Ia dena irabazten ari denarentzat ez da erraza izaten erronka berriak topatzea. Gorka Aranberri patroiak ETBri kontatu dion moduan, ordea, Oriok bazuen bat gaur: lehen aldiz Lekeition (Bizkaia) irabaztea. Iaz ehuneneko gutxi batzuengatik egin zien ihes banderak, baina aurten San Nikolas izan da ontzirik azkarrena Lekeitioko uretan.
Oriok hasi eta buka menderatu du ohorezko txanda, baina aurreko txandetako irabazleen mehatxuari egin behar izan dio aurre uneoro. Baldintzak aldakorrak izan dira, haizea zertxobait oldartu da orduek aurrera egin ahala, eta Isuntzaren eta Donostiarraren lan onak sari handia izan zezakeela zirudien gaurkoan.
Ikusi gehiago
Azken ziabogan zazpi segundoko errenta zuen Getariarekiko, baina Donostiarraren denbora segundo bakarrean hobetu du puntu horretan, eta hiru segundotan Lekittarrarena. Laugarren luzean, ordea, Oriok beste behin ere erakutsi du ontzirik indartsuena dela, eta aurkarien denborak txikitu ditu. Helmugan zazpi segundo atera dizkio Donostiarrari, zortzi Isuntzari, hamar Zierbenari eta hamabi Getariari.
Parez pare
Eguneko xextra azken bi ontzi horien artekoa izan da. Getaria aurretik izan da estropada osoan zehar, baina azken luze bikaina egin du Zierbenak. Laugarren eta hirugarren kaleetan ziren bi ontziak, baina biek bigarren kalean amaitu dute, oso gertu, eta une batean arraunak jo ere egin dituzte. Hortik bateko eta besteko haserreak. Era batera edo bestera, atzetik aurrerakoa egin eta Zierbenak eskuratu du laugarren postua.
Sailkapenari dagokionez, nabarmentzekoa da Lekittarraren hirugarren postua, etxeko estropadan. Aresek ere, sailkapen nagusiko azken sailkatuak, bederatzigarren egin du. Txanponaren beste aldean, zazpigarren amaitu du Bermeok. Gaur ez da fin ibili Bou Bizkaia.