europa ligan, eta behin Txapeldunen Ligan.
Joko erakargarria eginez lortu zituen emaitza horiek. Baina ondoren taldeak behera egin zuen, bai emaitzetan bai jokoan, eta iazko apirilaren 24an klubari jakinarazi zion ez zuela karguan jarraituko —ekainean amaitzen zitzaion kontratua—. 2018an egin zuen Realeko lehen talderako urratsa Eusebio Sacristanen ordezko gisa. Ondoren klubak Asier Garitano fitxatu zuen, eta Realaren bigarren taldera itzuli zen. Baina Bergarako (Gipuzkoa) entrenatzailea abenduan kaleratu zuten, eta Imanol berriro lehen taldera itzuli zen. Guztira 339 neurketa ofizial zuzendu zituen.