Galiziako bi banderak eskuratuta itzuliko da San Nikolas ontzia etxera. Estu ibili dira gaurkoan, baina; atzo baino estuago. Ez dio erraz jarri Zierbenak, bizkaitarrek aurretik egin baitute estropada erdia. Baina, azkenerako, lau segundoren aldea lortu dute oriotarrek.
Bermeo eta Hondarribia ere ohorezko txandan aritu dira, baina bi garaileengandik aparte. Ika-mika handia izan dute, baina gipuzkoarrak gehiago izan dira azkenerako. Hondarribiarrek asteburua biribildu dute, eta gaurkoan ere hirugarren gelditu dira.
Getaria indartsu aritu da Bueun, eta bigarren txandako buru izan da. Haren ondoren heldu da Ondarroa, azken luzea Getariaren uberan egin eta gero. Lehen txandan Isuntzak muturra sartu du segidan, lehen estropada erdia azkar egin du-eta, eta zazpigarren geratu da. Donostiarra heldu da gero. Ares Getariarekin lehiatu da lehen txandan, eta galiziarrek ahaleginak eta bi egin dituzte Getaria harrapatzeko, baina ez da izan nahikoa gipuzkoarrak harrapatzeko.
Chapelaren eta San Juanen artean hasieratik egon da argi postuen hurrenkera. Bigarren ziaboga geldoa egin du Chapelak, eta horixe baliatu du San Juanek gerturatzeko. Hain zuzen, bigarren estropada erdi hobea egin dute Erreka ontzikoek, baina ez dute behar beste indar egin, eta hamaikagarren geratu dira. Bigarren txandan, Santurtzi are apalago ibili da, eta azken postuan geratu da.
Abuztuko bosgarren astean itzuliko dira gizonezkoen traineruak Galiziara: Boirora eta Aresera.