«Ligaren lehenengo zati honetan ez ditugu nahi genuen emaitzak lortu, baina taldea egoerari buelta emateko konfiantzaz gainezka dago». Horrela definitu du Alain Araña Ordizia errugbi taldeko kapitainak (Ordizia, Gipuzkoa, 2000) taldearen egoera. Ez da denboraldi hasiera samurra izaten ari gipuzkoarrentzat. Ligako bost jardunaldi jokatuta, sei puntu dituzte, eta azken-bigarren sailkatuak dira. Datozen lau partidak Espainiako Kopakoak izango dira, eta ligari urtarrilaren 11n berrekingo diote, Alcobendasen aurka, etxetik kanpo.
Goierriko taldeak entrenatzailea aldatu zuen joan den udan: taldean hiru urte zeramatzan Federico Eduardo Gallok, eta haren lekua hartu zuen Suso Romero espainiarrak. Arañaren ustetan, horrek ere izan dezake zerikusia taldeak izan dituen emaitzetan. «Aurten entrenatzaile berria daukagu, baita hainbat jokalari berri ere. Beraz, denbora behar izaten da entrenatzaile berriaren sistemara ohitzeko». Kapitainak adierazi duenez, azken bi partidetan nabaritu dute entrenatzaileak nahi duen joko hori egiten ari direla, baina sentipen «gazi-gozoekin» amaitu dituzte norgehiagokak, ondo jokatu arren «azken momentuan» galdu baitituzte.
Romerok proposatzen duen jokoan «konfiantza osoa» daukatela adierazi du Arañak, eta «edozein talderi» aurre egiteko gai direla uste dute. «Argi daukagu entrenatzaileak zer nahi duen, eta defentsa sendoa daukagu. Beraz, hortik abiatuta gauzak ondo egin ditzakegu; konfiantza osoa daukagu», adierazi du.
Gauzak horrela, ligako lehen bost partidetan gehienbat «iraunkortasunean» egin dute huts goierritarrek. «Partidek 80 minutu irauten dute, eta une batez partidatik at egoteak min handia egiten du. Partida osoan konstantea ez bazara eta maila ematen ez baduzu, partidak joan egiten zaizkizu; are gehiago maila handiko aurkarien aurka», zehaztu du Arañak.
Kopa, egoera iraultzeko
Urtarrilaren 11n ligari berrekin bitartean, Espainiako Kopako lau partida jokatu beharko ditu Ordiziak. Lehenengoa larunbatean jokatuko dute, Belenosen aurka. Datorren astean, berriz, Vrac ahalguztiduna izango dute parean. Gero, aste bateko atsedenaldia izango dute kopako azken bi partidei ekin aurretik: abenduaren 13an edo 14an Bartzelonaren zelaian izango dira, eta abenduaren 20an edo 21ean Las Rozas hartuko dute etxean. Arañaren ustetan, ligak izango duen etenaldi hau ondo etorriko zaie. Batetik, min hartuta dauzkaten jokalariak osatzeko, eta, bestetik, konfiantza hartzeko; liga hasten denean «dinamika positibo batean» egotea oso garrantzitsua iruditzen zaio kapitainari.
Ordiziarraren esanetan, orain garrantzitsuena taldea «bat eginda» mantentzea da. «Ordiziak ez du inoiz ligako talderik onena eduki, baina hainbeste urteren ondoren hor jarraitzen badugu, familia moduko bat garelako da; beraz, oso garrantzitsua da bolada txar hau izanda ere taldea batuta eta elkartuta mantentzea», nabarmendu du. Ziur dago lana gogotik eginez gero emaitza onak iritsiko direla eta egoerari buelta emango diotela.
«Oso garrantzitsua da bolada txar hau izanda ere taldea batuta eta elkartuta mantentzea»
ALAIN ARAÑA Ordizia errugbi taldeko kapitaina
Denboraldi hasieran ezarri zituzten helburuei erreparatuta ere, denboraldi zaila ari da izaten. «Denboraldia hasi aurretik taldekideak elkartu ginenean eta helburuez hitz egin genuenean, lehen sei sailkatuen artean egon behar genuela aipatu genuen. Batetik, hor egoteko maila daukagulako eta hor lehiatu nahi dugulako, eta, bestetik, horrek ematen dizun lasaitasunagatik». Izan ere, ligako lehen fasea amaitzean, bi multzotan banatuko dira talde guztiak. Lehen sei sailkatuak ligako txapeldun izateko borrokatuko dira ligaren bigarren fase horretan, eta azken bost sailkatuak, berriz, maila ez galtzeko lehiatuko dira. Lehen sei sailkatuen artean egoteko helburu hori «zaila» ikusten badute ere, baikor agertu da Araña: «Azken partidetako emaitzak kontuan izanda, ez da erraza izango lehen sei sailkatuen artean egotea, baina ez dugu ezezkorik esaten inolaz ere».
Hori lortzeko, kapitainaren ustetan erasoan jarri behar dute fokua datozen asteetan: «Ikusi dugu defentsan gogorrak garela eta ez daukagula aparteko arazorik, beraz, batez ere erasoan ari gara arreta jartzen, entrenatzailearen sistema berri hau lantzen». Horrez gain, azken partidak aztertu eta egindako akatsak zuzentzen saiatzen ari direla azaldu du.
Arañak liga «luzea» dela gogorarazi du, eta esperotako emaitzak lortu ez badituzte ere etxeko partidetan harmaila bete egin dela nabarmendu. «Eskertzekoa da hori, eta oraintxe bertan zaleei garaipen horiek zor dizkiegu». Kapitainak azken mezu argi bat helarazi nahi izan die zaleei: «Esan nahi diet jarraitzeko partidetara etortzen eta animatzen, argi baitaukagu garaipenak iritsiko direla eta hau aurrera aterako dugula».