Partiden atarian baikorra izan ohi da Jose Antonio Camacho. Atzo ere bai. «Taldea ondo ikusten dut nik beti», adierazi zuen Osasunako entrenatzaileak, Mutiloabeitiko kiroldegian (Nafarroa) asteko azken entrenamendua osatu eta gero -elurrak Taxoaren aritzea eragotzi zien-. Ba ondo baldin badago, erakustea tokatzen zaio Osasunari. Deportivoren zelaian jokatuko du gaur, eta Coruñan punturen bat batu ahal izateko «bete-betean» atera beharko dutela ohartarazi die Camachok jokalariei.
Izan ere, partida oso bat jokatu ondoren, edo bizpahiru emaitza on lortu eta gero, Osasuna ez da aurrerapausoa emateko gai. Joan den denboraldian, adibidez, nabarmen geratu zen hori. 30. jardunaldian 2-1 irabazi zion Athletici, eta izugarri sufritu ondoren salbazioa esku-eskura zeukala zirudien. Patxi Izko presidentea ere ahobero mintzatu zen. Liga amaitu bitartean, ordea, aurreko hilabeteetan baino miseria gehiago pasatu zituzten gorritxoek.
Sasoi honetan ere gertatu zaio halako zerbait, oraindik ere 16 jardunaldi baino jokatu ez diren arren. Laugarren eta bosgarren jardunaldiko partidak irabazita, seigarrenean aurrerapausoa emateko aukera ezin hobea zuen, baina kale Getafen. Hurrena, beste hiru partida kateatu zituen alerik galdu gabe, eta tartean Bartzelona ahalguztidunarekin berdindu zuen Iruñean. Osasuna ez da, ordea, sentipen on horiei jarraipenna emateko gauza. Almerian hautsi zen boladatxo hori (2-0).
Eta orain hilabete pasatxo, azkenik, Zaragozan nagusitu zen aurrena, eta gero Malagan berdindu. Mallorcari etxean irabazita sailkapenean gora egiteko aukera bikaina zeukaten Camachok entrenatutako jokalariek. Ezin, ordea. Galtzaile etxean (0-1).
Real Madrilen kontra joan den astean lortutako puntuak eta emandako itxura onak, berriz, gorritxoak biziberritu ditu atzera. «Gauza asko ondo egin ditzakegula erakutsi dugu. Beti horrela jokatuko bagenu, liga irabazteko lehian ibiliko ginateke». Osasunako entrenatzaileak hitz horiek ahoratu zituen, bero zegoela, joan den igandean. Atzo, aldiz, esan zuen «arazoak» dauzkatela «ondo» zelairatzen ez diren bakoitzean. Beharbada, horregatik kostatzen ari zaio hainbeste aurrerapausoa ematea. Ondo egonagatik, erakusteko kapazak ez direlako, alegia. Horixe izan daiteke Osasunaren arazoetako bat.
Deportivori aurre egiteko, Camachok jokalari guztiak dauzka bere aginduetara, Sergio eta Oier lesionatuak izan ezik. Hemezortzi jokalari eraman ditu Coruñara, eta Dady deialditik kanpo geratu da, joan den ostegunean jokatutako Kopako partidan hasieratik aritu arren. Portugaldarra, baina, ez zen oso fin aritu. Camachok Real Madrilen kontra jokatu zutenak zelairatuko ditu, baina zalantza bat dauka. Roversiok ondo jokatu zuen, baina gaur, agian, Josetxok jokatuko du defentsaren erdialdean. Ikusteko dago.
Hilabete ligan irabazi gabe
Deportivo, berriz, aspaldi ez bezala dabil denboraldi honetan. Lau lehia soilik galdu ditu, eta seigarrena da sailkapenean. Gainera, Espainiako Kopako final-laurdenetarako sailkapena bideratu zuen joan den asteazkenean, Valentzian 1-2 irabazita. Miguel Angel Lotina entrenatzailea gustura dago Coruñan, lasai egiten ari den lanarekin, baina taldeak hilabete pasatxo darama partidarik irabazi gabe. Hori bai, tarte horretan Bartzelonak soilik hartu du mendean.
Ondo badago, erakuts dezala
Osasuna Deportivoren zelaian ariko da gaur. Camachok esan du taldeak «bete-betean» atera beharra daukala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu