Oposizioak, gora egiteko

2012an Bigarren Mailako hiru txapelak irabazi ondoren, bazirudien Lehen Mailako postua ziurtatua zuela Jaunarenak, baina oraindik bidea du arretik. Berak ere badaki.

Jon Jaunarena aurtengo Buruz Buruko Txapelketaren aurkezpenean, beste parte-hartzaileen artean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Tolosa
2014ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Ez diot horri begiratu behar, neure burua estutzea da. Nik badut gogoa partida batzuk irabazi, segurtasuna hartu, eta jauzi hori emateko. Baina ez da erraza, kontrarioek ere asko jokatzen dute. Nire lanarengatik ez da izango, baina asko saiatuagatik kontrarioa hor dago». Jon Jaunarena (Leitza, Gipuzkoa, 1992) azalpena ematera ohituta dago. Hori du ikusminaren erdian jokatzera behartuta egoteak. Debutatu zuenetik zaleek, enpresak... denek asko espero dute berarengandik, eta egoera kudeatzen ikasi du.

2012an Bigarren Mailako hiru txapelak irabazi ondoren, Lehen Mailan sartua zela zirudien. Azken txapelketetan, baina, lehen partidetan kanporatua izan da, eta binakakoan ordezko sartu zen. «Jendeak esaten dit. 'Zuk egin behar duzu', eta nik nire onena ematen dut. Estelarretan finkatzea, baina, zaila da. Iaz udan gehiago jokatu nituen, baina kosta egiten da hor irautea».

Estelar haiek, baina, goizegi iritsi ziren agian. Aurtengo udan gutxiago jokatu du, dozena bat partida, baina ondo ikusi du bere burua. Adinean gora ere egin du, eta konfiantzaz dago profesional mailako hirugarren urteari ekiteko. 86 kilo pisatzen du orain, debutatu zuenean baino sei gehiago, eta eskuak, bere buruhausterik handiena, zailtzen ari zaizkio: «Uda honetan hiru partida jokatu izan ditut asteren batean, edo bi entrenamendu egin eta gero jokatu. Hori, lehen, ezinezkoa zen. Partidatik partidara bazabiltza, ondo entrenatu gabe, zaila da jarraitutasuna hartzea».

Eta eskuekin batera, jokoa. Haren ustez, defentsan izan du bilakaera: «Dena dut hobetzeko, baina erasoan beti moldatu izan naiz, kolpearekin-eta. Aldiz, defentsan, zabaleko pilotak jasotzea kosta egin zait. Orain, aldiz, piloteoei hobeto eusten diedala uste dut. Goiko aurrelari guztiek ondo eusten diote, funtsezkoa da». Aurkari astunenak zeintzuk diren eskatuta, izen pare bat bota ditu: «Retegi, Idoate... ez dute galtzen».

Aspeko aurrelarien egoera asko aldatu azken egunetan. Titin III.aren erretiroak zulo handia utzi du, eta bide batez, estelarretan sartzeko tokia. «Egia da hori, pauso bat ematen duen pilotariak toki bat du. Partida batzuk irabazi eta jokoa hartzen duenak beteko du. Binakakoa ere hor dago. Motibazio bat izan behar da guztiontzat, baina asko gaude hor: Ezkurdia, Retegi, Aritz Lasa, Altuna... lehia estua da».

Pausoak emateko bidea behar da, eta orain lau t'erdikoa da Jaunarenaren ardura. Mikel Olaetxea du lehen aurkari, eta hura Beotibarren entrenatzen ikusten ari den bitartean mintzo da BERRIA-rekin. «Asko gustatzen zaidan pilotaria da. Nola erabiltzen duen ezkerra...». Nafarroako lau t'erdikoan Abel Barriolari irabazi izanak konfiantza eman zion. Olaetxeari irabaziz gero, hura izango du aurkari, Leitzako derbia. «Lehenbizi Olaetxea dago. Hanka sartzea litzateke hurrengoan pentsatzea. Olaetxeak asko jokatzen du lau t'erdian; oso zaila izango da irabaztea». Hitz zintzoak dira, ez baitakizeintzuk dituen adarreko zerrendaburuak. Olaizola II.a eta Bengoetxea VI.a dira.

Hasteko, Alegia

Lau t'erdiko txapelketa gaur hasiko da, Alegian (Gipuzkoa). Iker Arretxek eta Julen Retegik final-hamaseirenetako lehen kanporaketa jokatuko dute, eta irabazleakMikel Urrutikoetxea izango du aurkari. Ondo elkar ezagutzen dute, makina bat aldiz aritu baitira elkarren aurka. Retegiren lehen txapelketa partida da buruz buruko txapeldunorde izan zenetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.