Urteko txapelik garrantzitsuena ate joka du erremonteak, larunbatean hasi eta urriaren 3ra bitartean jokatuko baita buruz buruko txapelketa. Gaur egin dute aurkezpen ekitaldia, Txillida Leku museoan, eta bertan batu dira bost partaideak: Josetxo Ezkurra, Kemen Aldabe, Xabier Azpiroz, Endika Barrenetxea eta Aritz Juanenea. Dena den, aurkezpenean egon ez den erremontista bat izan da hizpide nagusia: Imanol Ansa. Oriamendi 2010 enpresak aste honetan jakinarazi duenez, urnietarrak ez du parte hartuko buruz burukoan, azken boladan enpresarekin izan duen «jarrera desegokiaren ondorioz». Iazko buruz burukoak pilotari handi baten hutsunea izan zuen, Javier Urrizak ez baitzuen jokatu, erretiroa hartu berri zuelako. Bada, aurten ere izar nagusietako bat faltako da: Ansa II.a. Kasu honetan, zigor bat dela eta.
Gaiari lotuta, azalpenak eman nahi izan ditu Xabi Gonzalez Oriamendiko kudeatzaileak. «Ez gara adostasunera iritsi Ansa II.arekin, eta buruz burukotik kanpo uztea erabaki dugu. Hark gauza bat pentsatzen du, eta guk bestea. Iaz hirugarren sailkatu zen txapelketan, baina horrek ez dio eskubiderik ematen aurten parte hartzeko». Gonzalezek zehaztu du zigorra soilik txapelketari begirakoa izango dela. «Ansa II.ak jokatzen jarraituko du, baina ez txapelketan. Alegia, jaialdiko lehen edo hirugarren partidetan ariko da. Dena den, gure ustez, garrantzitsuena ez da txapelketa nork jokatuko duen kontuan izatea, baditugu arazo larriagoak».
Erremontearen etorkizunaren inguruan mintzatu da enpresako kudeatzailea, eta itxaropen izpi bat azaldu du. «Gure helburu nagusia da erremonteak bizirik jarraitzea, eta horretarako lanean ari gara buru-belarri». Oriamendi enpresak urte hasieran jakinarazi zuen abenduaren 31n utziko diola zereginari. «Baikorrak gara aurrera begira. Pasa den astean EH Bilduko Rebeka Uberak gaia mahai gainera atera zuen parlamentuan, eta instituzioekin bilerak edukitzen ari gara etorkizunari begira. Esfortzu handia egiten ari gara. Horregatik, Ansa II.aren gaia baino gauza garrantzitsuagoak baditugu esku artean».
Bere aldetik, Ansa II.ak prentsaurrekoa egingo du bihar, Urnietako pilotalekuan, 11:00etan. Txapelketa jokatzeko eskubideari eutsiko dio, eta kantxan lortutako kirol merituei erreparatzeko eskatuko du. Haren arabera, Oriamendi enpresak hartutako erabakia «neurriz kanpokoa» da, eta normal lehiatu ahal izatea eskatuko du. Ansa II.ak «beti» erakutsi izan du konpromisoa erremontearen etorkizunaren alde, eta konponbidea lortzeko borondatea adieraziko du. Bide horretan, pilotaren munduaren bueltan dabiltzan hainbat pilotariren, pilotari ohiren eta kazetariren babesa jasoko du.
Kontuak kontu, etzi abiatuko da txapelketa, Ezkurra II.aren eta Aldaberen arteko partidarekin. Hain zuzen, Aldabek gaur bertan lortu du neurketa hori jokatzeko eskubidea, atarikoan Iban Larrañagari 30-16 irabazi baitio, Galarreta pilotalekuan. Ezkurra II.aren eta Aldaberen artekoa kanporaketa moduan jokatuko da, eta irabazlea multzoen faserako sailkatuko da. Irabazle horrek zain izango ditu iaz sailkatu ziren beste hirurak: Juanenea, Barrenetxea IV.a eta Azpiroz. Fase horretan lau erremontistak nor baino nor gehiago ariko dira, eta denek denen kontra jokatu beharko dute. Fase hau hilaren 15ean abiatuko da, eta irailaren 19an jokatuko da azken partida.
Txapelketako sistema azken urteetako bera izango da, eta partida galduta ere ahalik eta tanto gehien egiteak berebiziko garrantzia izango du. Zehazki, 30 tanto egiten dituenak lau puntu bilduko ditu. 29 eta 27 bitartean egiten dituenak, bi puntu, eta 26 eta 24 bitartean egiten dituenak, puntu bakarra. Punturik ez batzeko edota puntuak galtzeko arriskua ere izango dute erremontistek. Izan ere, 23 eta 17 tanto artean egiten dituenak ez du punturik batuko, eta 17 tanto baino gutxiago eginda galtzen duenak puntu bat galduko du. Ligaxkako lehen sailkatua zuzenean igaroko da final handira, eta bigarrenak eta hirugarrenak elkarren aurka jokatuko dute finalerdia.
Juanenea, erasanda
Juaneneak elastiko gorriari eustea izango du helburu. Txapelketa biribila egin ondotik, merezita jantzi zuen txapela iaz, baina aurten sasoi onenetik urrun dagoela aitortu du. «Urteko plangintzan buruz burukoa ongi prestatzea neukan buruan, baina apirilean lesio pare bat izan nituen, eta ez dut ia batere entrenatu». Hots, lesioak baino buruhauste handiagoak izan ditu azken egunotan. «Gure pilotari taldeak argitaratu zuen dokumentua ez nuen sinatu. Zergatik? Lehenago ere izan dituztelako beste arazo batzuk beste pilotari batzuek eta ez delako ezer egin izan. Zergatik orain bai? Jarrera horrekin ez nengoen ados, eta horregatik ez nuen sinatu».
Dena den, horrek ez du esan nahi Ansa II.a babesten ez duenik. Guztiz kontrakoa. «Ansa II.a oso laguna dut, eta nahi dut hark txapelketa jokatzea. Nire babes osoa dauka. Beste pilotari batzuekin batera, bulegoetara igo nintzen eskatzera Ansa II.ak txapelketa joka zezan. Nik txapela kantxan irabazi nahi dut». Juanenearekin batera, Aritz Zubirik ere ez zuen dokumentu hori sinatu, baina adierazi du babes osoa eskaintzen diola urnietarrari.
Juanenea ez ezik, txapelerako hautagai nagusia Barrenetxea IV.a izango da. Sasoiko dagoela adierazi du. «Azkenaldian emaitza onak lortzen ari naiz, eta helburua txapela irabaztea da. Hemezortzi urte daramatzat profesionaletan, eta gauza ederra litzateke hirugarrenez buruz buruko txapeldun izatea».