Irekita zegoen lehia Kontxako Banderaren bigarren igandean, baina, espero zitekeen bezala, Oriok irabazi du, erakustaldia emanda. Joan den astean Donostiarra baino hiru segundo azkarrago bukatu zituen lanak San Nikolas ontziak, eta, lehen urratsa egin bazuen ere, ez zegoen ezer erabakita. Ezustekoa emateko gogoz zegoen etxeko taldea, baina ez du lortu. Orio nagusi izan da gaur, eta hamahiru segundoren aldea atera dio Donostiarrari —guztira, ia hamazazpi segundoren aldea kendu dio—. Orio da historian Kontxako Bandera gehien irabazi duen taldea, nabarmen: gaurkoa kontuan hartuta, 34 irabazi ditu.
Itzulerako luzean hautsi dute estropada oriotarrek. Gogor egin dute lan, eta bukaerako metroez gozatzeko aukera izan dute. Santa Klara uharte parera iristerako, bideratua zuten bandera. Amaitutakoan, estu besarkatu dute elkar arraunlariek, eta gogotik ospatu dute garaipena. «Kontxako Bandera irabazten dudan aldiro, azkena balitz bezala disfrutatzen dut. Oso pozik nago, gustura, batez ere taldearengatik. Aurrekoan presaka aritu ginen, eta Donostiarra oso ondo aritu zen. Gaur, ordea, bai: itxura oso ona emanda, merezimenduz irabazi dugu», esan du Gorka Aranberri patroiak. Hura da historian Kontxa gehien irabazi duen patroia: hamaika lortu ditu.
Torrekua II ontzia lanak emateko prest uretaratu da gaur ere, itxaropentsu. Bazituzten motiboak: hiru segundora zuten lehen postua, eta oso gutxi da hori. Beraz, dena emanda atera dira. Hasi eta berehala, erdiko kaleetara jo dute lau ontziek. Orio jarri da buruan, baina gertu segitu diote besteek: Donostiarrak, Zierbenak eta Hondarribiak.Â
Aurrera egin ahala, baina, tartea zabalduz joan da Orio. Donostiarrak bi segundora eutsi dio denbora luzez, baina, gero, palada gutxi eginda pasatu da lauzpabost segundora. Ziabogan, sei segundoren aldea zuen San Nikolas ontziak. Eta itzulerako luzean aldea zabalduz joan da, Kontxa bigarrenez jarraian irabazteko. Donostiarrak ausart egin du arraun, baina bukaeran txakalaldia izan du. Azkenerako, hirugarren amaitu du gaur, Urdaibairen atzetik —lehen txanda irabazi du—. Hori bai, sailkapen nagusian eutsi egin dio bigarren postuari.
Hondarribiak estropada bikaina egin du, eta laugarren amaitu du gaur, Zierbenaren aurretik. Kontrara, galipoak pattal aritu dira. Sailkapen nagusiari dagokionez, honela geratu dira kontuak: Orio txapeldun, Donostiarra bigarren, Zierbena hirugarren, Urdaibai laugarren, Hondarribia bosgarren, Getaria seigarren, Isuntza zazpigarren eta Ondarroa zortzigarren.Â
Urdaibai, ondo
Lehen txandan, lehia polita izan dute traineruek. Joaneko luzean Urdaibai jarri da buruan, baina atzetik segitu diote Ondarroak eta Getariak. Zertxobait atzerago geratu da Isuntza, baina ez askoz atzerago. Beraz, itzulerako luzean erabaki da lehia. Urdaibai aurkariak baino koska bat gorago aritu da, eta kontrolpean izan du txanda. Denborak hartuta, ohorezko txandan behar zukeen Bou Bizkaia traineruak, baina epaileek zigorra jarri zioten aurreko igandean, Hondarribiko ontziarekin gurutzatu zelako. Horiek horrela, bosgarren amaitu zuen. Gaur, aise irabazi du txanda, eta ez hori bakarrik, ohorezko txandan aritu diren hiru traineruk baino —Donostiarra, Hondarribia eta Zierbena— denbora hobea egin du.Â
Getariak ere lortu du aurreko asteko arantza kentzea, nolabait. Urdaibairen atzetik egin du arraun, sei-zazpi segundora hasieran, eta hamarrera gero. Azkenean, seigarren egin du. Lehen igandean baino askoz lehiakorrago aritu da Esperantza ontzia, eta lortu du sailkapen nagusian Isuntza aurreratzea, gutxigatik bada ere: sei ehunen aurretik geratu da. Ondarroa ere hobeto aritu da gaur, baina, lehengo igandean bezala, azken postuan amaitu du. Itzulerako luzean lehia estua izan du Isuntzarekin, baina zertxobait aurretik joan da Lekittarra, eta halaxe heldu dira helmugara.Â
Bigarren igandea
1. Orio. 19.35.96.
2. Urdaibai. 12,58ra.
3. Donostiarra. 13,86ra.
4. Hondarribia. 15,94ra.
5. Zierbena. 20.00ra.
6. Getaria. 24,32ra.
7. Isuntza. 30,44ra.
8. Ondarroa. 33,02ra.
Sailkapen nagusia
1. Orio. 39.27,56.
2. Donostiarra. 16,96ra.
3. Zierbena. 31,10era.
4. Urdaibai. 36,60ra.
5. Hondarribia. 39,28ra.
6. Getaria. 1.13,70era.
7. Isuntza. 1.13,76ra.
8. Ondarroa. 1.35,46ra.