Aitor Zubieta. Aspeko pilotaria

«Ongi sentitu arren, badakit asko kostako zaidala lehengo maila bera hartzea»

Bihar bost hilabete beteko dira eskuin belauneko lotailuko ebakuntza egin ziotenetik, eta igandean berriz ere jantziko da zuriz, epe guztiak apurtuta, inork uste zuen baino askoz azkarrago.

RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
Donostia
2011ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Igandean Astelenako kantxara ateratzen denean mamu beltzak baztertuko ditu Aitor Zubietak (Etxarri Aranatz, Nafarroa 1984). Egindako lan gogorrari esker, eta medikuaren aholkuei jarraituta, epeak laburtu ditu, eta uste baino lehenago itzuli da kantxetara. Irrikan dago berriz ere zuriz jantzi eta pilotari sentitzeko.

Galtza zuriak berriz janzteko irrikan egon behar duzu.

Hainbeste denbora pasatu ondoren, gogo handia dut zuriz jantzi eta errutinara itzultzeko. Badut urduritasun pixka bat sabelean, eta beldur edo zalantza izpiren bat ere badut, zuriz jantzita nola moldatuko naizen jakin arte.

Gorabeherarik izan duzu pisuarekin?

Antzera nago. Gimnasio lan asko egin nuen hasieran, baina azken hilabeteetan korrikan eta bizikletan ibili naiz. Gainera, ez naiz erraz gizentzen diren horietakoa.

Uste baino lehenago itzuli zara.

Bihar bost hilabete egingo ditut ebakuntza izan nuenetik. Lehen egunetik dena ondo joan da. Iosu Sagastibeltza medikuari esan genion bere esku zegoela guztia, ez geniola presarik sartuko. Nik ongi nengoela esaten nion, baina azken erabakia harena zen beti. Bera da arduraduna, eta berak agindu behar du.

Sendagileak ezarritako epeak bete dituzu, beraz?

Bai, argi nuen hasieratik. Pixkanaka joan gara, lan bakoitza bere erritmora betetzen. Belaunak jarri dizkigu epeak. Egia esan, oso azkar joan da dena, errekuperazioa oso ona izan da, eta medikua pozik dago. Maiatz erdialdera esan zidan prest egongo nintzela ekain hasierarako.

Nolako prozesua bete duzu?

Zortzigarren egunean, grapak kentzean, 100 gradu egiten nituen belauna erabat behartu gabe. Hortik aurrerakoa segituan joan da: bi astera makulurik gabe nengoen, eta giharreria azkar hartu nuen. Justo Lillorekin entrenatu naiz bukaera aldera, lasterketan eta pilotalekuan. Berak esaten dit zer egin hankak guztiz indartzeko, eta azken pausoak ziur emateko. Egia esan, oso pozik nago prozesu guztiarekin.

Zein izan da une gogorrena?

Zalantzarik gabe, lesioa eduki eta hurrengo egunak dira gogorrenak. Lehenengo lau-bost egunak negar batean pasatu nituen ia. Osatzeko lana nola izango zen jakitean, zertxobait lasaitu nintzen. Nire neska-lagunak eta familiak asko lagundu didate; zortea izan dut.

Min hartu zenuen unea burura etorri zaizu noizbait?

Hamaika aldiz. Askotan egin dut amets une horrekin. Lesio bat pasa ondoren, beti daukazu gogoan. Mila buelta ematen dizkiozu: pilota horren bila joan ez banintz, ez banintz irristatu... Ariketak egiten zoazen heinean, gozoago ikusten dira gauzak.

Igandean ere gogoan izango duzu?

Ziur baietz. Entrenatzean ere buruan izaten dut. Jokoan hasi arte ez dut ahaztuko.

Belauna sasoi betean daukazu?

Oso ongi sentitzen naiz. Entrenatzean oso gustura aritu naiz. Errealista izan behar dut, halere; ongi sentitu arren, badakit asko kostako zaidala lehengo maila bera hartzea. Partida batzuk behar ditut niregan konfiantza hartu eta jokoa hartzeko.

Ez da belaun horretan min hartu duzun lehen aldia.

Denbora asko neraman beldurrez. 2009ko abuztuaren 24an, Elgoibarren, partzialki urratu nuen, eta ordutik egon naiz beldur. Ondo osatu nintzen, baina... Hau guztia amaitzean bete-betean jokatzea izango dudala pentsatu behar dut orain.

Zer ikasi duzu?

Lagunek eta etxekoek duten garrantzia. Ez naute bakarrik utzi; beti egon dira nirekin. Kanpora joatean ere edozein lekutan jendeak ni itzultzeko gogoa duela esaten dit. Asko eskertzen dut ez nautela ahaztu ikustea.

Martxoan hasi zinen pilotalekuko lanarekin. Zaila egin al zaizu lehenago ez itzultzea?

Bai. Operatu eta bi hilabetera nengoen pilotalekuan. Medikuak ikaragarrizko zortea nuela esaten zidan, giharreria oso azkar hartu nuela. Baina oraindik oso bigun nuela ohartarazi zidan. Berak gelditu ninduen. Ez naiz sasoi betean aritu berak prest nengoela esan zidan arte.

Udari begira helbururik jarri duzu? Sanferminak akaso?

Hasieratik helbururik ez jartzea erabaki nuen, eta ondo joan zait horrela. Berdin jarraitu nahi dut orain, partidaz partida. Sanferminak jokatzea ikaragarri gustatuko litzaidake, inguruan bizi garenontzat oso torneo polita da. Baina hobe partidaz partida joatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.