Ordezkoak, titularren pare

Kaikuk zazpigarren bandera irabazi du San Miguel ligan, Hondarribikoa, ohikoak ez diren hiru arraunlari zituela tostetanTiranek eta Hondarribiak estu hartu dute, eta oraintxe, gertuen dituen aurkariak dira

Kaikuko trainerua, atzo, Hondarribian, ziaboga ematen; atzo ere ikusgarri ibili ziren bizkaitarrak. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2011ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Kaikuk bandera bat irabaztea ez da albistea. Gaur-gaurkoz, traineru indartsuena da, eta atzo ere, Hondarribian, horixe erakutsi zuen. Aurkariak mendean ditu, eta atzokoaren ondoren, oraindik gehiago. Izan ere, normalean titularrak izaten ez diren hiru arraunlarik egin zuten arraunean, eta, hala ere, trapua astintzea lortu zuen. Erakutsi zuten Alex Udabek, Diego Hermok eta Eder Duranek titularren pare direla, eta sekulako balioa dauka horrek. Titularrak izugarri onak izatea asko da, eta indar hori handitu egiten da halako ordezkoak edukita.

Beste bereizgarri bat ere izan zuen Kaikuren garaipenak: erakutsi zuen baliabide asko dituela estropadetan baliatzeko. Orain arte, estropada askotan, brankaz hautsi izan du estropada; beste egun batzuetan, ziabogetan atera die aldea aurkariei; beste hainbatetan poparean hautsi izan ditu estropadak, eta atzo, popareko lehen luzearen hasieran jo zien kolpea kontrarioei. Zerbaitegatik da onena, eta onenak baliabide asko izaten ditu. Kaikuk badauzka.

Garailearen inguruan, beste datu bat: ligako bigarren sailkatuari, Urdaibairi, hamasei puntu ateratzen dizkio. Kaikuren atzekoen arteko lehian, azkenaldian Hondarribia dabil indar- tsuen. Atzo, zaleen aurrean, hirugarren izan zen, ohorezko txandan bigarren egin eta gero. Tiran sartu zitzaion tartean, bigarren txandako garailea. Ez zuen oso aparte izan bandera, Kaikuk bi segundo baino ez zizkiolako atera. Azkeneko luzean, sei segundo kendu zizkion garaileari, eta galiziarrek erakutsi zuten beste behin ere izugarri ondo bukatzen dituztela estropadak. Joan zen larunbatean ere, Zarauzko lehen jardunaldian, bigarren izan zen, eta inor gu- txik hartu zuen kontuan, egun batekoa izan zitekeelako. Baina atzo ere puntan azaldu ziren, eta Urdaibairen eta San Juanen gainetik egon daitekeela erakutsi zuen. Ikusi egin beharko da gaur maila bera ematen duen, baina ezin da ukatu goranzko jauzia egin duela.

Camargo gerturatu zaio Oriori

Estropadako beste arretagunea sailkapenaren atzealdean egon zen. Camargok bederatzigarren egin zuen, eta Oriok hamabigarren. Hiru puntu jan zizkion ligako azken sailkatuak azken-aurrekoari. Orain, bost punturena da aldea, eta hiru estropada geldi- tzen dira.

Gaur, Pasai Donibanen,12:00etatik aurrera, erlojuaren aurka lehiatuko dira ontziak, eta zati bat kanalean izango dute, eta bestea itsasoan. Ligako sailkapenak zehaztuko ditu txandak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.