Emozioa gainezka izango da datorren igandean Kontxako bigarren estropadan. Besteak beste, alde hurrik ere ez duelako eman lehenengo jardunaldiak. Ikusgarri eta ikaragarri joan da estropada, eta Zierbena nagusitu da. Zehazki, estropada Oriok irabazi du, baina, hiru segundoko zigorra jarri diotenez, Zierbenak lortu du lehen postua. Biek ala biek aparteko estropada osatu dute, hemeretzi minututik jaitsi baitute denbora. 18.56an egin ditu lanak Oriok, eta hiru segundo eskas gehiago behar izan ditu Zierbenak. Zigorrari esker, lehen postua lortu dute bizkaitarrek, eta datorren igandean hamar ehunenen aldea izango dute Oriorekiko. Urdaibaik eta Donostiarrak osatuko dute ohorezko txanda.
Zozketak hala erabakita, lehenengo txandan aurrez aurre egokitu dira Orio eta Zierbena, Urdaibai eta Getariarekin batera. Bada, estropada hasi aurretik lehen kolpea hartu du Oriok, zero kalean beroketa ariketak egiten jarduteagatik hiru segundoko zigorra jarri baitiote antolatzaileek. Burua hotz mantendu dute arraunlariek, eta ahalegindu dira estropadari ekiten ezer gertatu ez balitz bezala. Jo galanta erakutsi dute lau taldeek, eta abiadura bizian osatu dute lehen luzea. Orio eta Zierbena pare-parean ibili dira gehienean, eta denbora berean igaro dute ziaboga. Handik hobeto irten da Bizkaiko taldea, eta bi segundoko tartea ireki du. Dena den, ez dio erritmoari eutsi, eta pixkanaka aurrea hartuz joan da Orio.

Santa Klara uhartearen ingurua izan da gakoa. Mendebaldeko haizea saihesteko, bosgarren kalearen bila jo du Oriok, eta asmatu du. Eroso sentitu dira arraunlariak, eta euren onena emateko modua izan dute. Bukaerako metroetan ontzi baten aldea atera diote Zierbenari, hiru segundo ingururena, eta helmugan ere argazki horixe nagusitu da. Orio aurretik, eta ontzi batera Zierbena. Antolatzaileek berehala jakinarazi dituzte denbora ofizialak, eta, zigorra dela medio, Zierbena kokatu dute aurretik, hamar ehunenen aldearekin. Urdaibaik ere lan dotorea osatu du txanda horretan, sei segundo soilik galdu baititu, eta ohorezko txandan izango da datorren igandean.
Gorka Aranberri Orioko patroiak amorrua adierazi du estropada amaieran, baina ez dio inolako aitzakiarik jarri zigorrari. «Zigorra onartu egin behar da, eta kito. Ez daukagu ezer esateko. Saiatu gara burua hotz izaten, eta uste dut lortu dugula. Sekulako denbora egin dugu. Hamar ehunenen aldea ez da ezer, eta badakigu datorren igandean irabazten duenak eramango duela bandera. Beraz, alde horretatik, lasai gaude». Urdax Antegara Zierbenako arraunlariaren analisia ere horixe izan da: «Datorren astean irabazteak balioko du, baina beti da ona aurretik egotea. Horrek balioko digu geure buruarengan sinesteko eta konfiantza izateko. Gozatzeko astea datorkigu, eta ahalik eta ondoen prestatuko gara».

Bigarren txandak ez du lehenarekin inolako zerikusirik izan. Lau traineru lehiatu dira: Lakittarra, Hondarribia, Donostiarra eta San Juan. Lehen luzean asko sufritu dute laurek, eta ez dute denbora onik egin. Pentsa: Getariak oso gertu izan du ohorezko txandarako sailkatzeko eskubidea. Dena den, itzulerakoan aparteko estropada osatu du Donostiarrak. Naturaren indarra baliatuta, denbora nabarmen hobetu du, eta azkenean laugarren sailkatu da. Hondarribia ere duin aritu da. Kontuak kontu, ikustekoa izango da datorren igandean Orio eta Zierbenaren arteko lehia. Gaurko denborak ahaztu eta estropada irabazteak soilik balioko du.
Sailkapen nagusia
- Zierbena. 18.59.26
- Orio 0.10era
- Urdaibai 6.18ra
- Donostiarra 15.80ra
- Getaria 20.86ra
- Hondarribia 22.60ra
- San Juan 35.46ra
- Lekittarra 43.60ra