Arrauna

Urdaibaik irabazi du Bilboko bandera, erakustaldia emanda

Hasi eta buka izan da nagusi 'Bou Bizkaia' ontzia, eta lau segundoren aldea atera dio Oriori, bigarren sailkatuari.

Urdaibaiko arraunlariak Bilboko bandera irabazi izana ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Urdaibaiko arraunlariak Bilboko bandera irabazi izana ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2026ko uztailaren 4a
20:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bigarren estropada, eta ezustekoa. Urdaibaik irabazi du Bilboko bandera, erlojupekoan erakustaldia emanda. Bizkaitarrek merezita astindu dute bandera preziatua, hasi eta buka izan baitira nagusi. Estropada buruan egoteak konfiantza eman die, eta dena eman dute bukaerara arte. Potoloa izan da saria: bandera. Orio izan da bigarren, lau segundora; Zierbena hirugarren, sei segundora; eta, Donostiarra laugarren, zortzi segundora.

Denboraldiko lehen estropadan erakutsi zuten Bou Bizkaia ontzikoek borrokarako prest zeudela. Hamar segundoko zigorra jarri zioten irteeran estatxa helduta ez izateagatik, baina, hala ere, laugarren egin zuten. Bada, gaurko estropadan, zur eta lur utzi dituzte guztiak, eta aurkari gogorra dela berretsi dute. Meritu handiko estropada egin du Urdaibaik, eta ontzi bakarra izan da lanak hogei minutu azpitik bukatzen. Hori aski ez, eta lau segundo atera dizkio Oriori.

«Neguan lan ona egin dugu, eta gaurkoa egundokoa izan da. Oso pozik gaude. Erreferentziak gure aldekoak ziren, eta adoretu egin naiz. Nire onena atera behar nuen besteena ere ateratzeko. Estropada ona egin dugu», esan du, hunkituta, Asier Zurinaga patroiak.

Estu hasi dute lehia ohorezko txandako ontziek, ezin estuago. Lau traineruen artean hiru segundoren aldea baino ez da izan lehen ziabogan. Eta nabarmentzekoa, hauxe: Urdaibai zihoan estropadaren buru, eta Orio laugarren, hiru segundora. Baina asko falta zen oraindik, eta edozer gerta zitekeen.

Urdaibaik gogor segitu du lanean, eta bigarren ziabogan ere, aurretik zen. Segundo batera zuen Orio, laura Donostiarra, eta bostera Zierbena. «Orain da unea», egin du oihu Zurinagak. Eta arraunlariek erantzun. Hirugarren ziabogan, lau segundo ateratzen zizkion San Nikolas faboritoari. Azken metroetan, argi esan du patroiak: «Bandera, bandera! Segi!». Eta halaxe izan da. Behin lanak bukatuta, Orioren zain egon behar izan dute, eta gipuzkoarrek amaitutakoan hasi da festa.

Zierbenak, berriz, azken luze ona egin du, eta, horri esker, hirugarren amaitu du. Azken ziaboga Donostiarrak baino segundo bat geroago eman du, baina, amaierarako, aurrea hartu dio. 

Hiru txanda, hiru lehia

Alde handia egon da gaur txanda batetik bestera: hiru txanda eta hiru lehia izan dira. Itsaslasterrak apaldu egin dira arratsaldeak aurrera egin ahala, eta aldeko izan dute hori ohorezkoan aritu direnek. Baldintzek nabarmen eragin dute, eta alde handia egon da denboretan. Ohorezko txandako irabazleak 19.56,20ko denbora egin du, bigarren txandakoak 20.24,54koa, eta lehen txandakoak 20.45,48koa.

Getaria izan da azkarrena bigarren txandan. Lortu du hasieratik ezarritako erritmoari eustea, eta hura izan da garailea. Leher eginda amaitu dute arraunlariek, baina jakinda esfortzuak saria izan duela. Lau segundo atera dizkio txandako bigarrenari, Ondarroari. Hala ere, argi esan du Martin Rekondo Getariako arraunlariak: «Besteak gertu ditugu; liga estu dago».

Hondarribiak, berriz, Getariak baino ia sei segundo gehiago behar izan ditu. San Juanek, ordea, ez du lortu erritmoari eustea. Estu hasi dute estropada: Getariak hiru segundo atera dizkio Ondarroari aurreneko ziabogan, lau San Juani, eta bost Hondarribiari. Eta estu segitu dute kontuek bigarren ziabogan, postuek berdin. Baina San Juanek txakalaldia izan du, eta hirugarren ziabogarako majo ari zen sufritzen. Txandako azkena egin du, Getariatik hamahiru segundora.

Lehen txandan, berriz, Chapelak nahi baino motelago hasi du estropada, eta hura izan da azkena lehen ziaboga ematen. Dena den, ez du amore eman, eta, arraunkera egokiarekin, lanak emateko ahala duela erakutsi du: erritmoa bizitu du azken luzean, eta bigarren egin du. Gainera, gertu izan du txanda irabazi duen Isuntza: 38 ehunen aldea baino ez dio atera. Hura izan da hasieratik ontzirik azkarrena.

Santurtzik goitik behera egin du. Ez da gaizki hasi, baina pattal bukatu du, eta azkena izan da. Hamar segundo atera dizkio Lekittarra ontziak. Azken luzeari ekiterakoan, bi segundo baino ez zizkion ateratzen Chapelak. Baina batak bizi-bizi egin du arraun, eta besteak ez.

Aresek ere Chapelaren aurretik eman du azken ziaboga. Lau segundoko aldea zuen, baina ez dio eutsi. Isuntzak baino ia bi segundo geroago amaitu du.

Bihar etxean ariko da Zierbena, han jokatuko baitute ligako hirugarren estropada, 12:20an (ETB1). Peio Lopez arraunlariak BERRIAri esan zionez, estropada eremu bihurria da Zierbenakoa. Beraz, baliteke ezustekoak egotea.

Deustu izan da azkarrena KAE 1en

KAE 1 ligako ontziek Donibane Lohizunen jokatu dituzte estropadak, eta Deustu izan da nagusi. Zortzi segundo gehiago behar izan ditu bigarrenak, Zumaiak; eta ia hamabost segundo gehiago hirugarrenak, Zarautzek. Hiru ontzi horiek lehia estua dute sailkapen nagusian. Deustu da lider, 46 punturekin, eta 43na puntu dituzte Zarautzek eta Zumaiak.

 

KAE 2 ligako traineruek, berriz, erlojupekoa jokatu dute Bilbon, eta aise irabazi du Castrok. Horretaz jabetzeko, denborak begiratu besterik ez dago: hogei segundoren aldea atera dio bigarren sailkatuari, Camargori. Hirugarren Deustuk egin du, eta Castro baino 44 segundo gehiago behar izan ditu lanak amaitzeko. 

 

Bihar, berriz, Zarautzen ariko dira KAE 1 eta ETE ligetako traineruak. Zarauzko bi taldeak etxeko bandera irabazten saiatuko dira. Oraintxe, ETE ligako lider da Zarautz, baina puntu bakarrera du Hondarribia.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA