Asier Martinez

Onenekin buruz buru

Asier Martinezek seigarren egin du 110 metroko hesiduneko finalean, eta diploma olinpikoa lortu du. Atzetik aurrera egin du lasterketan, eta bost ehunen hobetu du bere markarik onena: 13.22.

Asier Martinez, ahalegin betean, gaur, finalean. ALBERTO ESTEVEZ EFE
ainara arratibel gascon
2021eko abuztuaren 5a
18:15
Entzun

«Atzetik datorren honekin lehiatu naiz. Kontu handiak dira horiek. Oraindik ez dut barneratu lehen egunean lortutakoa, bada, pentsa hau. Desiratzen nago Iruñera itzuli eta etxekoekin eta lagunekin behar den bezala ospatzeko». Ondotik zilarrezko domina kolkoratu duen atleta, Grant Holloway estatubatuarra igarotzen ari zela, ohikoa duen gertutasunarekin eta naturaltasunarekin mintzatu da Asier Martinez, 110 metroko hesiduneko finala amaitu berritan. Balentria handia egin du Tokion, eta, 21 urte besterik ez dituela, modu ezin hobean biribildu ditu bere estreinako Jokoak: seigarren izan da finalean, diploma olinpikoa lortu du, eta bere markarik onena hobetu du: 13.22. «Bi helburu nituen finalean: disfrutatzea eta, ahal bazen, nire markarik onena berriro ere hobetzea. Biak lortu ditut. Oso gustura nago, eta eskertuta nago denei, etxetik bidali didaten babesa handia izan baita. Emaitza hau denena da». Baina oinak lurrean ditu: «Onenekin lehiatu naiz hemen, eta hala jarraitzeko, gogor lan egiten segitu beharko dut».

Beste bost ehunen jan dizkio finalerdietan egindako marka bikainari. Jokoen aurretik 13.31 zen haren marka, eta hiru egunean ia hamar ehunen kendu dizkio: «Banekien 13.30etik beherako denbora egin nezakeela. Baina ez hainbeste. Beti izan dut inpostorearen sindromea, neuk ere sinesten ez nuen lekuetara iristeko gaitasuna, eta begira, lortu dut. Esan balidate, ez nuen sinetsiko». Markari eta diploma olinpikoari, gainera, sailkatze proba irabazi izana gehitu behar zaio. Estreinako Olinpiar Jokoetan oso gutxiren esku dago hori. Mugarriak jarriz joan da egunero Tokion.

Azken bi urteetan sekulako bilakaera izan du Martinezen ibilbideak: «Batez ere, konfinamenduaren ondoren, arreta osoa jarri nuen atletismoan. Gauza asko utzi behar nituen albo batera nire onena lortzeko. Iaz, oso marka onak egin genituen, baina aurten, entrenamenduak are zorrotzagoak eta kalitate handiagokoak izan dira, bai arlo teknikoan, baita fisikoan eta psikologikoan ere, eta iritsi dira emaitzak. Kirolari asko zor diot. Naizen modukoa naiz horri esker».

Loria bizitzen ari da, baina badaki kirolean ere garai zailak daudela: «Horretarako ere prestatu beharko dut, nola heldu jakiteko. Izan ere, kirolaren parte da». Baina argi du zer tokatzen den orain: «Bi asteko atsedena hartuko dut, eta, gero, berriz ere helduko diet entrenamenduei, ikasketak ahaztu gabe. Kirolaren eta ikasketen ikuspegitik formatzen jarraitu nahi dut». Politika zientziak ikasten ari da.

Finala Martinezek erakusten duen naturaltasunaren eta izan duen bilakaeraren isla izan da. Bigarren kaletik aritu da, eta buruz buru lehiatu da munduko espezialistarik onenekin, besteak beste, urrea irabazteko hautagai nagusiarekin: Holloway.

Bigarren kaleak, «mesede»

Irteeran, kontrarioek tartea hartu diote: «Denak oso indartsuak dira; gorpuzkera handia dute. Horrek ez du esan nahi ni gaizki ateratzen naizenik, baina goi mailakoekin ari naiz lehiatzen, buruz buru. Gainera, uste da indartsu ateratzea dena dela. Baina ez da nire estiloa. Nire entrenatzaileak [François Beoringyan] beti erakutsi dit azken hesietan dagoela gakoa, eta beti hesiekiko errespetuz azken metroetan estutu behar dela. Garaipen hau harena ere bada zati handi batean».

Andrew Pozzi britainiarra izan du alboan. Lehen hesietan, bizpahiru metro atera dizkio: «Alde horretatik, lasterketa gogorra eta arraroa izan da, eusteko asmoz asko estutu behar izan baitut. Baina bigarren kaletik irteteak mesede egin dit. Erdiko kaleetako zurrunbiloan ez egoteko modua eman dit, eta nire lasterketa egitekoa. Asko disfrutatu dut».

Azken 55 metro oso indartsu batzuei esker, bi lasterkariri aurrea hartu die: Pozziri berari eta Aurel Manga frantziarrari. Horrek eman dio seigarren postua eta diploma olinpikoa.

Urrezko domina, ezustean, Hansle Parchmententzat izan da. Jamaikarrak 13.04ko denbora egin du. Holloway sailkatu da haren atzetik (13.09), eta Ronald Levy jamaikarra (13.10) izan da hirugarren. Martinezentzat ezustea izan da Parchmentek irabaztea: «Niretzat, Holloway zen hautagai nagusia urrea irabazteko. Are gehiago, munduko marka ontzeko moduan zela pentsatzen nuen. Baina hesiak horrelakoak dira. Horregatik kateatzen zaituzte hainbeste».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.