Ondarroa eta San Juan: konfiantza dosia hartuta

Bihar jokatuko dute Euskadiko Traineru Txapelketa, Bermeon, 11:00etan. 'Antiguako Ama' eta 'Erreka' ontziek lan ona egin zuten Bizkaikoan eta Gipuzkoakoan, eta gustura eta indartsu daude, datorrenari heltzeko prest.

Iazko Euskadiko Traineru Txapelketako irudi bat. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iazko Euskadiko Traineru Txapelketako irudi bat. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2025eko ekainaren 7a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hitz bat errepikatu dute: motibazioa. Eta halaxe daude: motibatuta eta konfiantzaz. Ez da gutxiagorako. Emakumezkoetan, Ondarroak irabazi zuen joan den asteburuan Bizkaiko Traineru Txapelketa; eta gizonezkoetan, hirugarren amaitu zuen San Juanek Gipuzkoako Traineru Txapelketan, irabazlearengandik lau segundora —Oriok irabazi zuen—. Beraz, bihar Euskadiko Traineru Txapelketa jokatuko dute, Bermeon (Bizkaia), 11:00etan.

Ondarroarekin ariko dira lehian Kaiku, Portugalete, Deustu, Donostia Arraun Lagunak, Tolosaldea, Zarautz eta Hibaika. San Juanekin, berriz, Orio, Donostiarra, Hondarribia, Zierbena, Bermeo, Santurtzi eta Lekittarra. Talde horiek lortu zuten sailkatzea. Bai emakumezkoek bai gizonezkoek lau kaleko bi txandatan jokatuko dute estropada.

Prest daude Ondarroa eta San Juan. «Gustura» amaitu zituzten Bizkaiko eta Gipuzkoako txapelketak, eta egindako lana baloratu dute. Hala adierazi du Nahia Suarez Antiguako Ama ontziko patroiak: «Ziaboga eman ostean, arraunkera hobea hartu genuen; zeuden olatu apurrak aprobetxatu genituen, eta aurrerantz egin. Gure beharra ondo egin genuen». Bide beretik jo du Erreka ontziko arraunlari Joseba Rodriguezek ere: «Aurkariek estutu egin gintuzten hasieran, baina guk gurean segitu genuen, eta lan bikaina egin. Goikoen emaitza jakin gabe ere, bagenekien oso ondo ibiliko ginela».

Nola ez, konfiantza hartzeko balio izan die, eta, orain, beste erronka bat dute parean: Euskadiko Traineru Txapelketa. «Lehia handia dago, baina, gure lana ondo eginez gero, badakigu ondo ibil gaitezkeela. Oso zaila izango da, baina ea medaila bat lor dezakegun», adierazi du Suarezek. Anbiziotsu daude. Zortzi taldetik bost dira ETE ligakoak: Kaiku, Portugalete, Deustu, Zarautz eta Ondarroa bera.

Donostia Arraun Lagunak da txapelketa irabazteko faborito nagusia. Iaz nagusi izan ziren han-hemen, guztia irabazita: Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketak, Euskotren liga —bandera guztiak irabazita— eta Kontxa. Aurten ere, haiek gailendu dira Gipuzkoakoan.

«Lehia handia dago, baina, gure lana ondo eginez gero, badakigu ondo ibil gaitezkeela»

NAHIA SUAREZOndarroako patroia

Zalantza gehiago daude gizonezkoetan. Lau traineru nabarmendu ditu Rodriguezek: Bermeo, Zierbena, Orio eta Donostiarra. Bigarren txandan ariko diren lau ontziak, alegia. «Horien artean, ez dut bat ziurrik». Dena den, arreta osoa haien lanean jarri nahi izan du: «Gipuzkoako Txapelketan bezala aterako gara: dena emanda. Ondo entrenatu gara, eta motibazio handiz goaz estropada horretara. Gure lana egingo dugu, eta ikusiko da; nork daki zer gertatuko den».

Gogotsu

Hilabete eskas falta da ligari ekiteko, eta asteotako txapelketak aproposak dira talde bakoitza sasoiz nola dagoen aztertzeko. San Juaneko arraunlari gehienentzat lehen urtea izango da maila nagusian, baina Rodriguezek ez du inolako beldurrik. Kontrara, hori «motibazio bikoitza» dela aitortu du. Eskarmentu gutxi dute, baina ilusioa gainezka: «Gazte talde bat gara, gazte txoroz osatutako talde bat, eta ez dugu mugarik jartzen, beti nahi dugu gehiago».

Aldaketa gutxi izan dituzte taldean, eta lortu dute multzoari eustea. Hori ere alde dute: «Negu gogorra pasatu dugu. Entrenamenduetan lan oso ona egin dugu, eta uste dut ondo iritsiko garela ligara».

«Gazte talde bat gara, gazte txoroz osatutako talde bat, eta ez dugu mugarik jartzen, beti nahi dugu gehiago»

JOSEBA RODRIGUEZSan Juaneko arraunlaria

Helburuaz galdetuta, irmo erantzun du: «Ez dugu mugarik jarriko. Egunetik egunera hobetu nahi dugu, eta saiatu hurrengo estropada aurrekoa baino hobea egiten. Zer postutan geratuko garen? Hori inoiz ezin da jakin». Bigarren urtea du Rodriguezek Erreka ontzian, aurrenekoa Eusko Label ligan; gogotsu dago.

Baita Suarez ere. Hark ere bigarren urtea du Antiguako Ama ontzian. Eneritz Diezek ez du segituko, eta, beraz, Suarez izango da aurten patroi titularra. «Nire lana ahal dudan ondoen egin nahi dut; prest nago».

Euskotren ligan eta ETE ligan «maila altua» dagoela azpimarratu du patroiak. Horren erakusgarri Zarautzek Gipuzkoako Txapelketan egindako denbora. Hirugarren egin zuen; Donostia Arraun Lagunak eta Tolosaldea taldeek soilik amaitu zituzten lanak azkarrago, eta atzean utzi zituen, besteak beste, Orio, Hondarribia eta Hibaika. Bada zerbait. «ETE ligan oso talde indartsuak daude: Zarautz, San Juan, Kaiku... badakigu gugaz ibiliko direla borrokan. Eta gainerakoak ere ondo ari dira».

Ondarroak ere erakutsi du zertarako gai den; aintzat hartzeko taldea da, dudarik gabe. «Multzo polita dugu. Denboraldiaurre ona egin dugu, eta uste dugu aurreko urteetan baino hobeto ibil gaitezkeela».

Helburua, hauxe: «Ahal bada, ohorezko txandari eustea eta lehenengo postu inguruan ibiltzea. Eta, gero, kanporaketetara heltzea. Gure beharra ondo eginez gero, badakigu gerran ibiliko garela; ea». Kontxarako sailkatzea ere amets du Suarezek, baita Euskotren ligara igotzea ere. Argi esan du: «Euskadiko Txapelketa amaitu eta segidan hasiko da liga; bete-betean aritu nahi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.