Albiste batek astindu du erremontea. Joxemari Barrenetxeak, Galarretako erremonte jarduna kudeatzen duen Oriamendi 2010 enpresako arduradun nagusiak, aste honetan jakinarazi du Oriamendik utzi egingo diola egiteko horri 2027an. Osasun arazoak direla-eta, erretiroa hartuko du Barrenetxeak, eta Xabier Gonzalezek, egungo kudeatzaileak, hartuko dio hari lekukoa. Hala ere, erabakia hartua dago: Oriamendik 2026an kudeatuko du azkenekoz Galarretako erremonte jarduna. Urte hori bukatutakoan utziko dio lan horri. 2010etik dabil zeregin horretan.
Barrenetxeak azaldu duenez, Oriamendik zenbait erakunderekin hitz egin du, eta, horiek agindu diete diruz lagunduko dietela. Oriamendiko arduradun nagusiak azpimarratu duenez, erakunde horiek hartu dituzten «konpromisoei eusten badiete», Oriamendik 2026an jaialdiak egiten jarraituko du Galarretan.
Gaur egun, 22 erremontista ari dira Oriamendin. Abenduaren 31ra arte dute guztiek kontratua. Barrenetxeak horiei guztiei azaldu die zein den egoera, eta, erremontistek lehen urratsa egin dute: agiri bat plazaratu dute. Oharrean diote Oriamendik hartutako erabakia dela-eta, gaur egun, Euskal Herriko erremonte profesionalaren etorkizuna «zalantzan» dagoela, eta «une erabakigarrian» daudela.
Erremontistek «argi eta garbi» adierazi nahi dute «guztiz konprometituta» daudela «erremontearen etorkizunarekin, gure kulturaren eta euskal ondarearen parte garrantzitsutzat jotzen dugun kirol honekin». «Erremontea ez da kirol hutsa, ohitura historikoa da, gure lurrean sakon errotua, eta Gipuzkoaren eta Nafarroaren identitatearen parte da. Hamarkadetan zehar, Hernaniko Galarreta pilotalekua izan da erremontearen katedrala, kirol honek ikusgarritasuna, emozioa eta harrotasuna eskaini dizkien milaka zaleren eszenatokia», azaldu dute.
Azpimarratu dutenez, azken hamabost urteetan, Oriamendirekin «elkarlanean» aritu dira, «norabide berean arraunean» eta haien «onena» emanez, helburu bakarra lortzeko: «gure kirol maite hau bizirik mantentzea».
Hori dela eta, «euskal erakunde publiko guztiei eta kirol zein kultura arloko eragileei» dei egin diete, 2027tik aurrera «erremonte profesionalaren jarraipena bermatzeko konpromisoa» har dezaten. «Gure borondatea erabatekoa da: elkarlanean aritzeko, negoziatzeko eta egokitzeko prest gaude, erremonteak etorkizun sendoa izan dezan».
Horren harira, «prest» daude interesa duen edozein erakunde, entitate edo pertsonarekin biltzeko, «erremontearen etorkizuna» lantzeko. «Ilusioak, pasioak eta konpromisoak batzen gaitu maite dugun kirol honekin. Erremonteak bizirik jarraitzea, eta euskal kirolaren eta kulturaren harrotasun eta erreferente izaten segitzea nahi dugu».