Arrauna. Eusko Label Liga

Orik mamuak uxatu ditu Zierbenan

'San Nikolas' izan da azkarrena olatuek baldintzatutako estropadan. Getaria izan da bigarren, bigarren txanda ikusgarria eginda.

Orioko arraunlariak arraunak altxata, gaur, Zierbenan. LUIS TEJIDO / EFE
Orioko arraunlariak arraunak altxata, gaur, Zierbenan. LUIS TEJIDO / EFE
Paulo Ostolaza.
2026ko uztailaren 5a
13:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Oriok kolpea eman du Zierbenan (Bizkaia). Atzo Urdaibaik aurrea hartu zion Bilbon, baina gaur amorratuta atera da San Nikolas, eta lehen paladetatik izan da nagusi ohorezko txandan. Gertu izan duen talde bakarra Getaria izan da, bigarren txandako garailea.

Estropada ederra jokatu dute traineruek. Barruranzko luzeetan olatu mordoxka hartu dituzte patroiek, ikuskizun bikaina eskaini diete arraunzaleei, eta emaitzetan ere izan dira ezustekoak.

Ohorezko txandan, Gorka Aranberri patroiak esan duen moduan, basurdeen moduan atera dira Oriokoak. Hasierako txanpan jada ontzi batetik gorako errenta atera diete arerioei, horri eutsi diote ziabogara arte, eta itzulerako luzean tartea handitu dute, olatuak baliatuta.

Estropadaren bigarren erdian, beste hainbeste: azkenean, Bermeori 13 segundo atera dizkio Oriok, Zierbenari 18 eta Donostiarrari 30. 

Ezusteko ugari

Bigarren tandan Getaria eta Hondarribia izan dira olatu artean ondoen moldatu direnak, eta, horri esker, laugarren amaitu du Ama Guadalupekoak, eta bigarren Esperantzak, Oriorengandik bost segundo eskasera.

Aipatzekoak dira Ondarroaren seigarren postua eta Chapelaren zazpigarrena ere, eta, txaponaren beste aldean, Donostiarraren bederatzigarrena. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA