Zazpigarren bandera zakuratu du Oriok. Taldea iaz baino gorabeheratsuago dabil, baina, hala ere, hura da ontzirik indartsuena, eta horixe erakutsi du Santurtzin ere. Hasi eta buka izan da nagusi, eta merezita astindu du bandera. Zierbena izan da bigarren, ia hamabi segundora. Eta badago nabarmendu beharreko beste talde bat: Chapela. Seigarren egin du; hortaz, puntu ugari bildu ditu, eta arnasa eman diote.
Bigarren kalean egin du arraun Oriok. Eta kale horri eutsi dio joan-etorriko luzeetan. Ander Zabala arraunlariak kontatu duenez, arratsaldeak aurrera egin ahala baldintzak aldatu egin dira, eta, ez zekitenez kale bakoitza nola zegoen, eurenean arraun egitea erabaki dute: «Bagenekien estropada gogorra izango zela, fisikoa. Gure estropada egiteko asmoz atera gara. Oso indartsu atera gara, eta bukaeraraino eutsi diogu».
Hain zuzen, oldarkor hasi du estropada Oriok, bandera helburu. Estropada buruan jarri da, eta aurkariei aldea ateraz joan da pixkanaka. Gogor eta ederki egin du arraun, eta estropada bikaina egin du. Ez du aurkaririk izan. Zierbena saiatu da San Nikolasi ihes egiten ez uzten. Atzerago geratu dira Urdaibai eta Getaria. Bigarren ziabogan, bost segundo ateratzen zizkion Oriok Zierbenari, eta bederatzi Urdaibairi eta Getariari. Hirugarren luzean, gehiago sufritu dute azken bi ontzi horiek.
Txanda eta bandera nork irabaziko zituen argi zegoen: Oriok. Baita Zierbenak bigarren postua lortuko zuela ere. Baina azken luzeari ekiterakoan, dantzan zeuden hurrengo postuak. Estutu egin dute orduan Urdaibaik eta Getariak, eta, azkenean, haiek izan dira hirugarren eta laugarren: hirugarren Bou Bizkaia, Oriorengandik hamazazpi segundora, eta laugarren Esperantza, 21 segundora.
Bigarren txanda, berriz, Donostiarrak irabazi du. Hark lortu du Chapelaren denbora ontzea —lehen txandako garailea izan da Chapela—, baina ez beste inork.
Hain zuzen, pare-parean eman dute lehen ziaboga Donostiarrak, Hondarribiak eta Ondarroak. Eta bost segundora egin du maniobra Isuntzak. Itzulerakoan, aldea murriztea lortu du Lekittarrak. Donostiarrari eta Hondarribiari abisua eman die epaileak, Ondarroaren kale aldera zihoazelako, eta gertu zeudelako hiru ontziak. Antiguako Amak eutsi egin die beste bi traineruek piztutako suari. Lehia ikusgarria izan dute bigarren luze gogorrean.
Hirugarren luzean, aurretik jarri da Donostiarra, eta hiru segundoren aldea atera dio Hondarribiari. Pixkanaka, atzean geratzen hasi dira Ondarroa eta Isuntza. Batez ere, Lekittarra —azkenean, azken-aurreko postuan bukatu du—. Eta joera hori izan da amaierara arte. Azkenean, Donostiarrak irabazi du txanda, eta Hondarribiak ez du lortu Chapelaren denbora hobetzea.
Chapela, bikain
Lehen txandan, atzetik aurrera egin du Chapelak. Azkena eman du lehen ziaboga, baina, bazterretik arraun eginda, estropada buruan jarri da bigarren luzean. Apurka, aurkariei aldea atera die, eta lortu du horri eustea, baita areagotzea ere. Eta hain justu, luze horretan hasi da Ares atzean geratzen.
Egun gozoa izan da Galiziako ontzi batentzat, eta garratza bestearentzat. Sailkapen nagusian azken postuan zela ekin dio estropadari Chapelak, baina, Santurtzin egindakoari esker, aurrea hartu dio Aresi. Oraintxe, 31 puntu ditu Chapelak, eta 27 Aresek.
Gaur, Chapelaren atzetik, San Juanek eta Santurtzik parean eman dute azken ziaboga, lau-bost segundora. Baina azken luzean biziago aritu da Sotera, laugarren kaletik. Chapela baino ia zortzi segundo gehiago behar izan ditu lanak amaitzeko; jarraian, 11 segundora helmugaratu da San Juan, eta hemezortzira Ares.
Ibaian jokatu dute gaur estropada. Bihar, berriz, itsasoan arituko dira: Lekeition. Marea biziei egin beharko diete aurre traineruek. Orio asteburua biribiltzen saiatuko da, eta gainerakoak, hori eragozten.Â
Zarautz izan da azkarrena Ondarroan eta Pedreñan
L
ehia estua dute ETE ligan Zarautzek eta Hondarribiak, eta gaur ere parez pare aritu dira Ondarroan (Bizkaia) jokatutako estropadan. Azkenean, Zarautz izan da azkarrena. Hala ere, 29 ehunenen aldea baino ez dio atera Hondarribiari. Sailkapen nagusiari dagokionez, Hondarribia dago lehen postuan, 71 punturekin, eta Zarautz bigarren, 69 punturekin.Â
KAE 1 ligan ere Enbata ontziarentzat izan da garaipena; 20.52,91ko denbora egin du. Bigarrena, berriz, Zumaia izan da (21.06.53). Ligan Deustu dago lider, 113 puntu lortuta. Zarautzi puntu baten aldea ateratzen dio. ETE ligako ontziek atseden hartuko dute bihar. KAE 1 eta KAE 2 ligako traineruak, berriz, Santanderren arituko dira.Â
Â