Osasunak hiru puntuak eskuratu ditu gaur Cadizen aurka, Sadar estadioan. 3-2 irabazi dio azken-hirugarren jardunaldian; etxekoen golegileak Budimir (2) eta Roberto Torres izan dira. Kroaziako aurrelariak egin du lehen gola 38. minutuan, baina 49.ean berdindu egin du Saponjicek, penaltiz. Budimir azaldu da berriz, 75.ean, Osasuna aurretik jartzeko, eta Torresek egin du hirugarren gola, 86. minutuan, penaltiz. Kanpotarren bigarrena eta azkena Pereak egin du, 91.ean.
Osasunak 44 puntu dauzka orain, eta gaurkoarekin Jagoba Arrasatek taldeari jarritako helburua betetzen hasi da: ondo bukatzea liga. Haren ustez, oso garrantzitsua baita ondo amaitzea. Izan ere, kontrakoa eginez gero, datorrena ere "gaizki" hasiko litzatekeela dio. Azkeneko bi jardunaldietan hauek dira Osasunaren partidak: Atletico Madrilen zelaian datorren igandean, eta azkenekoa, Sadarren, Realaren aurka.