Onenak dira, eta den-dena nahi dute

Roglicek irabazi du etapa Xorret de Catin, eta Kussek lidergoa kendu dio Martinezi. Landa bosgarren postuan dago sailkapen nagusian

Primoz Roglic atzo, helmugan, Espainiako Vueltan lortutako garaipena ospatzen. MANUEL BRUQUE / EFE.
enaut agirrebengoa
2023ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Dena nahi duenak dena galtzen omen du. Ordea, esaerari entzungor ari zaio egiten Jumbo-Visma taldea Espainiako Vueltan: dena nahi dute, eta, oraingoz, nahi bezala dabiltza. Ostegunean etapa lortu zuen Sepp Kussek, eta gainontzeko hautagaiak atzeratu zituzten taldeko bi lemazainek, Primoz Roglicek eta Jonas Vingegaardek. Atzo, berriz, Roglicek lasterketako zortzigarren etapa eskuratu zuen, eta, aurrekoan behatz mamiez ukitu ondoren, elastiko gorria soineratu zuen Kussek. Tropeleko langilerik onenetako bat da estatubatuarra, baina lider jantzia ere ederki doakio. Hori bai, Vuelta Roglic edo Vingegaardekin irabaztea da taldearen plana. Herbeheretarrek asmo irmoa dute sasoi berean hiru itzuli handiak irabazteko, eta bide onetik doaz. Pozik agertu zen Roglic behin etapa amaitutakoan: «Berezia da Espainiako Vueltako liderra izatea. Orain, Jonasekin (Vingegaard) eta, jakina, Seppekin (Kuss) erabakiko dugu plana. Taldearentzat onena dena bilatzen dugu beti».

Dena den, helburu bat bete gabe utzi zuten atzo: Xorret de Catiko igoeran beste kolpe bat ematea hautagaien arteko borrokan. Remco Evenepoelek (Soudal) oso erritmo bizia ipini zuen maldan gora, eta Kuss izan zen sua pizten ausartu zen bakarra. Onenak batera iritsi ziren mendate gainera, eta, jaitsiera labur baten ondoren, esprinta jokatu zuten etapa irabazteko. Evenepoelek hartu zuen ekimena, baina azken bihurgunean aurrea hartu zion Roglicek, eta esloveniarrarentzat izan zen garaipena, Evenepoel eta Juan Ayusoren (UAE) aurretik. Vueltako 11 etapa ditu dagoeneko zorroan. Mikel Landa (Bahrain) 11. izan zen, eta bosgarren jarri sailkapenean, 2.29ra. Postu bat atzerago dago Evenepoel, hautagaien artean onena, 2.31ra. Orpoz orpo ditu Roglic, Vingegaard, Ayuso eta Enric Mas (Movistar); 21 segundoren barruan daude bost faboritoak.

Ia ordekarik gabeko etapa osatu zuen tropelak Denia eta Xorret de Cati artean: bost mendate igo behar izan zituen, eta beste aldapa eta muino ugari gainditu. Ibilbidea egokia zen ihesean aritzeko, eta, hainbat saiakeraren ondoren, 30 txirrindulari elkartu ziren lasterketa buruan. Euskal herritarrak ziren horietako bi: Jonathan Castroviejo (Ineos) eta Oier Lazkano (Movistar). Maila handiko multzoa osatu zuten, besteak beste Damiano Caruso (Bahrain), Romain Bardet (DSM), Rui Costa (Intermarche), Andreas Kron (Lotto) eta Cristian Rodriguezekin (Arkea).

Zailtasun handiko etapa izan zen aurrean sartu zirenentzat. Izan ere, anbizioz jokatu zuen Jumbok, eta lasterketa gogortzeko apustua egin atzean, lema Lenny Martinez (Groupama) liderraren eta haren taldearen esku utzi beharrean. Horrekin batera, aurrekoek lehia bizia izan zuten hautaketa egiteko. Su batean aritu ziren, baina multzoak ez zuen eztanda egin, eta oso apurka xehatu zen. Thomas De Gendtek (Lotto) bakarkako saiakera egin zuen urrundik, eta, hura harrapatu ostean, eraso eta kontraerasoka aritu ziren. Azkenean, laukote batek eragin zuen eten erabakigarria, helmugarako 40 kilometrora.

Lazkano, indar betean

Galbahea igaro zutenetako bat Lazkano izan zen. Arabarra ondo kokatuta egon zen une oro, eta indar erakustaldia egin zuen: zuloak itxi, erasoak jo, eta errelebo indartsuak eman zituen. Caruso, Costa eta Kron izan zituen bidaide Xorret de Catira bidean, garaipena lortzeko esperantzaz. Alabaina, laukotearen ilusioa ezerezean utzi zuten Roglic eta Vingegaarden taldekideek. Etapa garaipena eskuratu nahi zuten, eta, bide batez, Martinezek zeraman maillot gorria ere bai.

Azken igoerara iritsi eta berehala hasi zen sufritzen lasterketako liderra. Lazkanoren ahaleginak ere gutxi iraun zuen. Hura eta Costa izan ziren tropelak harrapatu zituen azken iheslariak. Behin onenen txanda iritsita, erasora jo zuen Kussek, eta inor ez zitzaion gurpilera atera. Evenepoel ez zen itsutu, eta pixkanaka itxi zuen zuloa. Flandriarrak erritmo bizian eraman zituen beste faboritoak, eta ez zitzaizkion oldartu. Alde horretatik, irabazle sentitu daiteke. Esprinta, ordea, ez zuen irabazi; etaparen ostean adierazi zuenez, ez zekien garaipena jokoan zegoela. Etapa amaitu berritan,Evenepoel haserre agertu zen bere buruarekin: «Etapa irabazi nahi nuen. Errepide hauetan entrenatzen naiz, eta irabazteko ilusio handia nuen. Atzo [herenegun] baino askoz hobeto egon naiz. Uste dut irabaz nezakeela».

Bihar atseden hartu aurretik, mendiko beste etapa bat jokatuko dute gaur, Cartagena eta Collado de la Cruz artean. Ibilbidea ez da gaurkoa bezain gorabeheratsua izango, baina helmuga bigarren mailako mendate batean egongo da, Caravaca de la Cruzen. Tarteka oso malda pikoak aurkituko dituzte azken igoeran, eta faboritoek adi ibili beharko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.