Oriamendi 2010 enpresak gaur aurkeztu du Jai Alai Summer Season erremonte txapelketaren laugarren ekitaldia, Donostiako Miramar jauregian, eta lehia horretan ariko diren erremontistek baino gehiago, ariko ez den batek bereganatu du arreta: Imanol Ansak. Izan ere, Oriamendik ez du aukeratu aurrelari urnietarra txapelketa hori jokatzeko.
Xabi Gonzalez Oriamendiko kudeatzaileak azaldu duenez, Ansa II.ak eta enpresak «zenbait desadostasun» izan dituzte azkenaldian, eta Ansa II.ak «zenbait ekintza» egin ditu «enpresak hartutako hainbat neurriren aurka». Ekintza horren ondorioz, ez dute hautatu Ansa II.a Jai Alai Summer Season txapelketa jokatzeko. Hala ere, Gonzalezek azpimarratu du ez dela zigor bat, eta ez diotela zigor espedienterik ireki. Horren harira, nabarmendu du ez dela «gustukoa» izan neurri hori hartzea, «balioa kenduko» baitio txapelketari, eta «gehiago hitz egingo baita Ansa II.aren hutsuneaz, txapelketaz baino».
Iazko ekitaldiarekin alderatuta, Aritz Zubiri ariko da Ansa II.aren ordez. Beste zazpi erremontistak iazko berberak izango dira. Hauek izango dira txapelketa jokatuko dute lau bikoteak: Endika Barrenetxea eta Zubiri; Xabi Azpiroz eta Iban Larrañaga; Beñat Segurola eta Josetxo Ezkurra; eta Aritz Juanenea eta Kemen Aldabe. Zortzi erremontistetatik bost postua aldatuta ariko dira: Barrenetxea IV.a, Azpiroz eta Juanenea atzelariak aurrelari ariko dira, eta Ezkurra II.a eta Aldabe aurrelariak, aldiz, atzelari. Zubirik, Segurolak eta Larrañagak baino ez dute jokatuko euren postuan.
Lehenbizi, ligaxka bat jokatuko dute, eta bikote guztiak elkarren aurka ariko dira. Uztailaren 11n, 16an eta 18an jokatuko dituzte jardunaldi horiek. Set formatuan jokatuko dituzte partida guztiak: lehen bi setak hamabost tantora izango dira, eta, hirugarren seta, beharrezkoa bada, zortzi tantora izango da. Bikoteek emaitzen arabera lortuko dituzte sailkapenerako puntuak: setetan 2-0 irabazten duen bikoteak lau puntu lortuko ditu; 2-1 irabazten duenak, hiru; 2-1 galtzen duenak, bat; 2-0 galtzen duenak, bat ere ez; eta bi setak kontuan hartuta hamabost tanto lortzen ez dituenari puntu bat kenduko zaio. Puntu gehien bildutako bi bikoteek jokatuko dute finala, uztailaren 25ean. 16:30ean hasiko dira jaialdi guztiak. Iaz, Aldabek eta Larrañagak irabazi zuten txapela, finalean Azpirozi eta Ansa II.ari nagusituta.
Bigarren urtez jarraian, Bigarren Mailako txapelketa ere jokatuko dute udan: Oriamendi txapelketa. Lau bikote hauek ariko dira: Mattin Arluziaga eta Aitor Aiestaran; Julen Deskarga eta Aritz Eskudero; Ugaitz Susperregi eta Joseba Goikoetxea; eta Paulo Aiestaran eta Jokin Ugarte. Sei jardunaldi jokatuko dituzte: uztailaren 11n, 16a, 18an, 25ean, eta abuztuaren 8an eta 15ean. Ligaxkako lehen sailkatua zuzenean sailkatuko da finalerako, eta bigarren eta hirugarren sailkatuek finalerdia jokatuko dute, abuztuaren 22an. Finala, berriz, abuztuaren 29an izango da. Iaz, Ander Goikoetxeak eta Aitor Aiestaranek irabazi zuten txapela, finalean Aimar Jabalerari eta Eskuderori gailenduta.